Indarkeria matxista desagerrarazteko «bestelako gizarte eredu baten» beharra aldarrikatzen du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Izan ere, instituzioen eta alderdien neurriek «aterabide bat emateko ezintasuna» erakutsi dutelakoan daude. Hortaz, Nadia Perez (Ordizia, Gipuzkoa, 1995) eta Irene Ruiz (Bilbo, 1997) antolakundeko kideek azaldu dute beren erronketako bat dela emakume langileen bizitzan eragina izanen duten lan ildoak martxan jartzea.
Indarkeria matxistari aurre egiteko modu independentean antolatu beharra aldarrikatu duzue. Norengandik independente?
NADIA PEREZ: Gure ideia ez da matxismoa kudeatzera mugatzea, baizik eta benetan indarkeria matxista amaitzea. Eta uste dugu matxismoa kapitalismoak berak erreproduzitzen duela etengabe. Alde horretatik, matxismoa bukatzeko proposamenak zapalkuntza erreproduzitzen duen gizarte hori amaiarazi behar du, eta, guretzat, horretarako premisa bada instituzioetatik eta alderdi politikoetatik independenteki antolatzea, kalean egituratuz joatea emakume langileen aldeko indarra.
Gizartean zabalduta dauden «ideia erreakzionarioak» izan dituzue jomugan. Zer irizten diozue horien bilakaerari?
IRENE RUIZ: Gaur egun oldarraldiaren eszenario bat dugu aurrez aurre, eta ez da instituzioetara soilik mugatzen, eskuin muturreko alderdiek zabaltzen dituzten ideietara; baizik eta kalean eta sare sozialetan zabalpena izaten ari dira, bereziki gazteen artean.
Non hauteman duzue ideia horien zabalkundea?
RUIZ: Identifikatu duguna da ideia matxistak zabaltzen ari direla hiru alorretan. Batetik, emakume langileon zapalkuntza ukatzen duten ideiak daude, esanez politika instituzionalek leku pribilegiatu batean jartzen dutela emakumea. Zabaltzen ari diren beste diskurtsoetako bat salaketa faltsuena da: esaten dute salaketen artean badela ehuneko handi bat faltsua dena, eta baliagarria dena gizonen aurkako egoera bat bultzatzeko. Hirugarrena da indarkeria matxistaz hitz egiten dutela bakarrik erasotzailea migratzailea denean.
PEREZ: Hau da, ultraeskuineko alderdiek eta ideia atzerakoi horiek guztiek erasoak baliatzen dituzte beren interesak bermatzeko eta diskurtso arrazistak zabaltzeko.
«Emakume langileon zapalkuntza ukatzen duten ideiak daude, esanez politika instituzionalek leku pribilegiatu batean jartzen dutela emakumea»
IRENE RUIZItaiako kidea
Aipatu duzue diskurtso horiek gazteak izaten dituztela maiz jomugan, eta ingurune digitala darabiltela halakoak zabaltzeko. Zer lanketa egiten duzue horri aurre egiteko?
PEREZ: Esaten dugunean ideia horiek gazte sektoreetara iristen direla, esan nahi dugu ideia erreakzionario horiek zabalpen handia dutela sare sozialetan, eta gehienbat gazteek erabiltzen dutela sektore hori, baina horrek ez du esan nahi horietara mugatzen denik bakarrik. Uste dugu beharrezkoa dela Itaiatik kalean ideologia horien guztien kontrako kontzientzia bat sortzea, eta bitartekoak sortzea horretarako.
Azken urteetan, batez ere emakume gazteengana iristea lortu dugu, eta eskualde askotan errotzea. Eta uste dugu antolakuntzarako hautu horrek ideia horien guztien kontrako euste horma bat sortzen duela. Guk antolakuntzarako hautua egiten dugu uste dugulako borroka kultural bat sustatu behar dela batez ere gazteengan.
Politikari profesionalak kritikatu dituzue, erranez kaleko mobilizazioak instituzionalizatu dituztela. Zertan?
RUIZ: 2008tik hona, krisi testuinguruan murgilduta, ezker ideiek eta alderdiek lortu dute eragina izatea; politika feministak martxan jarri izan dituzte. Ikusten dugu politika horiek ez dutela eragin nabarmenik eduki emakume langileen errealitatea eraldatzeko. Izan ere, politika feministak instituzioei mugatutako aldarrietara soilik mugatzen dira.
PEREZ: Azken hamarkadetan, feminismoak zabalpen handia izan du, kalean eta mobilizatzeko gaitasunean, baina hori, pixkanaka, instituzionalizazio prozesu batean txertatuz joan da. Zer gertatzen da? Politika horiek aterabide bat emateko ezintasuna erakutsi dutela, eta horrek desatxikimendu handia sortzen duela instituzioen politikaren inguruan eta, kasu honetan, feminismoaren inguruan ere bai.
Zer analisi egiten duzue sistema judizialak indarkeria matxistaren aurrean duen jarreraz?
PEREZ: Erasoak gero eta gehiago salatzen ari dira, baina horrek ez du esan nahi matxismoa amaitzen ari denik. Etengabe esaten ari zaizkigu erasoak salatu behar direla, eta salaketa judizialak beharrezkoak direla, baina ikusi dugu prozesu judizial hori trabaz beteta dagoela. Eta, gainera, oso larria da zabaldu diren azkeneko datuetan polizia indarren artean dagoen erasotzaile kopurua; iruditzen zaigu hori azpimarratzea ezinbestekoa dela, denbora guztian esaten ari direlako indar polizialak areagotzea dela bidea indarkeria matxista amaitzeko.
Sozialismoa irudikatzen duzue matxismoa amaitzeko bide bakar gisa?
PEREZ: Ikusten dugu historian emakumeen borrokari dagokionez aurrerapauso handia eman dela, eta balioa ematen diogu borroka horri. Baina egia da badaudela ikuspuntu ezberdinak hori amaitzeko. Guk uste duguna da emakumeen zapalkuntza eta matxismoa amaitzeko beharrezkoa dela sistema kapitalista amaiaraztea, horrek zapalkuntza erreproduzitzen du eta; horregatik, bestelako gizarte eredu bat antolatu nahi dugu, eta horrek exijitzen du gizartearen eraldaketa sozial eta ekonomiko oinarrizko bat gertatzea.
Horregatik egiten dugu sozialismoaren alde, sozialismoa ulertuta zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko gizarte eraikuntza bezala. Guretzat, gizarte honek amaitu beharra du, baina horrek ez du esan nahi egun jakin bat arte itxaron behar denik. Guk argi duguna da gaurtik hasi behar dugula borrokatzen.
«Guretzat, gizarte honek amaitu beharra du, baina horrek ez du esan nahi egun jakin bat arte itxaron behar denik. Guk argi duguna da gaurtik hasi behar dugula borrokatzen»
NADIA PEREZItaiako kidea
Horri lotuta, zer bide orriri jarraituko dio Itaiak datozen hilabeteotan?
PEREZ: Azkeneko urte luzeetan, lan handia egin dugu eskualde ezberdinetan egonkortzen, jendea aktibatzen. Era berean, barne mailako lan bat ere egon da, analisi kritiko bat egin dugu. Eta hemendik aurrera, egonkortze prozesu hori gaindituta, erronka da nola egin dezakegun egunerokoan emakume langileen bizitzan eragina izan dezaketen lan politiko bat egin eta lan lerro askotarikoak martxan jartzeko. Hau da, ongi dago orain arte egin duguna, baina dugun gaitasunen arabera egin dugu hori guztia. Eta, horregatik, lanean jarraitu behar dugu.
RUIZ: Gero eta emakume gehiagorekin lan egiten dugu, eta aintzat hartu behar dugu badirela emakumeak beren baldintzengatik denbora gutxiago dutenak militatzeko eta ekarpen politiko bat egiteko. Hortaz, ireki beharreko espazioetan kontuan hartu behar ditugu behar eta premisa horiek, eta hori ere erronka bat da.