Sortu eta hamabost urtera egin du lehen kongresua EH Baik. Mugarri bat da Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleen bidean. Kideek aho batez bozkatu dute txosten politikoa, eta aurpegi berri anitzeko zuzendaritza bozkatu dute. Esperientziaren segurtasunarekin mintzo da Nikolas Blain koordinatzailea (Baiona, 1988); hasi berriaren dudarekin Mathilde Hary (Baiona, 1992); eledun gisa egiten duen lehen elkarrizketa da. Blainek erantzun du bereziki.
Zer markatzen du kongresuak?
NIKOLAS BLAIN: 2007an hauteskunde koalizio gisa sortu ondotik, 2014an eman genuen jauzia EH Bai manera iraunkorrean osatzeko, 2018an bilakatu ginen alderdi politiko Frantziako legediaren arabera. Guk nahiago dugu mugimendu politiko gisa aurkeztu, gure bi hanketan segitzen baitugu: arlo instituzionalean eta masa borrokarako anbizioarekin. Bazen eguneraketa baten beharra gure proiektu politikoan, eta ditugun erronka berriei aurre egiteko ere egituraketa berritzeko beharra genuen. Ariketa arrunt berria zen, baina lorpen handia. Aurrerapauso inportante bat eman dugu.
Zein dira urteotako lorpenak?
BLAIN: Ezkerreko abertzaleen bateratzea, eta hori ez da gutxi. Politikoki, berezko instituzioa lortzea. Estatus bereziko lurralde kolektibitatea da taktikoki aurreikusten dugun ondoko urratsa. Kongresuan berretsi dugu: autonomia eta independentzia ez dira hitz larriak, nahiz eta plaza publikoan gutxiago aipatu, egoera sozialak gure iduriko ez baitu permititzen. Baina gure ardura da hori ere berriz karrikara eramatea eta pedagogia lan bat egitea. Arlo guzietan abertzaleen ekarpena izan da, beste bidelagun batzuekin. Arriskua da EH Bairen proiektu politiko propioa garatzeaz ahaztea. Beharbada ez dugu aski egin azken urteetan.
Nolakoa da gaur egun mugimenduaren batasuna?
BLAIN: Gainditu dira azken hamarkadetan genituen haustura lerroak. Denak ados gara errateko Hego eta Ipar Euskal Herria batera joan behar direla baina prozesu asimetrikoak ditugula, eta hemen mugimendu propio bat behar dugula; instituzio eskaeran ere ados gara. Aldarrikapenetan eta oinarri ideologikoetan ez da zatiketarik. Egon dira zuzenketak eta zuzenketak txosten politikoan, baina hobekuntzak ziren antitesiak baino gehiago. Aho batez onartua izan da bide orri politikoa. Lehen 200 kide ginen, eta orain, 400, aurtengo kuota ordaindu dutenak. Haatik, trenkatu ez duguna hauteskundeetako aliantza politika da. Azken urteetan plaza publikoan ere agertu dira desadostasunak, bereziki Baionako bigarren itzuliaren harira edo elkargoko lehendakaritzarako hautagai bat aurkezteari buruz.
Zer perfil du azken urteetan EH Baira hurbildu den jendeak?
MATHILDE HARY: Nire familian ardurak izan dituzte CGT eta FO sindikatuetan; txikitatik entzun dut politikaz mintzatzen. Aspalditik parte hartzen dut manifestazioetan. Ez nintzen ikastolatik pasatu, baina hemen sortua naiz; euskal munduan ontsa sentitzen naiz, eta balioekin bat egiten dut. Euskara ikastearekin atzeman dut zentzu bat; momentu hartan sartu nintzen mugimendu abertzalean.
BLAIN: Badira aspaldiko militanteak EH Baiko kide sentitzen zirenak karta hartu gabe; horietako batzuek urratsa egin dute kongresuarekin. Bada ere jende berria EH Baira sartu dena. Badira hamar urte hor naizela, baina Mathilderen ibilbidearen parekoa dut nik ere. Gure helburua hori da: txapel orokor bat eskaintzea. Ohartaraztea Enargia hartzen duen bati, Euskoa erabiltzen duen bati, Bizin militatzen duen bati, AMAPean kontsumitzen duen bati... hori gauzatzeko bozka papera EH Bairena dela. Gero eta bozkatzaile gehiago ditugu, eta aurpegi berriak sartzen ari dira.
Burujabetza xede, EH Bildurekin akordio estrategikoa berritu eta indartu nahi duzue. Orain artekoak ez du askorako eman.
Zinezko esparru bat egituratu behar dugu, eta zuzendaritzan horren ardura izanen du kide batek. Zailtasunak ditugu erritmoengatik. Ondoko urteetan gu lasaiago gara, eta Hego Euskal Herrian hauteskunde hitzordu nagusietan sartuko dira. Ez da estakurua izan behar. Gainditu behar dugun galga bat da. Behar dugu eskaintza politiko integral bat zazpi lurraldeetakoa.
Euskal Elkargoa gainditu eta estatus bereziko lurralde elkargo batera pasatzeko garaia dela erran duzue. Gehiengo sozial bat mobilizatzeko aukera ikusten duzue?
HARY: Gure ustez ezinbestekoa da pauso hori ematea, sufragio unibertsala lortzeko. Jendeak ez du atzeman bere proiektu politikoa Euskal Elkargoan. Gure helburua da ahal bezain fite aitzinatzea lurralde kolektibitatera. Martine Bisautari entzun diot berriki, Jean Rene Etxegaraik ere aipatzen du; gero eta jende gehiagok aipatzen du beharra. Iruditzen zait denen artean kontsentsu berri bat atzemanen dugula horretara heltzeko.
Batera plataformarekin?
BLAIN: Batera hartu dugu erreferentzia gisa. Baina elkargoa sortu denetik ez du aktibitaterik izan. Lau aldarrikapen horiek izan behar dira? 2002ko 102 izenpetzaileak? Jakinez anitz desagertu direla eta berriak sortu direla. Ez dakit Batera zen bezala piztu behar den. Dena den Batera ez da gure tresna bakarrik. EH Baik bere gogoeta egin behar du, eta eragile guziekin partekatu. Ondoko asteetan eginen dugu; egin behar dugu.
Parisek ezezko borobila eman zuen garai hartan. Orain zerbait lortzeko aukerarik bada?
BLAIN: Naturalki, ez. Ez da berez jinen, beste arlo guzietan bezala. Borroka bat izanen da, indar harreman bat beharko da. Bake prozesua, etxebizitza arloa, azterketak euskaraz... Horretan ere berriz ekarri behar da hizpidera. Ipar Euskal Herriak aho batez eskatzen badu, momentu batean arazo politiko bilakatuko da Parisentzat.
Ikusi gehiago:«Erronka da Parisen aitzinean herri gisa agertzea»
27 kideko talde politikoa aurkeztu duzue elkargoan. Zer aldatuko du?
BLAIN: 2017tik sentitu dugu hautetsien arteko antolaketarako beharra; ariketa kolektiboan sartu gara hasieratik. Hautetsien lana erraztu dezaketen tresna guziak baliatu behar dira. Taldeak bere autonomia izanen du dosierrak lantzeko, baina oinarrian EH Bai dago. Bien artekoa eraiki beharko dugu.
Batzuk ez dira taldean sartu. Badira bi bloke hautetsien artean?
BLAIN: Badira hautu pertsonalak. EH Bai barnean segitzen dute, eta hautetsi guziekin segituko dugu harremanean. Segur naiz haiek ere taldearekin elkarlanean arituko direla elkargoan. Eta frogatzen bada bide eginez tresna eraginkorra dela, espero dugu egun batez denak biltzea talde berean. Berrehun hautetsi ditugu orotara EH Bain: askoz zabalagoa da eraman behar dugun lana.
2026ko hauteskundeak jarri dituzue jomugan. Nolako zerrendak aurkeztuko dituzue?
HARY: Erabakia zuzendaritzan eta herrietako plataformetan hartuko dugu. EH Bai etiketa izanen da, baina posible da herri batzuetan aliantzak izatea ezkerreko beste alderdiekin. Zeinekin, momentuko ez dakigu. Ikusiko dugu herri bakoitzean. Ez dugu oraindik elkarrizketarik hasi. Hiru urte ditugu prestaketarako.
Baionakoak tirabira handiak sortu zituen 2020an. Zer ondorio atera dituzue?
BLAIN: Idatzi genuen: Frantziako ezkerrarekin bai, baina ez edonorekin. Ez goaz postu batzuen bila; funts politiko baten inguruan eztabaidatzen ari gara. Hauteskunde garaian hitzematen denak badu bere balioa, baina, posible da abertzaleek Henri Etxeto bultzatzea Baionako auzapez gisa? Ezetz erabaki genuen. Besteek ikus dezatela zer bide egin nahi duten gurekin. Guk ateak irekiko ditugu. Baina memoria ere badugu.
Adostasuna bada?
BLAIN: Baionako bigarren itzulia bortitza izan zen, eta ez zen irabazia. Ez da arrunt naturala EH Baik sudurra sartzea Baionako eztabaidan. Bukaeran, ados ala ez, aplikatzen da EH Bairen iritzia. Bada Ipar Euskal Herri osoko zuzendaritza politiko baten onarpena. Iruditzen zait tenpus afera bat dela. Batzuek nahiago dute fiteago iritsi boterera, eta horrek behartzen ditu aliantzak. Beste batzuek diote EH Bai gisa egin behar dugun bidea ez dugula bukatu. Ez da gauza bera Etxetoren zerrenda batean sartzea ala Etxeto behartzea gure zerrendara sartzen.
Arrisku bat aipatzen duzue txostenean: osoki instituzioei begira aritzea, eta hauteskunde ikuskerak gidatzea ildo politikoa eta erabakiak. Autokritika bat da?
BLAIN: Maila batean bai. Besterik egiten badugu ere, hauteskunde urteetan gure aktibitate nagusia hauteskundeetan kontzentratzen da, pario hori egiten dugulako. Gure karrikako lana egituratzen lortu behar dugu. Mahai gainean jarri behar dugu EH Bai masa borrokarako tresna dela; ez gara beti horrela identifikatuak, ezta gure oinarri militantean ere. Ez gara lerratu behar bakarrik hauteskundeei begirako tresna batean. Lortu dugu oreka bat, baina ez guztiz orekatua. Ondoko hiru urteetan hauteskunderik gabeko hiru urte ditugu.
Uztailaren 14ko edo azaroaren 11ko zeremonietan parte hartzen ikusi ditugu EH Baiko hautetsiak: Eneko Aldana, Filipe Aramendi... Aramendik I. Mundu Gerlaz errandakoez distantzia hartu duzue. Hautetsi horien erabakiak bateragarriak dira EH Bairekin?
BLAIN: Izan beharko dira. Bada lan bat eramateko. Badu aspaldi auzapez abertzaleek parte hartzen dutela, protokoloak eskatzen baitu. Legeak ez du behartzen, baina ez gara urrun: prefeturatik gutunak heltzen dira Frantziako presidentearen argazkia edo Frantziako bandera jartzen ez baduzu. Bada antzeko jarrera bat zeremonia horietan parte hartzeko. Noiztenka arazo gehiago sortzen ahal du ez parte hartzeak. EH Bai gisa ez dugu definitu zer izan behar diren gure hautetsien jarrera eta hitzak horrelako zeremonietan, mediatikoki zer oihartzun ematen diogun... Zeremonia guziak ez dira berdinak. Filipe Aramendirekin gertatu dena: guk ez dugu zalantzan jarri auzapez gisa bete behar duen rola zeremonia hori antolatuz; haatik, izan duen irakurketarekin ez dugu bat egin. Behar dugu definitu zein den protokoloa. Boikotatu nahi dutenentzat zer diskurtsorekin boikotatzen ahal duten. Ezkontzetan Frantziako banderaren xingola jartzea bezala: batzuek jartzen dute, besteek ez. Ez gara Frantziako Estatuaren ordezkari, baina mandatu publiko bat badugu Frantziako Estatuaren barruan. Oreka bat atzeman behar dugu.
Nikolas Blain eta Mathilde Hary. EH Baiko bozeramaileak
«Masa borrokarako tresna da EH Bai»
Hamabost urteko ibilbidearen ondotik sendo ikusten dute EH Bai Blainek eta Haryk. Estatus bereziko lurralde kolektibitatea dute helburu, eta 2026ko herriko bozak jomuga. Hauteskunderik gabeko epea baliatu nahi dute proiektua gehiago definitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu