«Emakumeen aurkako ofentsiba ekonomiko eta kulturala areagotzen» ari delakoan, Martxoaren 8an mobilizatzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Azaldu dute «nabarmen» zabaltzen ari direla «emakumeen aurkako jarrerak», eta, gainera, nabarmen okertzen ari direla andre langileen lan eta bizi baldintzak. Ondorioz, uste dute «kalera ateratzeko garaia» dela horri guztiari aurre egiteko.
Are, haien irudiko, «instituzioetan, sare sozialetan eta kalean» zabaltzen ari dira emaztekien kontrako jarrerak, baita «matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak» ere. «Horrez gain, krisialdi ekonomikoaren baitan langileon, eta, konkretuki, emakume langileon lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari dira, besteak beste, lan ezegonkorrak, lanaldi partzialak, bizitzaren garestitzea...», gehitu dute. Horrek guztiak are gehiago «normalizatu» du «emakumea bigarren mailako subjektu izatea», antolakundeak erran duenez.
Hortaz, uste dute hautu bat egiteko tenorea dela: «Emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatu». Antolakundeak «borrokarako deia» egitea erabaki du, Martxoaren 8aren «jatorrizko izaera iraultzailea berreskuratu» nahi baitute. Egun horretan mobilizazioak eginen dituzte hainbat herri eta auzotan, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean.
Bestalde, otsailean ere hainbat ekintza eginen dituzte: «Erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan baldintzen eta eskubideen alde, eta emakumeok sexu objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualitatearen aurka». Ekintza horietan guztietan parte hartzera deitu dute.