Mauleko hiltegian kamerak jarri zituztenek 9.500 euroko isuna ordaindu beharko dute

Prokuradoreak 10.000 euroko isuna eskatu zuen L214 talde animalistaren aurka. Bideoak grabatu eta zabaltzeagatik langileen pribatutasuna urratu izana egotzi zieten.

Mauleko hiltegia, artxiboko irudi batean. L214 taldeak 2016ko martxoan zabaldu zuen hango tratu txarrei buruzko bideo bat. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko azaroaren 18a
15:32
Entzun

Paueko (Okzitania) Auzitegiak jakinarazi du, guztira, L214 elkarteak 9.500 euro ordaindu beharko dituela: 5.000 euroko isuna eta 1.500 euroko kalte-ordainak hiru parte zibilei. Brigitte Gothiere elkarteko bozeramaileak jakinarazi du "segur aski Dei Auzitegira" joko dutela; "erabaki bidegabea" delako, haren hitzetan.

Mauleko hiltegian animaliei tratu txarrak ematen zizkieten susmoarekin, L214 taldeak ezkutuko kamera batzuk ezarri zituen 2016ko martxoan. Irudi gogorrak grabatu zituzten: besteak beste, hiltegiko langileek nola jotzen zituzten arkumeak eta txahalak. Abereak buruz behera ezartzen zituzten, hil baino lehen, eta arkumeak noraezean ageri ziren; haietako bat makina batek nola laurdenkatzen zuen ere ageri zen irudietan. Kamerak ezkutuan jartzea egotzita, taldea bera epaitu zuten joan den urriaren 14an, Pauen (Okzitania). Prokuradoreak 10.000 euroko isuna eskatu zuen.

Kamerak jarrita langileen bizitza pribatuan sartu direla egotzi zieten talde animalistako kideei, eta hala epaitu zituzten. Prokuradoreak bi delitu aipatu zituen taldearen kontra. Batetik, bideokamerak utzi izana Mauleko hiltegira sartzea lortu zuen pertsonaren esku —taldeak beti ezkutuan izan du zeinek jarri zituen kamerak, eta, beraz, ez dira pertsona hori epaitzen ari—; bestetik, grabatutako bideoak babes neurririk gabe zabaldu izana, langileen aurpegiak estali gabe. Hiltegiko langileen pribatutasuna urratu izana egotzi diete.

Lehen epaiketa

Gisa horretako lehen epaiketa du L214 talde animalistak. Hala ere, Maulekoa ez ezik, beste hiltegi batzuetako irudiak ere grabatu zituzten. 2017an, adibidez, Houdango (Frantzia) hiltegian militante batzuk atzeman zituzten, kamerak gordetzen, eta elkartea isuna pagatzera kondenatu zuten, gibelapenarekin —ez zuten isuna pagatu behar izan, baina ordaindu beharko dute beste delitu batengatik zigortuz gero—.

Hain justu, L214 taldeak grabatutako irudietan oinarrituta, Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari eta langile batzuei zigorra ezarri zieten iaz, «engainua» eta «beharrik gabeko tratu txarrak» ematea leporatuta. Izatez, zigorrik gogorrenak «engainuari» buruzkoak ziren; hiltegiak labela zuen, eta hainbat kontutan neurri egokiak ez hartzeagatik zigortu zituzten arduraduna eta langileak, tratu txarrengatik baino gehiago. Zuzendariari sei hilabeteko zigorra jarri zioten, gibelapenarekin —ez zen espetxera joan—.

Mauleko hiltegiko irudiek eskandalu handia eragin zuten, eta Euskal Herritik kanpo ere eduki zuten oihartzuna. Frantziako Gobernuak iragarri zuen neurriak hartuko zituela animaliek hiltegietan tratu txarrik jasan ez dezaten, eta, hain zuzen ere, kamerak jartzeko aukera aipatu zuen. Mauleko auzapezak hiltegia itxi zuen, behin-behinean. Zabalik dago gaur egun, arauak berrituta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.