Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteartean argitaratu zituen 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioko behin-behineko zerrendak, eta harrabotsa sortu da hezkuntza eragileen artean. Izan ere, aurtengo matrikulazio prozesuan badago nobedaderik; garrantzitsuena, hauxe: ikasleen banaketa orekatuagoa lortze aldera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek leku kopuru jakin bat gorde beharko dute ume zaurgarrientzat, eragin eremuko zaurgarritasun indizearen arabera. Neurriak, oraingoz, 2 urteko geletan izango du eragina. Hezkuntza Sailak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretuaren eta hura garatzen duen arauaren bidez arautu du prozesua.
Zerrendak argitaratu eta gutxira, baina, hezkuntza eragile nagusiak ez dira konforme agertu. Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak, esaterako, ikasleen banaketa egitean erabili diren irizpideen inguruko «gardentasun falta» salatu dute. Harago joan da Ikastolen Elkartea: «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dugu. Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko». EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak salatu duenez, berriz, zenbait eskola publikotan lekuak libre badaude ere, bertan matrikulatu nahi dituzten ume batzuk beste ikastetxe batzuetara bideratzen ari da Hezkuntza Saila.
Adjudikazioak ez dira behin betikoak, eta familiek asteartera arte dute aukera helegiteak jartzeko. Behin betiko zerrendak apirilaren 20an jarriko dituzte ikusgai.
JOSE LUIS SUKIA
Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusia
«Ez dakigu zein irizpide erabili diren esateko familia bat zaurgarria den»
Jose Luis Sukiak argi utzi nahi du, hasteko: «Onarpen dekretuarekin eta onarpen dekretuaren atzean dagoen filosofiarekin bat egiten dugu; alegia, egoera zaurgarrian dauden familiak banatzearen filosofiarekin bat gatoz».
Behin hori argituta, ordea, badituzte desadostasunak egiteko moduekin. Sukiak bi auzi bereizi ditu. Batetik, azaldu duenez, herri batzuetan igo egin da jaiotza tasa, baina ikastolei ez diete utzi ikasle gehiago hartzen: «Ikastolei muga jarri digute: ez digute utzi iazko geletan baino gehiagotan matrikulatzen, eta zentro publikoetan onartu dute». Hortaz, batzuentzat eta besteentzat «joko arau desberdinak» egon direla uste du; «urrezko araua» hautsi dutela: «Jaurlaritzak ez du bete onarpen dekretuan esaten duena. Esaten du baldintza berak jarriko dizkiela ikastetxe guztiei». Ikastolen Elkarteak erantzuna pentsatu du: «Ikasle horiek matrikulatzen ez digutenez utzi, guk esaten dugu ikasle horiek guztiak matrikulatuko ditugula. Esaten dugunean ikasle guztiak mantenduko ditugula, ikasle horietaz ari gara».
Bestetik, berriz, ikasle zaurgarrien eskolatzearen auzia dago. «Gu ados gaude banaketa horrekin, baina ados gaude baldin eta gardentasun osoz egiten bada». Gardentasun hori da, hain zuzen ere, faltan sumatu duena: «Tokatzen bada ikastola batetik hamar familia joatea beste zentro batera, onartuko dugu, ez dugu inolako arazorik jarriko, garbi baldin badago zergatik den, eta garbi baldin badago beste zentro batetik ikastolara etorriko direla ikastola aukeratu ez duten hamar familia».
Gehiago xehatu du gardentasun falta hori zertan den. Haren esanetan, Hezkuntza Sailetik galdetegi bat igorri diete familia guztiei, zaurgarritasuna zenbatekoa den zehazteko, eta badakite zer galdetu dieten. Baina: «Ez dugu ezagutzen zein irizpide erabili diren esateko familia bat zaurgarria den ala ez».
Egoera aztertuta, Sukiak adierazi du familiek helegiteak jarriko dituztela, zaurgarritasun tasa nola kalkulatu duten jakiteko: «Niri esan badidate ikastetxe batetik atera behar dudala —ikastola batetik, gure kasuan— beste batzuk zaurgarriak direlako eta bertan geratu behar dutelako, jakin behar dut nik zergatik ez daukadan zaurgarritasun tasa eta beste batek bai». Halere, administrazioarekin hitz egiteko prest agertu dira ikastolak: «Uste dugu hartutako bidea eta helburua onak direla, eta jarraituko dugu administrazioarekin hitz egiten».
LURDES IMAZ
EHIGEren koordinatzailea
«Eskola batean lekuak izan arren, bideratzen ari dira beste batzuetara»
Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea ere ez dago ados Jaurlaritzaren jokaerarekin: «Ikusten ari gara Hezkuntza Saila ez dela betetzen ari berak egindako araudia». Izan ere, haren hitzetan, baremazioak —ikasle bakoitzak dituen puntu kopuruagatik ikastetxea adjudikatzea— egiten ari da egin behar ez direnean ere: «Hezkuntza Sailak bere araudia bete behar du, eta araudia argia da: lekuak baldin badaude, ez da barematzen». Beste modu batera esanda: «Ikusten ari gara eskola batean lekuak egon arren beste leku batzuetara bideratzen ari direla». Gauzak horrela, familiak helegiteak jartzeko eskatzen ari dira, eta nabarmendu du sendi horiei lagunduko dietela. «Gu oso zorrotzak izango gara araudia betetzearekin».
Horretaz gainera, leku publiko nahikoa eskaintzeko eskatu du: «Badaukagu oinarrizko araudi bat esaten duena leku publiko nahikoa eskaini behar direla».
MARIA EUGENIA IPARRAGIRRE
Kristau Eskolako zuzendari nagusia
«Gardentasunikez izateak ez duerrazten bide hau»
«Erabat ados gaude ikastetxeetan segregazioa desagerrarazteko helburuarekin, herri honetan gizarte kohesionatuagoa eta ikasleentzako aukera berdintasuna lortze aldera», dio Maria Eugenia Iparragirrek, Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. Behin hori esanda, nabarmendu du uste zutela beraientzat «funtsezkoak» ziren bi alderdi ez zituztela «zapuztuko». Bat: «Ikastetxe bakoitzak lortzen zuen matrikula kopurua mantenduko zela, noski, gero egin beharreko aldaketak eginda». Eta bi: «Baldin eta ikastetxe batetik bestera mugimendu horiek egin behar baziren, sare aukeraketa errespetatuko zela». Ziurtatu du beti ez dela hala izan.
Iparragirreren hitzetan, Kristau Eskolak «mota oso desberdinetako ikastetxeak» ditu bere barnean, eta, horrenbestez, aldaketek ere desberdin eragin diete. Zenabit kasuistika izan ditu hizpide. Esaterako: «Gure zenbait ikastetxetan, zaurgarritasun baremazio honen ondoren, hainbat ikasle galdu dituzte, eta bueltan ez zaizkie etorri». Edo beste bat: «Kristau Eskolako ikastetxea lehenengo, bigarren, laugarren eta bosgarren aukera izanik Donostian, agian Gipuzkoako beste herri batean bukatu dute, publikoan».
Horiek horrela, erantsi du mugitzeko irizpideak ez dituztela garbi: «Denok utzi behar dugu bidean zerbait handiagoa den helburu bat lortzeko, baina gardentasun hori ez izateak ez du errazten bide hau».
Eta nola erantzungo du Kristau Eskolak? Hezkuntza Sailarekin «elkarlanean» aritu nahi dutela adierazi du Iparragirrek: «Ziur aski, eskatuko du epeak aldatzea eta luzatzea, ikastetxe askok bihar [gaur] oporrak hartzen dituztelako eta datorren asteartean amaitzen delako erreklamazioak egiteko epea».
Matrikulazioan gardentasun handiagoa eskatu diote eragileek Hezkuntza Sailari
Ikastolen Elkarteak esan duenez, gardentasunik ezean ez dute ikaslerik bidaliko beste zentroetara. EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio legea betetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu