Goizean Bilbon egindako agerraldi batean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du «premiazkoa» dela kalean maskara erabiltzera derrigortzeko neurriak hartu ahal izatea, beharrezkoa den babes juridikoarekin. Halaber, neurri «bateratuak» hartzeko deia egin du, autonomia erkidego bakoitzaren «erabakien desberdintasuna» ez delako «egokia»; datorren asteazkenean eginen dute autonomia erkidegoen arteko bilera. Haren arabera, ezinbestekoa da neurriak hartu ahal izatea seigarren olatuari eta omikron aldaeraren mehatxuari erantzuteko.
Bestalde, oroitarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %91k jarria dutela txertoa, eta «jarrera eredugarria» izaten ari den «gizartearen gehiengoa» eskertu du. Haurren txertaketari begira, bestalde, «itxaropena» adierazi du Urkulluk. Baina erran du Europa osoan oldarturik dabilela birusa, «omikron aldaeraren mehatxuarekin». Intzidentzia tasak «pandemia osoko handienak dira», haren arabera; hala, ospitaleak «presiopean» daude, eta horrek lehen arretako medikuei ere eragiten diela gaitzetsi du.