Maskaren auzian arduragabekeria egon zitekeelako kendu zuten kargutik Irigoien

Mikel Irujo Nafarroako kontseilariak azaldu du abuztuaren 17an Elma Saizek «ahoz» esan ziola bazitekeela zigor arloko erantzukizunak egotea

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilaria. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«Ergel aurpegiarekin geratu gara». EH Bilduko Adolfo Araiz harrituta agertu zen atzo arratsaldean Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak emandako azalpenarekin. Abuztuaren 27an Sodena sozietate publikoko Administrazio Kontseiluak zuzendari kargutik kendu zuen Pilar Irigoien, eta Irujok erabaki horren zergatia azaltzeko agerraldia egin zuen Navarra Sumak eskatuta. Bertan, argitu zuen Elma Saiz Ekonomia kontseilariak eta Iñaki Arrizabalaga Nafarroako Gobernuko esku hartze zuzendariak «ahoz» esan ziotela bazitekeela maskaren kontratuen aferan zigor arloko erantzukizunak egotea. Zehazki, «arduragabekeria eta kontabilitate arloko erantzukizun» posiblea leporatu zioten Irigoieni. Irujok zehaztu zuen ez zuela ikusi salaketa hori sostengatzen duen agiririk. Hala ere, zantzuak ikusita eta «konfiantza politikoa galdu zuelako», Irigoien kargutik kentzea proposatu zion Sodenako Administrazio Kontseiluari.

Alta, iragan astean Nafarroako Kontu Ganberak agerian utzi du 2020ko maiatzean Sodenak Albyn enpresarekin eta CEN enpresaburu elkartearekin Nafarroako konpainiei maskarak hornitzeko sinatu zuen kontratua «legearen arabera eta gardentasunez» egin zela. Txosten horren emaitza jakin ondotik erabaki du Arrizabalagak eta Saizek abuztuan aipatu zioten hori publiko egitea. Irujok uste du informazio hori jakinda «zuhur» jokatu zutela eta «asmatu» zutela.

Navarra Sumako Cristina Ibarrolak orain arte informazio hori «ezkutatzea» leporatu zion Irujori, eta gogorarazi zion delitu zantzuak ikusita fiskaltzara jo behar lukeela. EH Bilduko Araizek uste du agerraldia eskatzeko Navarra Sumaren azalpenean antzematen zela informazio hori bazekitela, eta horregatik galdetu zion zergatik ez zuten fiskalarengana jo. Susmoa du eskuineko koalizioak administrazio barruko iturrien bidez jakin duela informazio hori.

Dena den, Araizek «larritzat» jo du gobernuak datu horren berri eman ez izana, eta ez du ulertzen nolatan Irujok proposatu zion Sodenako Administrazio Kontseiluari Irigoien kargutik kentzea «ahoz» soilik jasotako informazio batean oinarrituta. Irujok erantzun zion irregulartasun posibleei buruzko datu hori ez ziola «edonork eman, baizik eta esku hartze zuzendariak».

Txibitek ardura ukatu du

Goizean, Maria Txibite izan zen parlamentuan kontratuari buruzko azalpenak ematen. Pandemiaren garaian maskarak lortzeko eskasiaren aurrean, Nafarroako enpresei laguntzeko kontratua egin zen: Sodenak aurreratzen zuen dirua, eta CEN patronalak konpainien beharrak asetzeko egindako aurreikuspenen arabera erosten zituen maskarak Albynek. Akordioa egin, kontratua izenpetu eta maskarak erosi zirenerako, prezioak amildu egin ziren, eta azkenean eskatutakoa baino maskara gutxiago erosi zituzten enpresek. Egun 1,7 milioi maskara dira biltegietan. Alor publikoak 1,8 milioi euro gal ditzake.

Iskanbilaren aurrean, Txibitek erantzukizun oro ukatu zuen atzo: «Ez dut esku hartze zuzenik izan auzi horretan». Haren ustez, Kontuen Ganberak ateratako ondorioek agerian utzi dute kontratua legezkoa zela, eta uste du egindako akatsek ikasteko balio behar dutela. Era berean, Albyn, Sodena eta CEN elkartearen arteko akordio bat lortzea hobetsi du egungo korapiloa askatzeko asmoz.

Bi urteotan hainbat aldiz saiatu dira hiru aldeak ados jartzen, baina orain arte ezinezkoa izan da. CEN patronalak auzitara ez jotzeko klausula eskatu dio Sodenari, eta hark ez du aukera hori baztertu nahi, txosten juridikoetan adierazten baita horretarako zioak daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.