Espainiako Unibertsitate Ministerioak ikasturterako neurri batzuen berri eman du, eta jakinarazi du maskara erabiltzea nahitaezkoa izango dela aurrez aurre egingo diren eskoletan zein gainontzeko espazio komunetan. Horrez gain, aireztatzea ere zaindu beharko dela iragarri du, eta leihoak ahalik eta denbora gehien egon beharko direla zabalik: ordu laurdenez eskola bakoitza hasi aurretik eta amaitu ostean. Gainera, unibertsitate bakoitzak COVID-19aren aurkako protokolo bat eduki beharko du, eta izurriteak eragin ditzakeen egoerak kudeatzeko arduradun bat ezarri beharko da.
Ikasleren batek sintomak edukiz gero, horretarako prestatuta egon beharko den gune batean bakartu beharko da. Espazio horrek aireztapen egokia eduki beharko du, eta gutxienez maskarak eta berrerabili ezin daitezkeen zapiak botatzeko paperontzi bat eduki beharko du. Ikaslea bakartuta egon beharko da emaitzak jaso bitartean, eta, emaitza positiboa izanez gero, hala egon beharko du beste hamar egunez. Gainera, ezingo da unibertsitatera itzuli osasun agintariek baimena eman arte. Haren kontaktuei dagokienez, ikasle batek positibo ematen badu, kontaktu zuzenen ikerketa egin beharko da. Ikerketa horren baitan sartuko dira, besteak beste, hamabost minutuz maskararik gabe eta bi metro baino gutxiagoko distantzian egon diren pertsonak. Horiek ere bakartuta egon beharko dute, nork bere bizilekuan, eta PCR proba egingo zaie autonomia erkidego bakoitzean ezarritako protokoloaren arabera. Emaitza negatiboa bada ere, berrogeialdia egin beharko dute bi astez.
Bakartuta ere, eskolak
Bakartuta egon daitezkeen ikasleak ezingo dira aurrez aurreko eskoletara joan, baina eskubidea izango dute eskolak beste era batera jasotzeko, irakasgai bakoitzaren arabera. Unibertsitate bakoitzak izango du horren ardura. Hala ere, egoera horretan dauden ikasleak edo unibertsitateko langileak asko badira, unibertsitateek eta osasun agintariek elkarlanean hartu beharko dute erabakia. Hala ere, Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroak, printzipioz, irailaren 3an eskainiko du informazio gehiago.