Drogak

MDMA pastillak direlakoan, PMMA atzeman du Ai Laket! elkarteak

Toxikotasun oso handiko droga bat dela ohartarazi du, eta 2015ean zenbait pertsona hil zirela Europan hori hartuta.

Ai Laket! elkarteak zabaldu duen pastillaren irudia. BERRIA
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 29a
16:25
Entzun

Ai Laket! elkarteak jakinarazi duenez, «toxikotasun oso handiko» sustantzia bat atzeman dute droga test batean. Azaldu duenez, MDMA delakoan PMMA izan dezaketen pastilla bat da aztertutakoa. Laborategiko emaitzen zain daude, baina lehen analisiak emaitza hori eman du. Elkarteak azaldu du PMMA oso droga arriskutsua dela MDMA bezala hartzen bada. «Kontu handiz ibili», ohartarazi du.

Sare sozialetan azaldu duenez, para-Metoximetanfetamina edo 4-metoxi-metanfetamina da PMMA, eta 2015ean Europan zenbait pertsona hil ziren hori hartuta. Ai Laket!-ek gogorarazi du duela zazpi urte Supermanen ikurra zuten pilula batzuetan saldu zela PMMA (behean). Orain aztertu duen pilulak, berriz, ez du horrelakorik; zentimetro erdiko pastilla bat da (ikusi goiko argazkia).

Arrisku murrizketarako droga erabiltzaile eta erabiltzaile ohien elkartearen arabera, ordea, pastillak aztertzea da modu bakarra PMMA duten jakiteko. Forma, kolorea eta tamaina ez dira erabakigarriak jakiteko zer duten pilulek.

MDMAk baino indar handiagoa du PMMAk. «Informazio asko dago PMMAren toxikotasunaren inguruan, eta 50 miligramotik gora kontsumituta ospitaleratzea dakar. 400 eta 500 miligramoko dosiak hilgarriak dira, betiere, pertsona bakoitzaren eta kontsumitzeko moduaren arabera», dio Ai Laket!-ek.

Ai Laket!-ek Oñatin (urriaren 1ean), Arrasaten (7an), Basaurin (8an) eta Durangon (15ean) egingo ditu hurrengo testak kalean. Gasteizen ostiralero dute drogen analisia egiteko toki finko bat, Errementari kalean, 43. zenbakian. Bilbon eta Donostian laginak emateko aukera ere bada, postaz edo 607523424 telefono zenbakira deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.