«Aztertu eta zalantzei buruz galdetu» nahi izan zuen lehengo ostegunean Hondarribiko EH Bilduk (Gipuzkoa) udalbatzarrean, hizpide hartuta irailaren 8an herrian alarde baztertzailea egin ahal izateko Hondarribiko Udalak Alarde fundazioari eman zion baimena. Gaitzetsi zuten iragan urteotan ez zaiela inoiz erreparatu baimen gisara udalak eman dituen dekretuen herrenei, eta bidea urratu nahi izan zuten, aurten emandako baimena puntuz puntu aztertuta. Euskarazko testuan atzeman zituzten okerrei erreparatu zieten aurrena: hizkuntzaren inguruko jarrera «lotsagabe» baten emaitza dela uste dute. Mamira begira, argi dute dekretua ez dela «neutroa». «Baimen bat emateko testu neutro bat izan behar luke; bada, ez da batere neutroa». Guztiz partziala dela uste dute: «Matxisten alde egiten du». Txomin Sagarzazu alkateak ez zien egindako galderei erantzun udalbatzarrean; adierazi zuen talde politikoek badutela eledunen «foro bat» alardearen auzia aztertzeko, eta hara eramateko gaia. EH Bilduk kritika hauek adierazi zituen aurrez:
JAIZKIBEL, «KONTRAKO» DESFILEA
Udalaren dekretuaren «neutraltasun» falta erakusten duten esaldien artean, EH Bilduko ordezkariek nabarmendu dute, besteak beste, testuan nola deitzen dioten egun Hondarribian dagoen konpainia misto bakarrari, Jaizkibel konpainiari; hain justu ere, herritar «gehienek ikusi nahi dutenaren kontrako desfilea» dela jartzen du. Gutxietsi egiten da, gainera, desfile parekidearen garrantzia, nabarmenduta «Alarde tradizional deituaren antzezpena» dela jarraitzaile gehien dituena. EH Bilduren galdera: «Zergatik deitzen diozue kontrako desfilea?». Erabateko zentzua du itaunak, baita horren atzeko kritikak ere, Jaizkibel konpainiak urteak baitaramatza alardearen parte izan nahi duela esaten, eta andrazkoei aterik itxiko ez dien festa bat aldarrikatzen. 25 urte bete dituzte aurten.
«ORDENA PUBLIKOA» ARGUDIO
Jaizkibel konpainiako kideek aldarri parekidearen kontra dauden herritarren arbuio mezu artean desfilatu behar izan dute usu; tristeki ezagunak dira Kale Nagusian igaro direnean behin baino gehiagotan zabaldu dizkieten plastiko beltzak, esate baterako. Aldarri parekidea sortu berritan, gogorrago ere jazarri zaizkie askotan. Giroa baretu da garai batetik, egun txaloak nagusitzen dira Jaizkibelek desfilatzen duenean ere, baina, alarde baztertzaileari baimena emateko agirian, Hondarribiko Udalak aurten oraindik nabarmendu du bi desfileak denbora eta toki berean egitea «eragotzi» behar dela, «ordena publikoa zaintzeko». EH Bilduk, ordea, arbuiagarritzat dauka jarrera hori. «Urteak dira konpainiak eta alardeak kalean bat egiten dutela, eta ez da sekula arazorik izan. Erasoak espaloietatik etorri izan dira», argudiatu du.
BI DESFILE EGITEAREN ALDE
EH Bilduk udalari egotzi dio ematen dituen argudio «zabar» horiekin «bi alarde» egiteko bidea irekitzea, eta era horretan alarde baztertzailearen aldekoekin bat egitea. Izan ere, Jaizkibel gero eta handiagoa eta sendoagoa dela ikusita, bakantzen ari dira haren kontrako jarrera argiak, baina askok jaiaren ikuskera baztertzailean gotortuta segitzeko era bilatu nahi dute bi desfile eginda. Eta, hain justu, horren alde egiten du udalak esaten duenean alarde baztertzailea egiteko baimena eskatzen dutenek ez dutela «ekintza» horren «monopolioa», eta ez duela eragozten «beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek, helburu berarekin, baina beste osaketa edo egitura batekin ekintzak antolatzea». EH Bilduren ustez, onartezina da jarrera hori, eta andreei festarako ateak ixteko nahi «absurdoa» besterik ez du atzean. «Alardea, ondare immaterial gisa ulertuta, bat eta bakarra da, eta hondarribiar guztiona».
BERDINTASUN LEGEAREN «MANIPULAZIOA»
EH Bilduk dekretuan aletu dituen edukien artean «lotsagarriena» lotuta dago EAEko Berdintasun Legearen paragrafo baten «aipu moztu» batekin. Koalizio abertzaleko zinegotziek uste dute «manipulazio» gaizto bat dela. Hain justu ere, legearen esaldi hau nabarmentzen du udalaren dekretuak: «Ez dira sexuan oinarritutako diskriminaziotzat joko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten neurriak, emakumeei eta gizonei tratamendu ezberdina ematea badakarte ere». Atzetik, legeak zehazten du «emakumeentzako ekintza positiboa» duten helburuez ari dela hitz horiekin, baina atzeko parte hori ez da ageri testuan. Horrexegatik koalizio abertzalearen kritika: «Lotsagarria da artikulua horrela moztea».
ALARDE FUNDAZIOARI BURUZKO ZALANTZAK
EH Bilduk agerian utzi ditu Alarde fundazioaren inguruko zalantzak ere. «Jaurlaritzaren fundazioen erregistroan galdetu dugu, eta erantzun digute ez dela existitzen, eta, Nafarroako fundazioen erregistroan ere, gauza berbera erantzun digute», adierazi zioten joan den astean alkateari. Hortik galderak: «Zeinen esku utzi du Hondarribiko Udalak 25 urte hauetan bere ondare nagusietako bat? Zergatik utzi du jaia esku pribatuetan?». Hain justu, aldarri parekidea sortu aurretik, udalek antolatzen zuten alardea — Irunen ere, antzeko erresistentziak izan dituparekidetasunaren aldeko borrokak—. Horiek esanda ere, «gatazka zaharretan blokeatzeko» asmorik ez dutela adierazi dute EH Bilduko kideek, eta lanerako deia egin dute.
«Matxisten» alde egindako dekretua
Hondarribiko Udalak Alarde fundazioari aurten emandako baimena aztertu zuen EH Bilduk lehengo astean. «Baimen bat emateko testu neutro bat izan behar luke», oroitu zuten: «Bada, ez da batere neutroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu