Itaiako kideak

Irene Ruiz eta Nadia Perez: «Matxismoari ateak itxiko dizkion erreferente iraultzaile bat eraiki beharra dago»

Martxoaren 8ak «instituzioetatik kanpo antolatzeko egun bat» izan behar duela dio Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Haien irudiko, kaleko borroka «lausotu» da, eta, hortaz, emakume langileendako erreferentziak indartu behar dira.

Irene Ruiz eta Nadia Perez Itaiako kideak, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irene Ruiz eta Nadia Perez Itaiako kideak, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
Gasteiz
2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Instituzioetan, sare sozialetan eta kalean zabaltzen ari dira emaztekien kontrako jarrerak, baita matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak ere, Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren erranetan. Horri aurre egiteko «instituzioetatik kanpo matxismoaren kontrako zentzu komun bat» eratu behar dela azaldu dute Nadia Perez (Ordizia, Gipuzkoa, 1995) eta Irene Ruiz (Bilbo, 1997) antolakundeko kideek. Gaur zortzi mobilizatzera deitu dute, borrokarako eguna dela azpimarratuta.

M-8ari iraultzailetasuna desitxuratu diotela azpimarratu duzue. Non hauteman duzue? 

IRENE RUIZ: Martxoaren 8aren jarrera iraultzailea azpimarratu nahi izan dugu, garai bateko alderdi sozialistek emakumeen zapalkuntza amaitzeari begira pauso taktikotzat hartu zutelako eguna bera; hain zuzen, kapitalismoa suntsitzeko norabidean. Gaur-gaurkoz zer gertatzen da? Feminismoak berak egin duena dela instituzioetarako norabidea hartu. Lehen zegoen kaleko borroka dinamika hori lausotu izan da, modu nabari batean gainera, eta berdintasunaren kontzeptua edozein kanpaina politikotan txertatzen hasia da jada: eskuineko zein ezkerreko programetan feminismoaren aldeko aldarria egiten dute, baina gero errealitatean ez dute inolako borondaterik zapalkuntza amaitzeko. Hortaz, egiten dugun hausnarketa da politika instituzionalek argi utzi dutela beren lehentasuna ekonomikoa dela guztiz, eta partidista. Eta Martxoaren 8a hartzen dutela beren burua zuritzeko. 

«Eskuineko zein ezkerreko programetan feminismoaren aldeko aldarria egiten dute, baina gero errealitatean ez dute inolako borondaterik zapalkuntza amaitzeko»

IRENE RUIZ Itaiako kidea
Kaleko borroka horiek ezabatzearen erantzuleak, beraz, instituzioak dira?

NADIA PEREZ: Estatuko instituzioek erakutsi dute egiturazko ezintasun bat dutela auzi honi erantzuteko. Gainera, ezkerreko alderdiek ere nolabait kapitalismoaren barruko instituzio horiek kudeatzen dituzte orain azkenerako, eta enpresa handien interesak lehenetsi dituzte. Horrek egin duen gauza bakarra zera da: emakumeek bizi dugun esplotazioa indartu, eta indarkeria hori kudeatu. 

Horrez gain, badago feminismoaren sektore bat bere borroka zuzentzen duena instituzio horiei eskaerak egitera. Ikusten dugu horren helburua politika instituzionalak sustatzea dela, emakumeen zapalkuntza bukatzeko aterabide posible bezala ikusten dituzte-eta haiek instituzioak. Horren aurrean, guk uste dugu Martxoaren 8ak instituzioetatik kanpo antolatzeko egun bat izan behar duela, borroka egun bat. 

Diozuenez, anitzi ahantzi zaie zer borrokatzen den egun horretan; eta azpimarratu duzue ospakizun eguna bainoago borroka eguna dela. Zertaz ñabardura hori?

RUIZ: Azken urteetan, Martxoaren 8an keinu guztiz sinbolikoak eta diskurtso guztiz hutsalak gailendu dira. Politikagintza profesionalaren munduan diskurtso hutsal hori gailentzen ari da, eta gure egunerokoan, berriz, matxismoak emakume gehienok kolpatzen gaitu. Hor badago arrakala bat. Horren aurrean, guk planteatzen dugu Martxoaren 8ak izan beharko lukeela matxismoaren aurkako borroka kalean erakusteko eguna. Batetik, badakigulako zein izan daitezkeen ondorioak ez badugu ideia erreakzionario eta faxistei aurre egiteko diskurtso eta borroka argi bat plazaratzen. Eta, bestetik, instituzioek eta ezkerrak egiten dizkiguten promesen aurrean beharra dugu, Martxoaren 8an ere, emakume langileon zapalkuntza amaituko duen proposamena bera elikatzeko eta hauspotzeko.

«Politikagintza profesionalaren munduan diskurtso hutsal hori gailentzen ari da, eta gure egunerokoan, berriz, matxismoak emakume gehienok kolpatzen gaitu»

IRENE RUIZ Itaiako kidea
Salatu duzue emakumeak deshumanizatzen dituzten jarrerak indartzen ari direla gizartean. Non dute jarrera horiek jatorria?

PEREZ: Ideia matxista eta erreakzionarioak sare sozialetan, instituzioetan eta kalean zabaltzen ari dira. Horiek, batetik, emakumeen eskubideen kontrako diskurtso bat erreproduzitzen dute; eta, bestetik, indartzen ari diren iruditegian emakume otzanak eta sexualizatuak irudikatzen dituzte. Horren jatorri bezala ulertu behar dugu azkeneko urteetan ezkerreko gobernuek zentraltasuna eman dietela politika identitarioei, eta horrek ez du eragin aldaketa nabarmenik langile klaseko jendearengan. Gainera, langile klasearen eskubideen kontra doazen politikak indartu dituzte, eta hori baliatzen ari da eskuina interbentzio kultural izugarria egiteko. Hau da, ezkerreko politiken porrot horrek desatxikimendua sortu du, eta jendearen ikuskera eskuinerantz aldatzen ari da, hori alternatiba bakarra izango balitz bezala. 

RUIZ: Euskal Herriari dagokionez, ez dago inolaz ere ideia erreakzionario horietatik salbuetsita. Egia da beste leku batzuekin alderatuta kalean eta instituzioetan ez dela hain nabaria izan, baina horrek ez du esan nahi ez denik existitzen. 

PEREZ: Hemen ere ideia horiek badaude: kalean bertan ikusi dezakegu, etorkinen kriminalizazioarekin. 

Zer proposatzen duzue horiei aurre egiteko?

PEREZ: Oldarraldi erreakzionarioaren kontrako erantzuna ezin da instituzioetatik etorri, ezkerreko politiken porrotak ere ahalbidetu baitu hori gertatzea. Guk bi arlo indartu nahi ditugu: batetik, instituzioetatik kanpo matxismoaren kontrako zentzu komun bat garatu behar dugu; bestetik, oinarrizkoa da matxismoaren aurrean erantzun argi eta irmoak ematea, eta erasotzaileei argi uztea gure herrietan, kaleetan eta auzoetan ez zaiela baimenduko pauso horiek ematea. Eta, horren bidez, emakume langileontzako erreferentzia izango diren antolakundeak indartu behar ditugu.

«Oldarraldi erreakzionarioaren kontrako erantzuna ezin da instituzioetatik etorri, ezkerreko politiken porrotak ere ahalbidetu baitu hori gertatzea»

NADIA PEREZ Itaiako kidea
Inoiz azpimarratu duzue oso garrantzitsua dela politizazio lana egitea, horretarako beharrezko aliantzak eginda. Hain justu, mugimendu feministak bide horretatik egin du aurtengo leloa: Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak. Zuek aliantzarako prest zaudete?

RUIZ: Matxismoaren aurkako jarrerak kalean zabaltzea ezinbestekoa da, eta, horretarako, gure iritziz, matxismoari eta faxismoari ateak itxiko dizkion erreferente iraultzaile bat eraiki beharra dago. Bide horretan, arku parlamentariotik kanpoko langile klaseko hainbat kolektiborekiko lankidetza indartu behar dugu: kolektibo migranteekin, lan sektore feminizatuetako langileekin, indarkeria matxista pairatu dutenekin eta prostituzioan daudenekin. Orain arte horretan ibili gara, eta asmoa da espazioak irekitzen jarraitzea.

PEREZ: Faxismoari aurre egiteko, guretzat alternatibak ez dira estatuko instituzioak. Gure helburua ez da kaleko mugimendua instituzioen osagarri bihurtzea, baizik eta guretzat lehentasuna da langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza eraikitzen jarraitzea: lankidetza bat instituzioetatik kanpo egongo dena eta ekarpena egingo duena langileen kontrolpean egongo den estatu sozialista baten aldeko borrokan. 

«Gure helburua ez da kaleko mugimendua instituzioen osagarri bihurtzea, baizik eta guretzat lehentasuna da langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza eraikitzen jarraitzea»

NADIA PEREZ Itaiako kidea
Defendatu duzue emakume langileek sozialismoaren aldeko borrokan lehenbiziko lerroan egon behar dutela matxismoari aurre egiteko. Parte hartze politiko horretarako baldintza berriak sortzea garrantzitsua zaizue? 

RUIZ:Matxismoa amaitzeko, gure iritziz, emakume langileon zapalkuntza une oro erreproduzitzen duen gizarte kapitalista amaitu behar da. Itaiaren helburua da ahalik eta emakume gehienen erreferentzia politiko bilakatzea. Bide horretan badago sektore bat zailtasun argiak dituena parte hartze politikorako: izan bizi baldintzengatik, izan eskubide politiko oso mugatuak dituztelako… Horregatik, bizi baldintzen aldeko borroka horretan haiekin egon behar dugu, guztiok kalitatezko bizi baldintza berak izateko.

MOBILIZAZIOAK

  • Baiona: herriko etxean, 15:00etan.

  • Bilbo: Eliptika plazatik, 12:30ean.

  • Donibane Garazi: Jai Alai itzulgunean, 11:00etan.

  • Donostia: Bulebarretik, 18:00etan.

  • Gasteiz: Andre Maria Zuriaren plazatik, 18:30ean.

  • Iruñea: San Frantzisko plazatik, 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.