Koronabirusa

Maskarek ez dute kale egin

Birusari aurre egiteko babes neurri egokitzat jo izan dira maskarak, baina zalantzak sortu dira non eta nola erabili ebazterakoan. Adituek argi dute: horiek ahalik eta gehien erabili, hobe da.

Hainbat lagun Gasteizko kale batean, maskara jantzita. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Pandemiaren hasieran, zalantza asko eta ziurtasun gutxi zeuden. Ziurgabetasun ugari daude oraindik, baina, denborarekin, zientziak asko ikasi du SARS-CoV-2 birusari nola aurre egin behar zaion erabakitzerakoan. Irakaspen horietako bat da batez ere aire bidez transmititzen den eta arnas aparatuaren bitartez organismoan sartzen den birus baten kasuan ezinbesteko tresnak direla maskarak, lagunen arteko distantzia eta aireztapena. Halere, jakina da beste hainbat faktore tartean daudela tresna horien erabilerari dagokionez.

EHUko Mikrobiologia katedradun Aurora Fernandezek «ezinbestekotzat» jo ditu maskarak. «Aire bidezko patogeno bati aurre egiten ari gara, eta jarri ahal dizkiogun muga kimiko eta fisiko guztiak onak dira». Adituak aitortu du aire zabalean eta jende asko ez dagoen lekuetan kutsatzeko aukerak murrizten direla, eta, horregatik, «hainbat lizentzia» har daitezkeela maskara kendu eta arnasa hobeto hartzeko. «Baina hirietan ez dago modurik distantzia gordetzeko, eta ezin duzu zehaztu zenbat partikula biriko mugitzen ari diren airean».

Ipar Euskal Herrian aire zabalean maskara nahitaez erabiltzeko betekizuna ekainaren erdialdean kendu bazuten ere, joan den astean bueltan etorri zen neurria. Hego Euskal Herrian, berriz, egoera aldatu berri da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriguneei dagokienez. «Ofizialki, kalean maskararik gabe joateko aukera egon da, baina nik ez dut inoiz kendu», esan du Fernandezek. «Etxean baino ez dut kentzen. Gasteiz erdialdean ibiltzen bazara, ezinezkoa da jende gehiagorekin kontaktuan ez egotea. Bata besteari iskin egiten ibiliko bagina ere, ez legoke modurik kontaktua saihesteko, jende asko biltzen baikara. Eta hori arriskutsua da».

Hurbiltzeko arriskua

Antzeko ikuspuntua du EHUko Farmazia Fakultateko irakasle Joseba Bikandi mikrobiologoak. «Kalean, arazorik handiena distantzia gordetzea da. Maskararik ez badugu eramaten, eta norbaitekin hizketan hasten bagara distantzia gorde gabe, orduan arazo bat daukagu». Bikandik aitortu du kalean egonda birusa eraman dezaketen aerosolen arriskua gutxitu egiten dela, baina hurbiltasuna arazo bat izan daitekeela dio, maskararik gabe lagun batetik bestera pasa daitekeelako birusa.«Ezin bada distantzia gorde, maskara derrigorrezkoa da, baita kalean ere. Ez dago besterik». Bikandiren esanetan, «arazoa da neurriak arintzera egin dela, eta, hori egin denean, hasi garela maskara ez erabiltzen, zurekin bizi ez den jendea alboan eduki arren». Transmisioan izan den gorakada horri egotzi dio Bikandik: «Bizikide ez diren lagunen arteko kontaktua asko handitu da. Normala da transmisioa gertatzea».

Mikrobiologoak ostalaritzari lotutako beste kezka bat agertu du. Azaldu duenez, baldintza da metro eta erdiko tartea uztea maskara ez daramaten lagunen artean. «Mahaien tamainari erreparatzen badiogu, ezinezkoa da mahai baten inguruan eserita dauden lagunen arteko distantzia hori bermatzea, jendea ez baita hainbeste zabaltzen».

Aurora Fernandezek ere arazo larri bat ikusten du tabernetaneta jatetxeetan izan ohi den jokabideari dagokionez. «Uste dugu taberna batean egoteagatik onartuta dagoela maskara ez erabiltzea, baina hori ez da horrela», argitu du. «Mokadua edo tragoa hartzean ken daiteke, baina, gainerakoan, une oro jantzita eduki behar dugu», ohartarazi du. Haren esanetan, hori da berez bete beharreko jokabidea, baina aitortu du hori «gutxi batzuek» baino ez dutela egiten.«Ahobero bat zarela ematen du, eta barregarria dirudi. Baina, taberna baten barruan gaudenean, hori beti egin beharko genuke guztiok».

Birusei muga

Gaizki egindako kontuez gain, badira taxuz egin diren beste hainbat gauza ere, Fernandezek nabarmendu duenez. Ikasgeletan ikasleek aireztapenaren inguruan izandako jarrera da horietako bat. Izan ere, maskararekin batera, barrualdeetan aireztapena da beste babes neurri garrantzitsu bat. «Nik Gasteizen ematen ditut eskolak, eta jakina da neguan oso tenperatura hotzak izan ohi direla. Bada, ikasleak inoiz ez dira kexatu leihoak irekita edukitzeagatik, eta haien joera naturala izan da ikasgelan sakabanatzekoa, tarteak utzita». Egoera horretan egonda ere, Fernandezek dio inoiz baino eztarri eta arnas arazo gutxiago izan dituela aurten, eta hori maskararengatik izan dela dio. COVID-19ari ez ezik, beste zenbait patogenori ere bidea moztu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.