Hasitako bideari segitu, edo korapilatu. Eusko Jaurlaritzak 2021ean eskuratu zuen espetxe eskumena, eta, ordutik, zenbait aurrerapauso eman ditu euskal presoen egoerari dagokionez. Ikusteko dago hasitako bide horrek orain arteko noranzkoan segituko duen, eta datozen asteetan etorriko da lehen proba argigarria: Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Arabako) kartzeletan dauden hainbat presori buruz tratamendu batzordeek egin dituzten txostenei erantzun egin beharko die PSE-EEren esku dagoen Justizia Sailak.
Aurretik emanak ziren beste pauso batzuk. 2017an, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak onartu zuen presoek ohiko espetxe legea baliatzea askatasunerako bidea egiteko; ondoren, indargabetuz joan ziren euskal presoen kontra ezarriak zituzten salbuespen egoera batzuk; iaz, esaterako, presoen sakabanaketa politika amaitu zen. Guztira 142 euskal preso geratzen dira egun kartzeletan; 134 EPPK-koak.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak azken legealdian jarri zuen abian espetxe eredu «gizatiarrago» baterako plana, Jaime Tapia epailearen aholkularitzan oinarrituta. Azken aldaketa horiek EAJren ardurapean egon den Justizia Sail baten barruan gertatu dira. Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako emaitzek, baina, indar harremanak aldatu zituzten EAJren eta PSE-EEren artean. Pentsatzekoa zen PSE-EEk aurreko legealdian baino indar handiagoa eskuratuko zuela Imanol Pradalesen gidaritzapean eratzekoa zen Jaurlaritzan, eta askorentzat ustekabea izan da Justizia Saila PSE-EEren esku geratzea.
Martuteneko, Basauriko eta Zaballako kartzeletako tratamendu batzordeek sei hilabetetik behin egiten dituzte preso bakoitzari buruzko txostenak, gradu aldaketak aztertzeko. Espetxeetako langileek osatzen dute tratamendu batzordea, eta haiek egiten dute preso bakoitzaren jarraipena egunerokoan. Orain artean, Justizia Sailak oniritzia eman izan die batzorde horiek eginiko txostenei. Oztopoak izan badira, Madrilen izan dira. Izan ere, euskal presoen inguruko txostenak direnean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzari ere jakinarazi behar zaio erabakia, eta batzuetan, helegitea jarri izan dutenez, hainbatek kartzelara itzuli behar izan dute. Fiskaltzaren erabakia berretsi egin izan du espetxe zaintzako epaileak orain artean, aldekoa zein kontrakoa izan. Baina ez da hori izan presoak kaleratzeko oztopo bakarra.
Gehienezko kartzela zigorra berrogei urtera igo izanak ere zailtzen du baimen eskaerak tramitatzen hastea. Gutxienez zigorraren erdia beteta izan arte ez dira hasi ohi baimenak eskatzen, eskaerek aurrera egiteko aukera gehiago izateko. Izan ere, halako tramiteekin hasten direnean, aurrerapausoak ematea izaten da helburua. Are gehiago kontuan hartuta EPPKren kasuan, kolektiboan dauden 134 presoetatik erdiek baino gehiagok 60 urtetik gora dituztela, eta kartzelan egin duten denboraren batezbestekoa hogei urtetik gorakoa dela.
Iruñeko espetxean dauden presoen gainean Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabakitzen du, Nafarroako Gobernuak ez duelako espetxeak kudeatzeko eskumenik. Horrez gainera, sei euskal preso daude Frantziako Estatuan. Lannemezango kartzelan dauden bostek eskatua dute falta zaizkien kartzela urteak Hego Euskal Herrian betetzeko, eta eskaera horiek ere ari dira bere bidea egiten.
Bizikidetzaren eremuan lanean dabiltzan kideen arabera, pentsatzekoa da orain «geldiune» bat izango dela Basauri, Martutene eta Zaballako espetxeetan azken asteetan izan diren eskaerak ebazteko, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saileko lantaldea aldatu dutelako. Maria Jesus San Jose da sailburua. Jaime Tapiaren ordezkoa ere izendatu dute: Ines Soria.
Memoria
Justizia Sailarena da, halaber, Giza Eskubideen alorra. Urkulluren azken legealdian egin zuen lehen aldiz Jaurlaritzak torturatuen aitortza ofiziala, eta hasi da kasuan-kasuan biktimak aitortzen eta kalte ordainak ematen. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia eratu berria da, biktima horiek jasan izan duten «diskriminazioari» erantzuteko, eta fiskaltza sozialaren funtzioa betetzeko, aurkezpenean esan zutenez. Alor horretan ere ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian hasitako bideari segituko dion. Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak esan zuen orain arte Gogora «lerratuegi» jardun izan dela; adierazpen hori bera egin zuen San Josek ere. Bizikidetzaren alorrean lanean aritu diren kideek adierazi dutenez, ez litzateke ulergarria «kontakizun bakarra» inposatu nahi izatea, «irabazle eta galtzaileen eskemara itzultzea»; auzi horretan, euskal gizartean, alderdi politikoez gaindiko adostasun zabala lortu delakoan daude.
Nafarroan ere aurrerapausoak eman dira motibazio politikoko indarkeria jasan dutenak aitortzeko. Tartean daude Angel Berrueta Espainiako Polizia ohi batek hil zuen Iruñeko okina eta hainbat torturatu. Alderdi sozialistaren oniritziarekin aitortu dira horiek, eta Espainiako alderdi sozialistaren oniritziarekin eman dira orain arte aurrerapausoak. «Pentsatzekoa da alderdi sozialistak modu koherente batean erantzungo diela auzi horiei guztiei», eremu horretan lanean dabiltzanek adierazi dutenez.