«Guk barrutik ezagutzen dugu osasun publikoa. Bere abantailak eta aukerak». Jesus Berjon Nafarroako Ospitale Guneko kardiologoaren hitzak dira. Osasun publikoa «kolokan» jartzen ari direla salatu du, eta medikuarengana joategatik ordaintzeko aukera indarra hartzen ari dela. Medikuek, berriz, argi dute: «Hori ez da irtenbidea». Osasun publikoa «iraunkorra eta eraginkorra» dela esan du Berjonek, eta lehen mailako arretako 140 medikuren eta 70 espezializazio medikuren atxikimendua jaso dute. Gaixoa osasun zerbitzuen erdigunean jartzea proposatzen dute medikuek, eta politikariekin, osasun profesionalekin eta herritarrekin «aliantza global bat» egitea nahi dute.
«Osasun publikoa indartu eta garatu behar dugu», esan du Javier Abad Nafarroako Ospitale Guneko medikuak. Sendagileen aspaldiko solasaldietan osasun publikoaren gaia egon dela aitortu du Abadek, eta, ondorioz, askoren iritziak antzekoak direla konturatu dira. Hortaz, «aliantza globala» deitutako proposamena egitea erabaki dute. Bertan, osasun publikoaren etorkizunerako egin beharreko urratsak eta neurriak azaldu dituzte.
Osasun publikoaren «iraunkortasunerako» politikarien, osasun profesionalen eta herritarren laguntza behar dela esan dute. «Guztien koordinazioa behar dugu». Politikariek «eraldaketak» egiteko behar den guztia eskaini behar dutela uste dute, eta, horretarako, «ados» jarri behar dutela dio Abadek. «Gure gaixoen beharrak kontuan izanda, osasun publikoa etengabe hobetzeko lan egin behar dugu». Osasun zerbitzuetako profesionalei egiten dieten eskaria da hori. Herritarrek osasun publiko bat «exijitu» behar dutela eta euren gaixotasunen inguruko «ezagutza» izan behar dutela nabarmendu du Abadek.
Osasun sistema «eraginkorra» izateko zenbait erreforma proposatu dituzte medikuek. «Erreforma sinpleak dira. Horretarako, arazoaren nukleora jo behar da. Politikariek proposatzen dituzten erreformetan ekonomiari bakarrik begiratzen diote», adierazi du Berjonek.
Lehen mailako arretako medikuak espezializaziokoekin koordinaturik egon behar dutela dio Abadek. Espezializazio zerbitzuetan «errotik» egin behar da erreforma, Berjonen ustez. Gaixoak artatzeko «beharrezkoak ez diren» kontsultak» desagertzea eta teknologia «ezinbestekoa» denean erabiltzea proposatzen dute, besteren artean. Gainera, erizainei «haien lanpostuen araberako zereginak ematea» eskatzen dute. Sendagaien arloan erreforma egitea nahi dute: «Herrialde gehienetan generikoak gailentzen dira, eta asko aurrezten dute».
Hala, administrazioaren jarrera salatu dute: «Osasun arloan diru falta dagoenean, soldatak jaistea edo langilea kaleratzea proposatzen dute. Baina hori ez da irtenbidea», adierazi du Abadek. Hori dela-eta, konponbidea sistema eraldatzea dela dio.
Medikuek diote osasun arretagatik ordaintzea ez dela bidea
Nafarroako Osasunbideko zenbait profesionalek osasun publikoa indartzeko beharra aldarrikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu