Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpaina berotzen ari da gutxika, eta, azken orduetan, alderdien arteko adierazpen gurutzatuak hasi dira. Kasurako, EH Bilduko diputatu Oskar Matutek ohartarazi dio EAJko presidente Andoni Ortuzarri koalizio subiranistak ez dituela hark «kanpainan utzitako amuak irentsiko».
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Madrilgo diputatuak EAJko buruari leporatu dio «anaia nagusiaren rola» jokatu nahi izatea, azken orduetan helarazi dituen mezuak direla eta. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Madrilen egon da, eta EH Bilduk ez du parte hartu haren harreran. Bada, herenegun, Ortuzarrek EH Bilduri exijitu zion «argitzeko Putinen alde ala kontra» dagoen.
Matutek ez du ulertzen beste «euskal alderdiekin Ortuzarrek jokatu nahi duen anaia nagusi rola». Gogoratu du EH Bilduk sei diputatu dituela Espainiako Kongresuan, eta EAJk bost. «Gaitzespen jarrera hori dauka gu guztiokin, eta guk ez dugu denbora alferrik galtzen besteek zer egiten duten edo egiten ez duten azaltzeko. Guk egindakoak kezkatzen gaitu, eta herritarrek guri buruz jasotzen dutenak».
«Ziklo politikoaren aldaketa ez zen hauteskunde eslogan bat. Euskal gizartearen barrutik datorren irrika bat da».
OSKAR MATUTE EH Bilduko diputatua
Edonola ere, «beste kanpaina batzuetan ere» ikusi ei da EAJko presidenteak rol hori jokatzen duela, «etengabe amuak botatzen ea inork irensten dituen». Matutek erantsi du «errazagoa» dela Ortuzarri «karnata bukatzea» berak «amua irenstea baino», EH Bilduk Ukrainari begira hartutako posizioa «argia izan baita hasiera-hasieratik». Hala, koalizioko eledunak esan du «modu erabat argian» arbuiatu duela Errusiak Ukrainan eginiko inbasioa. «Baina hori ez da oztopo gu kritikoak izateko gerraren itzalean hartzen diren zenbait erabakirekin». Eta Espainiako Gobernuak Ukrainari armetan eman berri dizkion 1.120 milioi euroak ekarri ditu gogora, «gobernua babesten duten bazkideei ezer esan gabe» aritu baita.
Horiek horrela, Matutek berretsi du EH Bilduren helburua dela ekainaren 9ko hauteskundeetan «lehen indarra izatea Hego Euskal Herrian». Uste du «baldintza egokiak» badaudela hori gerta dadin, «ziklo politikoaren aldaketa ez baitzen hauteskunde eslogan bat». Euskal gizartearen «barrutik datorren irrika bat» ei dago aldaketaren alde. Orain, Matutek argi ikusten duen gogo horrek Europarako bozetan islatu beharko lukeela, eta koalizioko diputatuak azaldu du Europa oso jokaleku konplexuan dagoela, «seguruenera eskuin muturra ez baita orain bezain sendo egon 1945etik».
EAJ, bigarren itzulien kontra
EAJko eta CEUSeko zerrendaburu Oihane Agirregoitia, berriz, Herri Irratian egon da, eta ohartarazi du «Europak jokoan» duela «bere lehiakortasuna eta bere funtsa». «Muturreko mugimenduez» kezkaturik azaldu da, baina baita «batzuek mugimendu horiek beste zerbaiten bigarren itzuli gisa azaltzeko eginiko saio alderdikoiaz» ere. Haren ustez, Europarako bozak beste hauteskundeen bigarren itzuli gisa baliatzen ari direnak «zigortu» egin beharko lituzkete boto emaileek.
«Euskal ahotsa Europan ez galtzeko, bozkatzera joan behar da, hala euskal interesak eta lehentasunak defendaturik egon baitaitezke Bruselan eta Estrasburgon».
OIHANE AGIRREGOITIAEAJko zerrendaburua
Batera edo bestera, EAJko hautagaiaren hitzetan, «funtsezkoa» da bozkatzea ekainaren 9an, aurreikusten baitu boz horiek «konplikatuak» izango direla, «herritarrak pixka bat nekaturik» baitaude hauteskundeez. Baina «euskal ahotsa Europan gal ez dadin», bozkatzera joateko eskatu du, «euskal interesak, lehentasunak, industriaren kezka, enpresena eta hirugarren sektorearena, denak egon baitaitezke defendaturik Bruselan eta Estrasburgon».
Datu bat eman die hauteskundeetan bozkatu ala ez zalantzan daudenei: Europako Parlamentuan onartzen diren legeen %80 inguruk «zuzeneko eragina izaten dute gure egunerokoan». Horregatik, azpimarra egin du berriro, eta esan ekaineko hauteskundeak ez direla «ezeren bigarren itzuli», Espainiako alderdi nagusiak helarazten ari diren moduan, amnistia legearen itzalean. «Gehiegi dugu jokoan: ezin da azaleko eztabaida bat egin Bruselan eta Estrasburgon gertatzen denari garrantzia kenduta».