Louis Labadot Mauleko auzapezak poesiaz eta ironiaz abiatu du hainbeste igurikatua zen herriko kontseilua. Martxoaren 10ean Kontuen Auzitegiko eskualdeko ganberak publiko egin zuen txosteneko azterketaren arabera, bost milioi euroko zorra du Zuberoako hiriburuak. «Ortzantza zeru zohardian: aspaldian laban luzeak zorrozturik honen beha zirenei plazer egin die; segidan jakin izan dute erruduna nola izendatu», adierazi du Labadotek. Auzapezak hedabideen eta oposizioko kideen «errabia» salatu du, eta 45 bat minutuko monologoari ekin dio, bere analisia garatzeko eta erantzukizuna auzapez ohiari egozteko.
Kontuen eskualdeko ganberak hiru elementu azpimarratu ditu halako zorrak esplikatzeko. Lehenik, «finantza informazio desegokia eta fidagarriak ez diren kontuak»: herriak gaizki kudeatzen dituela bere gastuak, ez dituela bere ondasunak ongi ezagutzen eta frogatutako arriskuen kontrol eskasa duela. Bigarrenik, kontsideratu dute «finantza ibilbide ahuldu» bati jarraikitzen diotela, adibide harturik milioi bat euro baino gehiago kostatu zaien zango baloirako zelai sintetiko baten eraikitzea. Azkenik, erran dute ez dela errespetatua herriko langileei urteko 1.607 lan oren betetzeko inposatzen zaien behar legala.
Zorraren neurria azaltzeko, zenbakietan sartu dira zehazkiago: «2023an, aurrekontu nagusiak bakar-bakarrik kasik hogei kreditu jasotzen ditu; guztira 4,3 milioi euro. Denera, zorra 5 milioi euro ingurukoa litzateke; 2023tik goiti, herriak hamabost urte baino gehiago beharko lituzke zorretarik salbatzeko. Datu horiek adierazle kezkagarria osatzen dute».
Agerriaren aztarnak
Michel Etxebest auzapez ohi eta oposizioko kideari zuzendu zaio lehenik Labadot. Etxebestek txostenari erreakzioz hedatu zuena oroitu du. Honela erran omen zuen: «Kudeaketa katastrofikoa ikusita, biziki kezkaturik, Kontuen Auzitegiak Mauleko egoeraren aztertzea erabaki du». Erantzun gisa, Labadotek azterketa hori abiatzea bultzatu zuen «lehen arrazoia» aipatu du: «Agerria tokiko ekonomia mistoko enpresaren egoera ahuldua, zeinaren defizita 4,5 milioi ingurukoa baitzen 2020an»; Etxebestek buruaz ezezkoa eginez erantzun dio.
Ikusi gehiago
Txostenean berean zehaztu dute Agerriako proiektuaren zailtasun finantzarioei hertsiki lotua dela herriaren finantzak aztertu izana. Monasterio ohia da Agerria: hura hotel bilakatzea erabaki zuten 2010ean, Etxebest auzapez zela, hain zuzen ere. Urteak aitzina, hainbat mailegu egin zituzten, baina, azkenean, enpresa likidatu zieten, eta Euskal Hirigune Elkargoak erosi zuen egoitza.
«Hamabi urtez egon gara herria kudeatzen, eta sekula ez diogu azterketa bati buru egin behar izan»
ARMANDA ACCOCEOposizioko hautetsia
Labadotek hitza oposizioko kideei utzi dielarik, Etxebesten zerrendako Armanda Accoce mintzatu da, biziki labur, eta hala ondorioztatu du: «Hamabi urtez egon gara herria kudeatzen, eta sekula ez diogu azterketa bati buru egin behar izan».
Lan denbora ez beteak
Beñat Elkegarai oposizioko Aitzina Maule zerrendako kideak ere Etxebesten agintaldiko ardura aitzinera eraman du, Accocek errandakoen kontra eginez. Eta Labadoti zuzendu zaio gero: «Ikusten dut kritikatzen nauzuela egin dituzuen inbestizamenduak aipatu baititut prentsan, baina, nik oroitzen dudanaz, horien kudeaketa dut kritikatu. Eta, gisa berean, erraten duzuelarik herriko langileen lansaria igo izana kritikatu dudala... Etsai egin nahi gaituzue; aldarri sozialen etsai, batez ere».
Afera zera da, berez herriko langileek 1.607 oren bete behar dituztela eta hori baino gutiago egiten dituztela. Baina Labadotek argi du «horrekin ez dutela gibelera eginen». Erdiespen sozialak atxikiko dituztela erran du, zehazturik egunerokoan, «lau minuturen aldea dela lanaldian». Eta, gisa berean, argiki zehaztu nahi izan du kontuen egoera ikusirik ere aitzinera eraman dituzten proiektuak asumitzen dituela, hala nola zango baloirako zelai sintetikoa eta Maule Gaineko auzoko plazaren berritzea. «Bestela bulegoan zorrak orekatzearen zain egotea litzateke, proiekturik gabe. Beste hautu hori egin izana asumitzen dut».