Maule ezkerrera itzuli da

Lehen itzuliko emaitzak baieztatu dira bigarrenean, eta Louis Labadot zerrenda zabal baten buru den komunista izanen da auzapeza, bozen %40,35 eskuraturik.

Louis Labadot, botoa ematen. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2020ko ekainaren 28a
21:37
Entzun

Hiru hautagai ziren Zuberoako hiriburuan bigarren itzulirako, lehenean bezala: azken bi agintaldietan auzapez izan dena, Mixel Etxebest (%38,24); Louis Labadot auzapez berria (%40,35); eta EH Bai alderdiak sostengatzen zuena, Beñat Elkegarai (%21,41). Historikoki ezkerrekoa zen Maule, Mixel Etxebest 2008an herriko etxera heldu arte, Frantziako Alderdi Sozialistako bi auzapez izan baitziren agintean urte luzeetan. Auzapez berria komunista izanen da, beraz, nahiz eta Union Citoyenne (Batasun Herritarra) zerrenda ireki gisara aurkeztu zuten hasieratik. Kausitu emaitzarekin, Louis Labadot eta haren zerrendakideek gehiengoa ukanen dute Maulen herriko 17 aulki eskuraturik; Mixel Etxebesten zerrendakoek lau aulki lortu ditu, eta Beñat Elkegarairen zerrendak bi, orain arte bakarra zuelarik.

Oposizioan ziren Labadot eta Elkegarai azken agintaldian, eta biek salatu dute, kanpaina hasi denetik, "gardentasunik gabeko" Etxebesten kudeaketa, besteak beste Agerria hotelaren edo bidean den espartinaren etxearen xedearen kasuetan preseski. Bi itzulien arteko kanpainak luze jo du koronabirusaren testuinguru berezian, eta hautagaien arteko lehia gogorra izan da; Mauleko gutun kutxetan eskuorriak banatuak izan dira, eta Mixel Etxebestek salatu du bere izena eta bere zerrendakide batena laidoztatuak izan direla "kanpaina joko horretan". Labadoten zerrendaren kontrako salaketa ezarri duela ere jakinarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.