Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko zentroa gauzatu gabe dago oraindik ere, baina otsailaren 15ean aurrerapauso bat emanen dute: zentroa kudeatzeko fundazioa eratuko dute. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan eraikiko dute gunea, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile hil zituen lekuan. Greba egunak ziren, eta milaka langile batzar bat egiten ari ziren eliza hartan; poliziek negar gasa bota zuten eliza husteko, eta, gero, tiro egin eta kolpeak eman zizkieten elizatik atera ziren langileei.
Radio Euskadik adierazi duenez, proiektuan parte hartuko duten aldeek, fundazioaren eraketa ez ezik, obren epeak eta aurrekontuak ere zehaztu dituzte. Gasteizko Gotzaintzak eraikina erabiltzen utziko die, eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hiru milioi euroko inbertsioa eginen dute, eraikina zaharberritzeko.
Bien bitartean, Martxoak 3 elkarteak X sare sozialaren bidez adierazi du hedabideen bitartez jakin dutela fundazioaren eraketaren berri, eta oraindik zain daudela Gogora institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko —ezinbertzekoa da proiektuan parte hartzeko—. «Instituzioek hitzeman ziguten elkarrekiko konfiantza eta errespetua, baina deskonfiantza eta errespetu falta dira berriz ere».