NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak otsailean espero du zabaltzea hurrengo ikasturterako aurrematrikulazioa egiteko epea. Nafarroako Gobernuak ez du data zehaztu, oraindik, baina D ereduaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du jada NIZEk: irribarre bat irudikatzen duen D hizkia hautatu du bere marka gisa; Eskola ereDugarria esaldia da, berriz, leloa.
«Gurasoak hasi dira informazioa eskatzen; ikastetxea hautatzea erabaki garrantzitsua da, eta gurasoak goiz hasten dira gaiarekin kezkatzen», azaldu zuen NIZEko Ione Urrutiak, atzo, elkarteak egindako agerraldian. Kezka horiek argitu, eta informazioa gurasoen esku jartzeko asmoz, martxan jarri dute haien kanpaina. «Konfiantzazko eredua da gurea; hurbila eta kalitatezkoa; behar dituzten gaitasunen jabe dira gure ikasleak; eskola irekia eta publikoa da euskarazkoa», erran zuen Antsoaingo Ezkaba ikastetxeko arduradunak. Urrutiak erantsi zuen «sendotzen eta hazten» doala D eredua. Gaur egun, 11.500 ikasle inguru ari dira D ereduan Nafarroan; eta haiekin 1.100 irakasle baino gehiago ari dira lanean.
Egiten duten lanaren berri emateko, hain zuzen, bi bideo labur prestatu ditu NIZEk, D ereduaren alde. «Lan horien bidez azaldu nahi ditugu gure hiru ezaugarri nagusiak: hurbilekoak garela; gure ikasleek hiru hizkuntzatan aritzeko gaitasuna dutela; eta hizkuntzen esparruan inork baino esperientzia handiagoa dugula, murgiltze eredua gurean sortu eta hazi baita», erran zuen San Frantzisko ikastetxeko Nekane Lasak.
Lege aldaketa
Euskararen Legea aldatzeko aukera aipatu zuen NIZEko kide eta Hegoaldeko zuzendari Aitor Etxartek, bertzalde, atzoko agerraldian. «Ez dakigu aldaketa hurrengo ikasturterako prest izanen ote den; edozein modutan, D eredua zabaltzea berri garrantzitsua da, nahikoa ez den arren», erran zuen. Hezkuntzako eta euskalgintzako eragileekin lanean jarraituko dutela erantsi zuen NIZEko kideak. Etxartek onartu zuen, dena den, legea aldatzeko aukerak «ustekabean» harrapatu dituela.
Matrikulazio kanpaina aurreratu du NIZEk: 'Eskola ereDugarria'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu