Matxismoaren keinu txikiak

Eraso sexista ugari salatu dituzte udan. Mikromatxismoak agerian geratzen dira jai giroan maiz: eguneroko erasoetan daude matxismoaren erroak, adituen arabera.

Bi gizon, Ondarroan, autodefentsa aldarrikatzen duen pintaketa bati begira: «Beste behin guapa diar eñ, eta ostikari emongotzut ahuan». MARISOL RAMIREZ/ ARP.
Bilbo
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Uda giroan murgilduta, Euskal Herriko hainbat auzo, herri eta hiriburutako jaiez gozatzeko parada dago. Festek dakarten lasaitasun edo parranda goseaz, alaitasunaz eta koloreez gain, jaiek badute alde iluna ere. Asko dira jada emakumeek jaietan salatutako urraketak, alegia, eraso sexistak. Arrasaten, Baionan, Algortan, Iruñean eta Donostian, besteak beste. Komunikabideek sarri ematen dute matxismoarekin lotutako erasoen berri. Halakoak entzutean, ohikoena da gizon bortitz bat edo tratu txarrak jasaten dituen emakume bat irudikatzea, baina indarkeria matxista harago doa. Matxismoaren erroak eguneroko bizitzatik abiatzen dira; mikromatxismoetatik, alegia. Luis Bonino psikoterapeutak asmatu zuen kontzeptu hori 1991. urtean, eta «biolentzia isil» gisa definitu zuen. June Fernandez kazetari feministak honela esplikatzen du zer diren: «Egunero gertatzen diren jarrera matxistak, oharkabean pasatzen direnak, eta, gainera, guztiz normalizatuak daudenak. Eta hain oharkabean pasatzen dira, non jarrera matxista hori jasaten duenak askotan ez duen detektatzen, normaltzat hartzen duelako».

Mikro- dauka aurretik hitzak. Eman dezake indarkeria gutxiesteko edo larritasuna kentzeko erabilia dela. Baina ez da hala, Fernandezen aburuz: mikromatxismo esaten zaio jarrera matxista «sotila» delako. «Ez, garrantzi gutxi dutelako, baizik eta egunero gertatzen diren jarrera matxistak direlako». Adibideak jarri ditu: kalean, albotik pasieran dabilen emakume bati gizon batek «kaixo, polit hori» esatea, edo, ezer esan gabe ere, goitik beherako begirada lizuna ematea.«Emakumeari zuzenean erasotzen dio». Une oro horrelako erasoak jasaten baditu, «eragin zuzena du emakumeengan», haien autoestimuan zein emozioetan.

Mikromatxismoak ugariak dira, era guztietakoak. Pertsona batek egindako erasoa izan daiteke, baina egungo gizarteak emakumeen aurka zuzenean egindakoa ere izan daiteke. «Konplimendu bat mikromatxismo bat izan daiteke. Baita arropa denda batean 42 neurritik goragokorik ez egotea ere», azaldu du Oihana Etxebarrieta Bilgune Feministako kideak. «Neurri hori baino handiagoa behar duen andrea eremu horretatik at geratzen da, eta bere errua dela adierazten zaio. Beti egongo da mezu hori: 38-42 neurrien artean sartzen bazara, ondo zaude; baina kontuz ibili behar duzu, eremu horretatik irtenez gero, kanpoan geratuko zara».

Emakume ororengan eragin zuzena dute mikromatxismoek. Helduek gaztetasunari eusteko mezuak jasotzen dituzte une oro, publizitate, aldizkari eta abarren bidez. Etorkinek, berriz, sexu jazarpen «berezia» jasaten dute. Hainbat elkartek egindako salaketa ekarri du gogora Etxebarrietak: diru truke, sexu harremanak eskatzen dizkiete maiz gizonek kalean emakume etorkinei, azal iluna dutenei batez ere; gainera, kalean jarritako iragarkietan etorkinak direla adieraziz gero, dei lizunak jasotzen dituzte. Bat datoz Fernandez eta Etxebarrieta: emakumeek mota askotako erasoak jasaten dituzte, norbere ezaugarrien zein inguruaren arabera; batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, baina denek jasaten dituzte mikromatxismoak, emakume izate hutsagatik.

Baina ez dira bakarrak: gizonek ere jasaten dituzte mikromatxismoak. «Gizonen artean gertatzen den markatze matxistari ere mikromatxismo dei diezaiokegu. Adibidez, gizonezko batek kamiseta arrosa jantziz gero, homofobiarekin lotutako txantxak entzun ditzake lagunen artean; gizonek egunero egiten dituzte halakoak, umorez eta txantxetan», azaldu du Fernandezek. Horrelako gertaerek jarrera maskulinoa izatera «behartzen» dituzte gizonak. «Maskulinitatea indartzen dute».

«Jarrera feminista»

Toki guztietan izaten dira matxistak, mikromatxismoak «produzitzen» dituztenak. Nahi gabe bada ere, beren burua feministatzat hartzen dutenek ere izaten dituzte horrelako jokabideak. Hala dio Fernandezek: «Garrantzitsua da ikustea mikromatxismoak ageri direla gizon guztietan eta toki guztietan. Askotan, pentsatzen dugu matxistak gizon kontserbadoreak direla, eskuinekoak; baina gure inguruan ere izaten dira. 'Matxirulo infiltratu' terminoa erabiltzen dugu, beren burua feministen aldekotzat izan arren, era lauso batean inguruko emakumeak gutxiesten dituztenak izendatzeko».

«Sotilak» dira mikromatxismoak, eta, sarritan, oharkabean igarotzen dira, emakume askorentzat «zaila» baita erasoez jabetzea. Hori dela eta, Etxebarrietak dio «beharrezkoa» dela «jarrera feminista» edukitzea. Uste du giltzarri dela eguneroko erasoei, etxean jasandakoei, kalekoei, lantokikoei... aurre egiteko: «Emakume guztiek landu beharko lukete autodefentsa feminista; bai praktikara begirakoa, bai feminismoen teoria. Norberak bere burua askatzea beharrezkoa baitu, bere buruaren jabe izateko eta libre bizitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.