Maskaren auzia «lokaztea» egotzi dio Txibitek Navarra Sumari

Nafarroako Parlamentuan foru erregimeneko batzordean gobernuko lehendakariak nabarmendu du akordioa «legea betez eta gardentasunez» egin zela.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko abenduaren 21a
15:20
Entzun

«Ez dut esku hartze zuzenik izan». Maskaren auzian bere erantzukizun politikoari izkin egin nahi izan dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Haren esanetan, Sodena sozietate publikoak sinatu zuen kontratu hura CEN enpresaburu elkartearekin eta Albys enpresarekin, eta ez zuzenean gobernuak. Merkatuan maskarak lortzeko zailtasun handia zegoen garaian Nafarroako enpresei funtsezko elementu hori eskura jartzeko helburua zuen akordioak, eta hura «legez eta gardentasunez» egin zela ondorioztatu berri du Nafarroako Kontu Ganberak. Txibitek garrantzi handia eman dio txosten horri, agerian utzi duelako ez zela lege hausterik egon.

Navarra Sumak eskatuta egin du agerraldia Txibitek. Abuztutik, aferak zalaparta politiko handia sortu du Nafarroan, eta, horren erakusgarri, orain arte gobernuko zazpi zuzendari eta kontseilarik egin dituzte agerraldiak parlamentuan. Horregatik, Txibitek uste du «nahikoa informazio eta azalpen» eman dela. Auzia politikoki erabili nahi izatea aurpegiratu dio Navarra Sumari. «Auzia lokazteko erabili nahi izan da, eta Geroa Bairen eta PSNren arteko harremanak hausteko».

Dena den, oraingoz, korapiloa askatu ezinik jarraitzen dute. Kontratu haren ondorio ukigarri nabarmenena da 2 milioi maskara biltegi batean daudela geldirik, eta altxortegi publikoak bi milioi euro gal ditzakeela. Halaber, politikoki, Pilar Irigoienek ordaindu du egoera, Sodenako zuzendari ohiak —dimisioa eman zuen—. Arratsaldean, horri buruz hitz egingo du Mikel Irujo Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Ikus gehiago: Maskaren auzian CEN ere erantzule dela gogorarazi du Kontu Ganberak

2020ko apirilean, nazioarteko merkatuetan maskarak lortzeko eskasia zegoen, eta jarduera ekonomikoari berrekiteko orduan, maskarak lortzen laguntzera dei egin zuen Txibitek gobernu barruan. Agindu hari bide emateko akordioa lortu zuten apirilaren erdialdera: Albyn enpresa arduratuko zen maskarak erosteaz, CEN enpresaburu elkarteak enpresen beharrak zenbatuko zituen, eta Sodena arduratuko zen dirua aurreratzeaz. Halaber, Osasunbideak bide emango zien sor zitezkeen soberakinei.

Nafarroako Kontu Ganberaren txostenean agertzen zenez, aste gutxi batzuk iragan ziren hitzezko konpromisoa hartu zenetik akordioa kontratu bihurtu arte, eta Osasunbidea itunaren muinetik atera zen: eranskin baten bidez zehaztu zuen bere beharren arabera soilik emango zitzaizkiola maskarak. Hala, Navarra Sumak susmoak agertu ditu Osasunbideak jarrera aldatzeko izan zituen arrazoien inguruan.

Osasunbidearen rola

Javier Esparzaren arabera, Osasunbideak har zezakeen bere gain soberakin handi hura, eta ez du ulertzen zergatik izenpetu zuen beste kontratu bat beste enpresa batekin —beste sei milioi maskara erosi ziren osasun beharrak asetzeko—. Hala, Esparzak iradoki du «norbaitek interes batzuk» zituela, eta horren guztiaren harira «ezer ez egitea» aurpegiratu dio Txibiteri. Haren esanetan, lehendakariak hasieratik jakin behar zuen zer gertatzen ari zen, eta auziak eragindako kontseilariak bildu, «irtenbide bat bilatzeko».

Tonu apalagoan, EH Bilduk ere zalantza agertu du Osasunbidearen inguruan, Nafarroako Kontu Ganberaren txostena irakurri ostean. Izan ere, hasierako akordioan jada zehazten zen sor zitezkeen soberakinei bide emateko irtenbidea zela Osasunbidea. Adolfo Araizek gogorarazi du akordioko parte hartzaileen arteko mezu elektronikoetan ere hala jasotzen zela, zeharka, eta, ondorioz, eskatu du argitzeko iritzi aldaketa hori zergatik gertatu zen.

Txibitek ez du argibide handirik eman. «Uler dezakezuenez, presidenteak ezin ditzake gainbegiratu eta agindu administrazioak egiten dituen kontratu guzti-guztiak. Profesionalengan konfiantza osoa dut, eta baita kontrol prozedura guztietan ere». Haren irudiko, Navarra Suma irregulartasunen bila ibili da, eta «ez du halakorik lortu». PSNko Ramon Alzorrizek, irmoago, gogor kritikatu du Navarra Suma, «susmoaren kea» zabaldu nahian ibiltzeagatik: «Daturik izanez gero, jo ezazu auzitara, eta, bestela, isil zaitez. Nafarroako Gobernuak herritarrak babestu zituen garai zail batean, besterik ez».

Txibiteren arabera, bi milioi maskarari irtenbide eman ezinik zeudela jakin zuenetik, dei egin zuen hiru aldeen artean (CEN, Albyn eta Sodena) «konponbide bat bilatzera». Bi urte eta erdi pasatu dira geroztik, eta, oraingoz, ez da posible izan. Hiruzpalau hilabete geratzen dira maskara horiek iraungitzeko, eta Txibitek deia egin du berriz: «Nekez uler daiteke stock horri bide ez ematea. Hori izan da nire posizioa hasieratik», aipatu du, eta zera gaineratu: «Egoera larri batean enpresei laguntzeko borondatea egon zen bezala, orain ere egoera hori konpontzeko borondatea beharko litzateke».

Enpresaburuek ez dute nahi

Arazoa da CEN enpresaburu elkarteak uko egin diola akordioa lortzeari. Hark zenbatu zituen enpresek zenbat maskara behar zituzten, baina, gero, askoz ere maskara gutxiago erosi ziren, akordioa egin zenetik maskarak erosi zirenerako prezioak apaldu egin zirelako. Soberakin hori biltegietan dago egun, eta Esparzak eskatu du ja ateratzeko. Alta, Navarra Sumako ordezkariak erantzukizuna gobernuaren gain jartzen du une oro, eta enpresaburuen erantzukizuna alde batera utzi.

Alta, Ahal Dugu-ko Mikel Builek nabarmendu du Sodenak galdutako dirua Albyn eta CENen artean partekatu behar litzatekeela. Geroa Baiko Mikel Asiainek gogorarazi du akordio orok «segurtasun juridikoa» behar duela. Ez du baztertzen aferak auzitegietarako bidea egitea, nahiz eta oraingoz Garapen Ekonomikoko Departamentuak akordioa lortzea hobesten duen. Arazoa da bi urte erdian lortu ez dena nekez lor daitekeela hiru hilabete eskasean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.