Ez dute ikasi, ez dute ikasi nahi, edo bost axola zaie. Denboran ez dago hain urruti, baina, ziurrenik, memoriaren tolestura bihurrietan behar baino urrunago dago maskara erabiltzea derrigorrezkoa izan zen garaia. Izan ziren maskararen erabilerari buruzko gezurrak, mezu kontraesanezkoak, nahasmena, herritarren zentzu komunaren kontrako erabakiak, ebidentzia zientifikoen kontrakoak ere bai...
Pandemia garaian ahotsik zentzudunenek behin eta berriro esan zuten ez dela nahikoa neurriak hartzea, neurri horiek ondo azaldu behar direla, pedagogia egin behar dela, herritarrak ez direla inozoak, gauzak garbi esan behar zaizkiela, koherentziaz jokatu behar dela... Baina ez. Espainiako Gobernuak gatazka politikoaren iturri bihurtu ditu berriro ere maskarak.
Herritarrak maskara jartzera behartuko ditu osasun zentroetan eta ospitaleetan. Korrika eta presaka, trakets, azalpenik gabe ia. Gainerakoen iritzia aintzat hartu gabe. Teorian, arnas aparatuko gaixotasunen gorakada apaltzeko; praktikan, ordea, argudioak entzunda, maskara jartzera derrigortu duten autonomia erkidegoei segurtasun juridikoa emateko. Arrazoi juridikoak, beraz, epidemiologikoak baino gehiago.
Osasun etxera edo ospitalera sartzean maskara jarri, eta ateratzean kendu. Pentsa daiteke ez dela hainbesterako. Ez, ez da. Osasun zentroetan eta ospitaleetan jende zaurgarri asko elkartzen da. Bai, hala da. Baina hortik aurrera, norberak pentsa dezakeenetik kanpo, ez dago azalpenik, argudiorik edo daturik halako neurri bakan batek arnas aparatuko gaixotasunen zabalkundean duen eraginari buruz. Nahiz eta Monica Garcia Osasun ministroak esan duen neurririk eraginkorrena dela gripearen goraldiari aurre egiteko.
Espainiako Gobernuak derrigortu egingo du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gomendatu egin dute maskara erabiltzea. Aldea dago bi jarrera horien artean, baina, maskaren kontuan, administrazio guztiek egin dute kale. Frogatu da maskara oso eraginkorra dela aerosolen bidez transmititzen diren arnas aparatuko gaixotasunei izkin egiteko. Nola gripeari, hala COVID-19ari. Baina, hala ere, sekulako aukera galdu da maskara pandemiatik kanpo ere erabilgarria eta eraginkorra delako ideia gizarteratzeko. Atzean utzi nahi den garai baten eta garai horretako nekearen sinbolo izan beharrean, udazkeneko eta neguko ohiko tresna bihurtzeko, betiere egoera jakin batzuetan. Jakinda gripea urtero izaten dela eta COVID-19a ere ohikoa izango dela hurrengo urteetan. Plangintzarik ez.
Politikariak eta maskarak beste behin. Politikariak, maskara kendu gabe; baina oraindik ez dituzte asmatu osasun sistema publikoen eta horien arduradunen gabeziak estaltzeko maskarak.