«Mugimendu feministaren barnetik eta mugimendu feministari buruz» idatzitako liburua ondu du Uma Ulaziak (Mutriku, Gipuzkoa, 2001). Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik du izena, eta Lisipe bildumako hamabosgarrena da.
Erlazionatuta
Autokritikan oinarritutako lana da zurea, eta, gainera, «diskurtso feminista fintzeko eta barne eztabaida politikoak hauspotzeko» helburua du. Zein dira autokritika horiek?
Nik defendatzen dudana da idealismoak erreproduzitzen duela patriarkatua bera, eta horretara kondenatzen gaituela. Baina egia da idealismoa sozialki sustraituta dagoela, eta mugimendu feministako kideok ere erreproduzitzen ditugula premisa horiek. Interesgarria da premisa horiek gure diskurtsoan bertan identifikatzea, kontzienteki hautatu dezagun zer esan nahi dugun.
Feminismo materialistak nabarmen aldarrikatzen du emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela. Simone de Beauvoirren oihartzunik bada hor, baina, kasu honetan, zer beste zehaztasun gehitzen dizkio materialismoak ideia horri?
Uste dut hobeto ulertzen dela idealismoarekin zuzenean alderatuta: marko idealista erreproduzitzen denean esaten da emakumeak eta gizonak jaio egiten direla, eta emakumeek berezko duten hori kulturalki dagoela debaluatuta. Kontrara, materialismotik esango da ez dagoela desberdintasun naturalik, ezberdintasunak sortu egiten direla eta sortu behar direla, hain zuzen ere, emakumeen zapalkuntza mantentzeko. Materialismoak hori du interesgarria, ez duela blokeatzen emakumeei berez naturaren izenean inposatu nahi zaien ezer.
Liburuan diozu zapalkuntzak sortzen duela sexua, zapalkuntzak burgesak eta langileak sortzen dituen modu berean. Alderaketa hori izan daiteke, akaso, ideiaren irudikapena errazteko gakoetako bat?
Hori da. Klasikoki banatu dira zapalkuntza kulturalak eta materialak. Orain, materialismotik planteatzen duguna da egiturazko zapalkuntza oro dela materiala. Alde horretatik, nahiz eta batzuetan alderaketak kamutsak izan daitezkeen, uste dut ulergarri egiteko aukerak irekitzen dizkigutela langile klasearen eta emakume klasearen zapalkuntzetan atzeman ditzakegun paralelismoek.
Liburuan jasotzen den beste ideia funtsezko bat da feminismo materialista gizon eta emakumeen desagerpenaren alde borrokatzen dela.
Defenditzen dudana da beti dagoela botere desberdintasun bat. Eta, beraz, sexuak banatzen dituena botere desberdintasuna den heinean, botere berdintasunak eskatzen du irudikatzea etorkizun bat zeinetan sexuak ez diren existituko.
Erreakzio asko sortuko dituen ideia izan daiteke?
Agian berria delako, edo erradikala delako. Alde horretatik, gazte feministen sarean, adibidez, liburuan jasotzen diren testu zatiak erabili ditugu formakuntza teorikorako tresna gisa. Aukera eman dit ikusteko idatzitako horrek zer erreakzio sor ditzakeen, eta baita ere zein bide blokeatu ditzakeen edo zein puntutan eraman gaitzakeen esatera: «Nik ez dut ulertzen, eta agian ez dut erabili nahi». Halako erreakzio bat ere egon daiteke, ez desadostasunagatik, baizik eta, agian, ez ulertzeagatik. Eztabaidak sortuko ditu, eta uste dut sortu behar dituela.
«Sexuak banatzen dituena botere desberdintasuna den heinean, botere berdintasunak eskatzen du irudikatzea etorkizun bat zeinetan sexuak ez diren existituko»
Egungo gizartean marko idealista da gehien zabaldua. Beraz, greba feministen diskurtsoak eta ondorioak batez ere perspektiba horretatik egin dira?
Ez denean kontzienteki hautatzen marko materialista erabiltzea, erraza da idealismoan erortzea. Dena den, ikusten ari gara azken urteotan Euskal Herrian ari dela hedatzen marko [materialista] hau, bereziki esango nuke sexu genero disidenteon borroketan presente dagoela, eta mugimendu feministako militanteen artean ere bai, kontzienteki edo, are, baita inkontzienteki ere.
Funtsean, zerk definituko luke zaintza?
Materialismotik defenditzen duguna da zaintza ez dela lan partikular edo konkretu batzuen batuketa. Baizik eta zaintza definitzen duena dela emakumeek lan bat baldintza subalternoetan egitea —oso gutxi kobratuta, edo kobratu gabe—. Bestela ezin liteke debaluazioa azaldu. Hau da, zaintza delako emakumeek egiten duten lan oro, eta horregatik dagoelako debaluatuta.
2019ko eta 2023ko grebetako diskurtsoak aztertu dituzu propio, eta bien arteko ezberdintasunak azaldu. Zertan ikusi duzu alderik nabarmenena?
Defendatzen dudana da diskurtsoek erabilgarritasun desberdinak dituztela: 2019ko grebak balio izan zigun kultura aldaketa batean sartzeko, utopia berriak planteatzeko, posible denaren eremua zabaltzeko eta, ildo horretatik, borrokak aktibatzeko. 2023an, aldiz, mugimendu feministak bere egin du sindikatuen estrategia klasikoa: bizi baldintzak negoziatzearena estatuarekin eta kapitalarekin.
Greba bakoitzean garaiaren eta testuinguruaren arabera pentsatuko ziren estrategiak eta borrokarako bideak, eta horrek ere isla izanen zuen diskurtsoetan.
Bai, 2023an moderazio bat ikusiko dugu, eta uste dut hori beharrezkoa dela negoziazioa baldin bada helburua, gizonen atxikimendua erraztu dezakeelako. Idealismoaren premisa gehiago jasotzen dira, eta, sozialki sustraituta dagoen heinean, emakumeen masa zabalago batekin ere errazagoa izan da atxikimendua. Orduan, ez nuke esan nahi idealismoak ez duela ezertarako balio, baina bai kontzienteki hautatu behar dugula premisa idealistak noiz erabili nahi ditugun eta zertarako.
«2023ko grebako diskurtsoetan izan zen moderazio bat, eta uste dut hori beharrezkoa dela negoziazioa baldin bada helburua, gizonen atxikimendua erraztu dezakeelako; emakumeen masa zabalago batekin ere errazagoa izan da atxikimendua horrela»
Iruditzen zaizu orain arteko greba feministetan, tarteka, mugimendu feministak galdu duela, halabeharrez, diskurtsoen gaineko kontrola?
Badago tentsio hori. Feministok finkatu nahi dugun diskurtsoa beti mantentzen da tentsioan gizartean dagoen ikuskera orokorrarekin, zeinak erreproduzitzen duen askotan sistemak berak inposatu nahi duen zentzu komun hori.
Helduleku eta hausnarketarako gai asko proposatu dituzu liburuan; nola nahiko zenuke erabiltzea lan hau, aurrera begira, mugimendu feministan edo balizko greba berrietan?
Diskurtsoa bera idazteko orduan erabilgarria izan daiteke tresna gisa, saiatu naizelako modu argian azaltzen gauza bat edo bestea esateak zein ondoriotara eraman ahal gaituen. Aldi berean, feminismo materialista behar dugun bezala, feminismo antirrazista behar dugu, eta beste feminismoak ere bai; horien artean eztabaidak behar ditugu, horrela da sendoa mugimendu bat.