Etxebizitza

Maurizia noiznahi indarrez hustua izateko arriskuan da

Uxerrak aktan jaso du Maurizia proiektuko kideek uko egin diotela okupatutako eraikinetik ateratzeari. Hemendik aurrera, prefetak indarrez kanporatzen ahal ditu.

Maurizia proiektuko kideak, joan den asteko prentsaurrekoan. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko maiatzaren 25a
11:29
Entzun

Baionako Lesseps kaian eraikin bat okupatua duen Maurizia proiektua kanporatze arriskuan dago. Uxerra bertaratu da gaur arratsaldean, lehen kanporatze aginduarekin, eta okupatzaileei eskatu die beren baitarik ateratzeko eraikinetik. Maurizia proiektuko kideek aginduari uko egin diotela jaso du akta batean, eta prefetari helaraziko dio. Hark noiznahi erabaki dezake Maurizia indarrez kanporatzea.

Maurizia proiektua bultzatu dutenek joan den astean jakinarazi zuten Santa Ursula karrikako 16. zenbakian eraikin bat okupatu zutela. Ekintzaileen hitzetan, 2015etik hutsa da egoitza. EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoak erosiak ditu lurrak, Euskal Hirigune Elkargoarentzat. Okupatzaileek adierazi dute alokairu kontratu bat egiteko asmoa dutela jabearekin, eremu horretarako instituzioek aurreikusia duten proiektua gauzatu bitartean eraikina erabiltzeko baimena izan dezaten. Izaera soziala eta kulturala izanen dituen proiektu bat aurkeztu dute. Baina ez EPFLek, ez Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ez dute haiekin elkartu nahi izan.

Maurizia proiektuko kideen arabera, botere publikoek Plateau Urbain enpresarekin kontratua egin dute Lesseps kaian diren eraikin hutsak kudeatzeko. Kooperatiba horrek bitartekaritza lana egiten du eraikin hutsen jabeen eta «proiektu eramaileen» artean. Elkarteekin, start-up gisako enpresekin, ekonomia zirkularreko enpresekin eta artisauekin lan egin ohi du, metro karratuko alokairu bat emanez. «Metro karratua 13 eta 20 euro artean eskaintzen dute. Mauriziarentzat 15.000 euro lirateke hilabetean. Guk dohainik eskaintzen dugu lekua», salatu dute Maurizia proiektuko kideek. Plateau Urbain enpresako komunikazio baieztatu du botere publikoekin «kontratua sinatua edo sinatzekotan» direla, proiektua zer izanen den zehaztu gabe; «guretzat ere berria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.