Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. IñIGO URIZ, FOKU
joxerra senar
2020ko uztailaren 15a
11:51
Entzun

Azken egunetan zenbait agerraldi izan direnez eta «sintomarik gabeko pertsonen kasuek gora egin dutenez», Nafarroako Gobernuak foru agindu bidez onartu du maskaren erabilera derrigortzea, hala toki itxietan nola kanpoan. Handik gutxira, neurri bera iragarri du Nekane Murga Osasun kontseilariak: maskarak nahi eta nahi ez erabili beharko direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ondorioz, orain arte hainbat tokitan eta egoeratan maskara jarri behar bazen ere, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak araua gogortu dute, eta Hego Euskal Herrian derrigorrezkoa izango da.

Kasuek nabarmen egin dute gora. Azken 24 orduetan 80 kasu azaleratu dira Hegoaldean, eta 90 urteko adineko bat hil da Tuteran. Nekane Murgak azaldu duenez, pandemiaren bilakaera ikusirik, «beharrezko neurriak» dira, eta ez da baztertzen aurrerago «beste batzuk» hartzea. Halaber, Jaurlaritzak kale zurruta edo botila festa delakoa debekatu egin du,«osasunaren aurkako jarrera delako».

Ostalaritzako eremuetan, hamar pertsona elkar daitezke mahai baten inguruan. Soilik, jateko edo edateko orduan ken daiteke maskara. Halaber, ordutegiak zabaltzeko baimenak atzera botako dira, baita orain arte eman diren guztiak ere. Neurriak gaueko aisialdiko tabernei, diskotekei eta bestelako guneei eragingo die. Neurriok bihar sartuko dira indarrean. Murgak zehaztu duenez, hondartzan ere maskara erabili beharko da baina, behin etzanda, 1,5 metroko distantzia gordetzen bada, maskara ken daiteke.

Nafarroan etzi

Nafarroan, Osasun departamentuaren eskuetan egongo da neurri gehigarriak hartzea. «Lehen, maskara jartzea derrigortuta zegoen ospitaleetan, garraio publikoetan eta toki txikietan; orain, hori sendotu egin dugu», azaldu du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Ostiralean sartuko da indarrean foru agindua. Hainbat salbuespen onartzen ditu. Adibidez, kirola egitean ken daiteke maskara, «betiere, pertsonen arteko distantzia gordetzeko aukera badago». Dena den, kirol guneetan, eremu komunetan maskara jartzera behartuta daude erabiltzaileak. Elikagaiak edo edariren bat hartzeko, edo maskararen erabilera bateraezina den jardueraren batean, orduan ken daiteke maskara. Halaber, igerilekuetan «bainua hartzean», mendian ibiltzera joatean edo eskalada egitean, ken daiteke. Lantokietan, 1,5 metroko distantzia gordetzeko aukera badago, maskara gabe lan egin daiteke. Era berean, arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere maskararik gabe egoteko aukera izango dute.

Foru aginduak «aholkatzen du» jatorri desberdineko pertsonak biltzen direnean maskara jantzita eramatera, «nahiz eta elkarren arteko distantzia gorde». Horrez gainera, aginduak dio maskara modu egokian jarri behar dela; hots, «sudur aldetik kokotseraino, hura barne».

Ehun euroko isunak

Foru aginduaren arabera, udalei eta Nafarroako foru administrazioari dagokio zaintzaren eta kontrolaren ardura, «bakoitzaren dagokion eskumenen barruan». Halaber, saltokietako eta bestelako tokietako arduradunen eskuetan egongo da neurriak betetzen direla bermatzeko ardura. Osasun arloko legeak isun gogorragoak ezartzeko aukera ematen badu ere, zer irizpide hartu aztertzen ari dira, eta, ziurrenik, ehun euro inguruko isunak jarriko dituzte. «Helburua ez da isunak jartzea, baizik eta herritarren ardura partekatua bultzatzea», argudiatu du Indurainek.

Agintariek informazio kanpaina bat egingo dute, betekizuna herritar guztiengana hel dadin. Datorren ikasturtera begira, «neurri zehatzak» hartuko dira bilakaera epidemiologikoaren arabera.

80 kasu, egun bakarrean

Azken hiru asteetan, egoerak nabarmen egin du okerrera. Hego Euskal Herrian 80 kasu atzeman dira azken 24 orduetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 60. Murgak adierazi duenez. Ordiziako agerraldia «kontrolpean» dago, baina Tolosan beste bat agertu da. Orain arte hamazazpi kasu atzeman dira han. Getarian, berriz, beste agerraldi bat atzeman dute ostalaritzako gune batean, eta uneotan probak egiten ari dira ingurune horretan izandakoekin. Kasu horrekin erlazionatuta, Zumaian eta Zarautzen positibo batzuk daude.

Nafarroan, Indurainek onartu du koronabirus honekin agertoki txarrenak betetzen direla. Hego Euskal Herrian azken 24 orduetan 80 kasu berri azaleratu dira, eta Tuteran, patologia anitzeko 90 urteko emakume bat hil da —ekainaren 11z geroztik Nafarroan hil den lehena—. Indurainek zehaztu duenez, heriotza horrek ez du zerikusirik Tuteran izandako agerraldiarekin: dagoeneko, 41 kasu atzeman dira (horietatik bost Errioxan), baina, Indurainen arabera, uneotan kontrolpean dago. Halaber, Iruñean, uztailaren 6ko gosariarekin erlazionatutako agerraldian, 24 kasu atzeman dira, eta beste batean, 11. Azken 24 orduetan, 20 pertsonek eman dute positibo, eta agerraldi berri bat atzeman da. Indurainen hiru lagunen artean izandako kutsatze bat aipatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.