Osasun etxeetan maskara erabiltzera derrigortzeko neurriaren aurka dagoela erantzun dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Lehenik eta behin, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak atzo ez zuela eman maskararen erabilera beharrezko bihurtzeko argudiorik, eta gogorarazi dio ez dagoela larrialdi egoerarik deklaratuta. Hori dela eta, ohartarazi du derrigortze hori inposatzeak «inplikazio juridikoak» izan ditzakeela.
Autonomia erkidego bakoitzeko osasun egoera ezberdina da, eta Sagarudik uste du ez duela zentzurik irizpide bera erabiltzeak arnas gaixotasunen intzidentzia maila ezberdineko lurraldeetan. Horren ordez, maskararen erabilera gomendatzearen eta bestelako neurri batzuk indartzearen alde egiteko eskatu du Sagarduik, eta lekuz leku neurri bereziak hartzeko, egoeraren arabera: «Egoera bakoitzak bere azterketa eta bere neurriak behar ditu, egoera epidemiologikoa ez baita berdina».
Sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako autonomia erkidego gehienek ez dute uste eraginkorra denik maskara derrigorrez erabiltzea osasun etxeetan eta ospitaleetan birusen hedapenari galga jartzeko, gainontzeko espazioetan ez delako beharrezkoa babes neurri hori erabiltzea. Gainera, epidemiaren «gailurra» gero eta gertuago dagoela uste du Sagardik, eta egoera epidemiologikoak ez duela eskatzen Espainiako Gobernuak atzo goizean proposatutako neurriak hartzerik, ez eta gauean haiek derrigorrezko bihurtzeko neurriak iragarri beharrik ere.
«Egoera bakoitzak bere azterketa eta bere neurriak behar ditu, egoera epidemiologikoa ez baita berdina».
GOTZONE SAGARDUI Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Juridikoki ere «inplikazioak» izan ditzakeela uste du Sagarduik, ez dagoelako larrialdi egoerarik deklaratuta maskara erabiltzera behartzeko. Halako neurriak hartzeko eskumena erkidegoen esku dagoela ere esan du Sagarduik. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak jada lanean ari dira, Espainiako Gobernuak «inposizioaren bidetik» jarraituz gero helegiteak aurkezteko. Hala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, Iñaki Subijanak, Radio Euskadi irratian adierazi du Osasun Ministerioak inposatu dezakeela maskararen erabilera, eta bi bide aurkeztu ditu: Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordean erkidegoak ados jartzea, edo «aginduzko koordinazioa» ezartzea.
Jaurlaritzaren proposamena
Espainiako Gobernuak bi eguneko epea eman zien atzo autonomia erkidegoetako gobernuei Osasun Ministerioak eginiko proposamenari ekarpenak egiteko. Bihar bilduko dira berriro. Eusko Jaurlaritzak berea egingo du: derrigortasuna kentzeko eskatuko du, baita erkidego bakoitzak bere neurriak hartu ahal izatea ere.
Bestalde, gaixoaldi baimena langileak berak hartzeko aukera ez onartzeko ere eskatuko dio Osasun Ministerioari, ez baita bere eskumena.
Espainiako Gobernuaren proposamenari ezezko borobila emango dion ala ez galdetu diote Sagarduiri. Erantzun du «litekeena» dela, Espainiako Gobernuak jarrera aldatzen ez badu behintzat. Hala ere, atzoko bilerari alde positiboa ere ikusi dio sailburuak, uste baitu «ondo» dagoela erkidego bakoitzak bere egoeraren berri ematea eta besteen proposamenak entzutea.
Forma txarrak
Eusko Jaurlaritzaren proposamena aurkeztu aurretik, atzoko bilera nola joan zen azaldu du Sagarduik, Osasun Ministerioak izan zuen jarrera salatzeko. Lehenik eta behin, adierazi du Madrilen asmoak prentsaren bitartez jaso zituela aurreko egunetan. Deialdia inongo dokumentaziorik jaso gabe iritsi zitzaiela ere zehaztu du.
Bilera 09:30ean hasi zen atzo, modu telematikoan, eta hura hasi eta ordu laurdenera txosten bat jaso zuten, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordearen erabakiak izenekoa. Antza, hitz egin eta eztabaidatu aurretik jada prest zuten dokumentua, nahiz eta erkidego autonomo gehienek ez zituzten babestu Espainiako Gobernuak proposatutako neurriak.
«[Osasun] Ministerioak, jakinda autonomia erkidegoen eskumena dela, erabaki du lanean jartzea eta beharra duten erkidegoei laguntzea».
MONICA GARCIA Espainiako Osasun ministroa
Monica Garcia ministroak erabilitako kolapso hitza ere gaitzetsi du Sagarduik, ez duelako uste errealitateari erantzuten dionik. Bestalde, Osasun Ministerioak aurkeztutako neurri batzuk «garrantzi handikoak» dira sailburuarentzat, eta gehitu du maskara erabiltzera derrigortzeak lan asko dakarrela atzetik; adibidez, zigorrak ezartzea eta eskumenak banatzea.
Garcia, «normaltasun» eske
Espainiako Osasun Ministerioak ezarri nahi duen maskararen erabileraren derrigortasunarekin kritiko azaldu diren erkidegoei neurriak «normaltasunez» aplikatzeko eskatu die Monica Garciak, Antena 3 Espainiako telebista katean eman duen elkarrizketan. Maskararen erabilera jada derrigortu duten erkidegoak juridikoki babesteko ezarri nahi du ministroak neurri hori. Hala ere, azaldu du ez dituela erkidegoetako gobernuak ezer egitera behartuko, «haien eskumenak» direlako: «[Osasun] Ministerioak, jakinda autonomia erkidegoen eskumena dela, erabaki du lanean jartzea eta beharra duten erkidegoei laguntzea».
Langileak berak gaixotasun baimena hartzeko neurriak ere harrabotsa sortu du, eta ministroak iritzi du ez duela lan absentismoa bultzatuko. Kontrara, neurria defendatu du, esanez lehen mailako arreta eta osasun zentroak arinduko dituela. Hala ere, oraindik luze jo dezakeela esan du, hasierako fasean baitago; sindikatuekin, patronalarekin eta beste hainbat ministeriorekin negoziatu behar du orain arau berria.