Martxoaren 3a

Martxoaren 3ko langileen borroka goratu, eta egungoekin lotu dute Gasteizen

Memoria «justizia sozialaren aldeko borroka guztietan« islatzen dela azpimarratu du Martxoak 3 elkarteak. Biktimek Artolazabali egotzi diote adostu zutena urratu duela oroimenezkoaren aferan. Eusko Legebiltzarrak Martin Villa ikertzeko eskatu du, PSE-EE, PP eta VOXek kontra bozkatu arren.

Arratsaldeko manifestazioa, 1976ko martxoaren 3an hildako langileen irudiak buru dituela. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Aperribai - Unai Etxenausia
2022ko martxoaren 3a
20:27
Entzun

Justizia eta aitortza eskea gailendu dira Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurreneko ekitaldietan, Gasteizen, baina duela 46 urte hildako bost langileen borrokak ere ozen egin du oihartzun; batez ere, iluntzeko mobilizazioan. «Memoriak» bai, baina «eraildako senide eta kideen askatasun ametsak» ere «bizirik» dirauela, horixe aldarrikatu du Martxoak 3 elkarteak.

46 urte dira gaur Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Romualdo Barroso eta Bienvenido Perea langileak hil, eta beste hainbat zauritu zituela Gasteizko San Frantzisko elizan, eta goizeko nahiz iluntzeko ekitaldiek berriz ere azaleratu dute zenbateraino dagoen iltzatuta egun hori hiriaren oroimenean.

Arratsaldeko mobilizazioa izan da, batez ere, horren erakusle. ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deitutako manifestazioari milaka lagunek jarraitu diote. Bost langileen irudiek eta «justizia» leloak gidatu dute manifestazioa, Foruen plazara arte, eta, han, «Martin Villa, hiltzailea» oihu artean amaitu dute mobilizazioa.

Aurrez, baina, Martxoak 3 elkarteak ekitaldia egin du. Gasteiztarrei eskerrak eman dizkie elkarteak, hildako langileen memoria urterik urte eta eguneroko borroketan «bizirik» mantentzeagatik. «Justizia sozialaren aldeko borroka guztietan martxoaren 3a islatzen delako. Martxoaren 3ak bizirik dirau, egunero», adierazi du Nerea Martinez bozeramaileak.

Eskubideak, jokoan

Hildako langileen borroka egungoarekin lotu dute, halaber, sindikatuek, manifestazioaren amaieran. «1976an kaleak hartu zituzten pertsonak antikapitalistak ziren, eta osasun sistema unibertsal baten, kalitatezko hezkuntza publiko eta doako baten eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko zuen sistema baten alde egin zuten», adierazi dute, eta ohartarazi gain behera doazela orduko borroken ondorio diren eskubideak eta ongizate estatua bera. Horregatik, «gizarte aldaketa» aldarrikatu dute, «lan eskubideak, kalitatezko osasuna, hezkuntza publikoa eta pentsio duinak lortzeko».

Iragana geroan gorde beharraz ere aritu dira sindikatuak eta biktimen senideak, hala ere. Gai horretan, Martxoak 3 elkartea kritiko agertu da Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza Biktimen Oroimenezko Zentro bilakatzeko prozesuarekin, eta, zehazki, gai horretan instituzioek egindakoarekin. «Prozesua filtrazio faltsuekin ez zikintzera deitzen ditugu».

Izan ere, ordu gutxi lehenago Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak zentro horri buruz esandakoak bizi-bizi zeuden artean. Sailburuak esan du datozen hilabeteetan onartuko dituztela oroimenezkoaren fundazioaren estatutuak, eta patronatu batek kudeatuko duela. Aurreratu du, ordea, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek ahotsa izango dutela patronatu horretan, baina erabakitzeko gaitasunik ez. Martxoak 3 elkarteak salatu egin ditu adierazpenok Twitterren. «Artolazabal kontseilariak esandakoa ez dator bat orain arteko bilkuretan adostutakoarekin. Penagarria iruditzen zaigu data hau adierazpen horiekin zikintzea. Denon artean eraikiko dugu, edo ez da izango». Mezu hori bera zeraman pankartarekin egin dute manifestazioaren ibilbidea Memoria Gara elkarteko kideek.

«Autokritika zintzoa»

Mobilizazio nagusiaren aurretik ere izan da oroitza ekitaldirik. Eguerdian, alderdi politikoek, nork bere aldetik, loreak ezarri dituzte hildako langileen oroigarrian. Artolazabal bera ere izan da bertan, eta adierazi du atzoko egunak «estatuak» egindako «bidegabekeria aitortzeko» balio behar duela, zeina beharrezkoa baita gertatutakoa «argitzeko».

Espainiako Estatuari ere mintzatu zaio. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoari buruz «autokritika zintzoa» egiteko eskatu dio, eta, horrez gain, beharrezkotzat jo du egun horretan Poliziak egindako oldarraldiaren agiriak sekretupetik ateratzea. «Hori gakoa da memoriaz, egiaz eta justiziaz hitz egin ahal izateko», adierazi du.

EH Bilduk ere egin du lore eskaintza eta ondoko ekitaldia, eta han izan dira Martxoaren 3ko biktimen senitartekoak. «Ezker independentistaren ikuspuntutik, joandakoak ez dira soilik oroitzapenean bizi. Haien proiektuak, haien bizitzak eta haien ideiak gugan bizi dira», esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Aurrera begirako mezua zabaldu du Otegik, eta ezinbestekotzat jo du etorkizuna «Martxoaren 3an defendatutako balioetan oinarrituta» eraikitzea: berdintasuna, antifaxismoa, askatasuna, bizitza, elkartasuna...

Egungo gatazkez ere aritu da Otegi, eta, bereziki, Ukrainako gerraz. Gogoratu zuen Euskal Herriak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen kontra bozkatu zuela. «Herrien autodeterminazioaren eta bakearen alde, gerrari ez», aldarrikatu du, ozen. «Bi aukera baino ez daude mundu honetan», amaitu zuen Otegik: «Sozialismoa ala basakeria». EH Bilduk sozialismoaren alde lanean jarraituko duela gaineratu du, ondorengo belaunaldiak «bakean eta eskubideak bermatuta bizi daitezen».

Ekitaldi horretara batu da LAB sindikatua ere, berea amaituta. Gotzon Kortazar sindikatuko Gasteizko ordezkari nagusiak azaldu duenez, langileen borroka «sufrimenduz eta ahaleginez» josita dago: «Gaur ditugun lorpen guztiak kapitalari aurre eginez lortu dira; inork ez digu ezer oparitu, eta inori ez diogu ezer zor». Hala, azken hilabeteotan borrokan diren sektoreak izan zituen gogoan: zahar etxeak, garbitzaileak, kolektibitateak, etxez etxeko laguntza, hezkuntza, pentsiodunak...

Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea ere izan da oroigarrian, Cristina Gonzalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusiarekin batera. Mendiak esan du Martxoaren 3ko biktimak oroitzea «ohorea» dela, eta azpimarratu egin ditu Jaurlaritzak biktima guztien «aitortzaren, konpainiaren eta memoriaren alde egindako urratsak».

Ifrentzua, legebiltzarrean

Oso bestelako aurpegia erakutsi du Mendiaren alderdiak Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Rodolfo Martin Villa Espainiako Gobernuko ministro ohiak Martxoaren 3ko sarraskian izandako erantzukizuna ikertzeko eskatzen duena, eta haren kontra bozkatu du PSE-EEk, PPrekin eta VOXekin batera. Aldeko botoa gailendu da, hala ere, hala bozkatu baitute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eta abstenitu egin baita EAJ.

Martin Villak berak urtarrilean egindako adierazpenetan oinarritu du EH Bilduk legez besteko proposamena, zeinetan ministro ohiak aitortu baitzuen Espainiako trantsizioaren jokalekuan 1976ko martxoaren 3an eta 1978ko uztailaren 8an gertatutako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela, nahiz eta erantsi zuen gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda», haren aurkako akusazio autoak dioen bezala. Argentinako Ganbera Kriminal Federalak Martin Villaren kontra Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu ondoren egin zituen hitzok ministro ohiak.

Gaur onartutako proposamenaren bidez, legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Martin Villaren «erantzukizun politiko eta penala ikertzeko eta argitzeko». Era berean, Espainiako justizia Argentinakoarekin lankidetzan aritzeko eskatu dio, afera argitzeko.

Eztabaida parlamentarioan, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du Martin Villaren hitzek «iraindu» egin zituztela Martxoaren 3ko biktimak, eta, nahiz eta gai beraren inguruan aurrez ere hainbatetan eztabaidatu izan duten, esan du Martxoaren 3ko biktimek oraindik ez dutela izan ez justiziarik ez erreparaziorik. Alde horretatik, gaurkoa «errespetuaren parametroetan» egindako proposamen bat izan dela azpimarratu du. Horregatik, EAJri eta PSEri eskatu die «ez alboratzeko».

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak, hala ere, gogoratu du 2000tik legebiltzarrak zortzi aldiz gaitzetsi dituela Martxoaren 3ko gertakariak, beste hainbatetan 1936ko gerra eta diktadura, eta bi aldiz agertu diola babesa Argentinako justiziak Martin Villaren aurka zabaldutako auzibideari. Haren ustez, EH Bilduren proposamenak ez du «hobetzen, ez aldatzen» orain arte egindakoa, eta hala arrazoitu du alderdiaren abstentzioa. Maria Jesus San Jose PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, esan du legez besteko proposamenak ez duela helburu biktimen memoria eta erreparazioa, eta, gainera, zalantzan jarri du haren «sinesgarritasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.