Naziengandik askatu izana oroitu dute, eta eskuin muturraren goraldiaz ohartarazi

Maule naziengandik askatu zutenetik 80 urte bete ziren atzo, eta borrokatu zirenak omendu zituzten.

Garaiko jantziekin oroitu dute duela 80 urte alde egin zutela naziek Mauletik. GUILLAUME FAVEAU
Garai hartako jantziekin oroitu dute duela 80 urte alde egin zutela naziek Mauletik. GUILLAUME FAVEAU
julene muruaga
2024ko abuztuaren 11
05:00
Entzun

80 urteko jauzia egin zuten atzo goizean Zuberoako hiriburuan. Hain zuzen ere, 1944ko abuztuaren 10ean, egun honetan, erresistenteek Maule naziengandik askatu zuten. Askatasunaren alde borrokatu zirenei omenaldi bat egin zieten Mauleko Gazteluaren Adixkideak elkarteko kideek, Mauleko Herriko Etxearen aitzineko hilen oroitarriaren aitzinean. Louis Labadot Mauleko auzapezak ohartarazi zuen eskuin muturra goraldian dela 80 urteren ondoren.

10:50ean hasi zuten omenaldia Maule herri barneko kaleetan. Jeu de Paume karrika zeharkatu zuten elkarteko parte hartzaileek, desfile bat eginez, okupazioaren garaiko elementuak erabiliz. 1940ko hamarkadako jantziak soinean, auto zahar beltz batekin eta lehengo mobileta eta bizikletekin arribatu dira hilen oroitarriaren inguruan. 11:00etan ttanko hasi zuten omenaldi zeremonia: parte hartzaileak bildu ziren, oroitarriari so, Frantziako banderak eskuetan, eta urdin-zuri-gorri koloredun xingolak soinean. Elkarteko kideak, jendarmeriako ordezkari bat, hautetsiak, auzapeza eta La Mauleonaise musika taldea elkartu ziren egun hori ospatzeko.

«1944ko abuztuaren 10a. 2024ko abuztuaren 10a. Gaur, Mauleren askapenaren 80. urtea da. Elizegi Pierre, Fort Adrien, Hourcade Jean-Pierre, Lopez Jean, Zamalbide Arnaud...». Horrela hasi zen Labadot Mauleko auzapeza naziengandik askatzearen alde borrokatu ziren zuberotarren izenak zerrendatuz. Maule 1944ko abuztuaren 15ean askatu zen; egun hartan, tropa alemaniarrak Mauletik joan ziren. Baina 10ean ospatzea erabaki dute Mauleko Gazteluaren Adixkideak elkarteko kideek, data horretatik aitzina Zuberoako bi makiek okupatzaileen aurkako ekintzak egin zituztelako.

Labadotek azaldu zuenez, okupazioa hasi zelarik 1942an Ipar Euskal Herrian, bi garnizio plantatu ziren Zuberoan, Maulen eta Atharratzen. Okupazio horren aitzinean, Maule inguruetako bortuetan hiru maki sortu ziren –Bigarren Mundu Gerran Frantziako erresistentziako gerrillariak biltzen ziren toki ezkutuak–. Bat Baxenabarrean, Lartzabalen, eta beste bi Zuberoan, Altzürükün eta Ospitalepean. Orotara, 200 bat biztanle elkartu ziren bi maki zuberotar horietan. Abuztuaren 10etik aitzina, 50 bat soldadu alemaniar gelditzen ziren Maulen, eta haien aurkako ekintzak egin zituzten makiek, hilaren 10ean, 11n, eta 12an. Ekintzei erantzuteko, alemanek hegazkinen bidez Maule bonbardatu zuten. Baina abuztuaren 15ean ofizialki atera ziren alemanak Mauletik, Toulonen lehorreratzearen ondorioz. Atharratzek, berriz, abuztuaren bukaerara arte itxoin behar izan zuen alemanak ateratzeko.

Mendi estrategikoak

Mintzaldia emozioz betea entzun zuen Francoise Hardoi atharraztarrak. Hain zuzen ere, berak garai hura ez bazuen ezagutu ere, omenaldiak hunkitzen du, haren ama ahal zuen heinean erresistentzian aritu izan baitzen, iheslariak kukutu edo muga zeharkatzen lagunduz. «Gaur 102 urte ditu, eta oraindik etengabe kontatzen digu garai hori. Ikusten da anitz markatu duen garai bat izan dela. Beti erraten digu anitzek hori egiten zutela, biztanle gisa betebehar baten gisan ikusten zutela». 

Hardoien ama ez da bakarra izan; preseski, Zuberoa leku estrategikoa izan zen iheslariek muga zeharkarazteko. Mugalari funtzio handia izan zuen, milaka errefuxiatu pasatu baitziren, horien arteko asko juduak, naziengandik ihesi.

«Amak 102 urte ditu, eta oraindik etengabe kontatzen digu garai hori. Ikusten da anitz markatu duen garai bat izan zela. Esaten digu biztanle gisa betebehar baten gisan ikusten zutela» Francoise HardoiMaki baten alaba

80 urte pasatu dira liberatzeaz geroztik, baina «ezin ditugu begiak hetsi egungo egoeraren aitzinean» azpimarratu zuen Labadotek, bere mintzaldiaren bukaeran; bereziki, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian eskuin muturrak izandako goraldiari begira. «Ez da ahantzi behar Hitler demokratikoki iritsi zela boterera. Denen artean erran dezagun: nehoiz gehiago ez!», oroitarazi zuen plazan zirenen aitzinean. Gaur egun munduan zehar diren gatazkei sostengua emanez finitu zuen, eta preseski aipatu zituen Ukraina, Yemen, Sudan, Gaza eta Zisjordania.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.