Osasun neurri arinagoak izanen dituzte hemendik aitzina Ipar Euskal Herriko herritarrek. Atzo sartu zen indarrean Frantziako Gobernuaren erabakia: txertatze agiria erakustea ez da gehiago beharrezkoa izanen leku publikoetara sartzeko, eta maskararen erabilera ere murriztu dute; osasun etxeetan baizik ez dituzte biak eskatuko —garraio publikoetan oraindik beharrezkoa izanen da maskara eramatea—. Eskoletan eta lantegietan orain arte aplikatu dituzten protokoloak ere moldatu dituzte. Lehen mailetako ikasleek ez dute bakartu beharko kontaktu kasu badira; kolegio eta lizeoetako ikasleei dagokienez, txertatuak ez direnei bakarrik aplikatuko diete bakartze neurria. Kontaktu izan eta bi egunera egin beharko dute testa ikasgelara itzultzeko. Enpresetan ere maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izanen, eta telelanean aritzeko aukera enpresa bakoitzean erabakiko dute, «elkarrizketa sozialaren bidez». Osasun egoera hobetu dela eta erietxeetako presioa «apaldu» dela kontsideratu du Frantziako Gobernuak.
Seigarren olatuaren eragina apaldu ahala, neurriak arintzera jo dute Euskal Herriko eta Europako administrazioek. Hego Euskal Herrian, neurri murriztaile ia denak bertan behera dira otsail erdialdetik, baina oraindik maskara derrigor erabili behar da espazio itxietan. Hala ere, neurri hori ere kentzea aztertzen ari dira osasun agintariak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esana du pandemiaren bilakaerak onbidean jarraituz gero «berandu baino lehen» ez dela nahitaezkoa izango maskara barrualdeetan janztea.
Izurria ez da amaitu, baina osasun agintariek hartutako neurriei so, pandemia beste fase batera igarotzeko bidean da, non maskararen erabilera eztabaidagai izango den. Hala ere, neurri hori kentzeari buruzko erabateko adostasunik ez da komunitate zientifikoan, BERRIAk kontsultatu dituen adituek agerian utzi dutenez.
XAN BERTERRETXESendagilea
«Hauteskunde logika batek gidatutako neurriak direla iduri du»
Xan Berterretxe medikuaren hitzetan, bada «inkoherentzia» bat Ipar Euskal Herrian intzidentzia tasa gora doan mementoan neurriak kentzean. Hala ere, zehaztu du berak ez dituela ospitaleratzeen eta suspertze unitateen datuak eta, beraz, iritzia finkatzeko elementuak falta zaizkiola dio. «Intzidentzia tasa emendatzearekin posible da gorakada izatea». Sasoiko beste birus batzuek izan dezaketen eragina ere aipatu du. «Kanpotik begiratuta, iduri du hauteskunde logika batek gidatutako neurriak direla». Pandemia hasieratik izandako «inkoherentziak» azpimarratu ditu, hala nola maskarei buruz errandako «gezurrak» edo haurrek ez zutela kutsatzen. «Arriskua da luzera mesfidantza handitzea, eta konfiantza eskastea gobernua eta autoritate sanitarioei buruz, txertatzeari buruz... konplotismora irits daiteke».
Haren iritziz, ondoko asteetan ikusiko da beste fase batera igarotzen ari garen ala ez. «Jende anitz txertatuak dira, eta, omikronen ondorioz infekzio tasa gora denez, baliteke jende anitz immunizatuak izatea, eta infekzioen tasaren igoera ez islatzea ospitaleratzeetan. Hori balitz, beste fase bat litzateke, bai». Hala ere, ez du uste pandemia bukatutzat eman daitekeenik. «Badakigu birusak zenbat eta gehiago zirkulatu orduan eta aldaera berriak ateratzen ahal direla. Herri batzuetan txertatze tasa biziki apala da; han zirkulatzen ahal du, eta berriz gurera etorri».
Horregatik, ez du gaizki ikusten leku batzuetan babes neurriak atxikitzea, maskararen erabilpena kasurako. «Karrikan ez du zentzurik, ez zuen hastapenetik. Baina jende zaurgarria den lekuetan, osasun etxeetan edo lehen arretan, iruditzen zait ez litzatekeela gaizki usaia atxikitzea. Immunitate apaleko jendea biltzen da horietara, eta birusak hartzeko arriskua izan dezakete».
MIREN BASARASMikrobiologoa
«Orain ez da momenturik aproposena maskara leku itxietan kentzeko»
Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak gogoratu du SARS-CoV-2 birusaren transmisio bide nagusia leku itxietan izaten dela, eta maskara eta aireztapena neurri egokiak direla transmisioa eragozteko. «Orain intzidentzia handia dugu, eta uste dut orain ez dela momenturik aproposena maskara leku itxietan kentzeko». Eta neurriak guztiz arintzera jo duten Europako hainbat herrialderi so egin die Basarasek, eta oharra egin: «Erresuma Batuak neurriak lasaitu zituenetik, positibo tasa eta ospitaleratzeak igo egin dira».
Pandemiak aurrerantzean hartuko duen bideaz zuhur mintzo da EHUko irakaslea. Izurria «mendean» hartuko den aroa iritsiko dela uste du, baina oraindik goiz dela fase horretaz mintzatzeko. OMEko adituak apirilean bilduko dira berriro izurria zertan den aztertzeko, eta ordura arte itxarotea galdegin du Basarasek. Hala, agintari politikoen erabakiak baino gehiago, osasun irizpideak lehenesteko eskatu du. Argi du, hala ere, izurritea kontrolpean izanda ere maskara toki itxietan erabiltzea betiko geratu beharko litzatekeela: «Intzidentzia handiko tokietan pertsona zaurgarriak babesteko neurria izan daiteke».
JOSEBA BIKANDIImmunologoa
«Urte batzuk barru ez da arraroa izango maskara autobusean erabiltzea»
Neurrien arintzeaz iritzia emateko pandemiaren bilakaerari begiratu dio Joseba Bikandi EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakasleak: «Inauteriak ospatu diren tokietan kutsatzeak izugarri gehitu dira, eta ikusteko dago horrek ospitaleratzeetan eragingo ote duen». Hori esanda, maskara barrualdeetan erabiltzeari uzteko erabakia atzeratzearen aldekoa da Bikandi, egoerak hobera egin arte bederen: «Itxaron dezagun apur bat». Birusen transmisioa eragozteko maskara eraginkorra dela frogatu da, eta etorkizun hurbil batean ere neurri hori erabiltzen jarraituko dela uste du: «Urte batzuk barru ez da arraroa izango maskara autobusean erabiltzea». EHUko irakaslearen iritziz, osasun agintariek maskararen aldeko pedagogia egin beharko lukete, pertsonarik zaurgarrienak babesteko: «Arnasaren bidezko infekzioak dauden saioetan maskara erabiltzea mesedegarria izango litzateke».
UGO MAYOREHUko Ikerbasqueko ikertzailea
«Praktikan, toki itxi ugaritan, aspaldi ez da maskararik janzten»
EHUko Ikerbasqueko ikertzailearen iritziz, Ipar Euskal Herrian maskararen erabilera arindu izana beste urrats bat da azken hilabeteetan hartutako norabidean: «Praktikan, toki itxi ugaritan aspaldi ez da maskararik janzten —jatetxeetan eta etxe atarietan esaterako—; beraz, pauso honek eragina izan dezake kutsatzeetan, baina azken hilabeteetan izandako joeraren jarraipena baino ez da». Hego Euskal Herrian ere aurki irits liteke maskara toki itxietan erantzi ahal izateko baimena, eta, Mayorren iritziz, behin neurri hori kenduta, «zaila» izango da herritarrek berriro erabiltzea. «Borondatez ez bada, nork bere burua babesteko beldurragatik edo ospitaleetan besteak babestu behar direlako, nekez jantziko dugu». Mayorrek zentzu handiagoa ikusten dio aireztapenarekin lotutako neurriak hartzeari.
BEGOÑA DIEZMikrobiologo
«Azkarregi jokatzea ez da sekula bidelagun ona izan pandemian»
Neurriak arintzearen alde dago Begoña Diez EHUko Mikrobiologia eta Immunologia irakaslea, baldin eta «apurka» egiten bada. «Azkarregi jokatzea ez da sekula bidelagun ona izan pandemian», ohartarazi du. Uste du maskararen kasuan «arrisku-onura parametroa» erabiltzea oso egokia dela, eta bestelako neurri murriztaile askorekin alderatuta neurri «eramangarria» dela. Orain, gainera, neurri horri eusteari zentzua ikusten dio Diezek, transmisioari lotutako datuak handiak direlako eta ospitaleetan eragina izan dezakeelako. Gaineratu du arnas aparatuko infekziorik ez izateko «neurri eraginkorra» dela maskara, eta egoera jakinetan hura erabiltzen jarraitu beharko litzatekeela.
Koronabirusa
Maskara eranztea, dudazko
Ipar Euskal Herrian toki publiko gehienetan maskara ez da baitezpadakoa, eta txertatze ziurtagiria ere bertan behera utzi dute. Maskara toki itxietan erabiltzen jarraitzearen alde agertu dira aditu ugari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu