Martxoaren 3ko kereila artxibatu izana salatuko dute epaitegiaren aurrean

Gasteizen egingo dute elkarretaratzea, martxoaren 2an. Espainiako justizia gobernuaren «morroi» dela arbuiatu dute elkarte memorialistek

Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako eta Martxoak 3 Elkarteko kideen agerraldia, atzo. JUANAN RUIZ / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko Instrukzioko 3 zenbakiko Auzitegiak martxoaren 3ko gertaeren kereila artxibatzeko erabakia hartuta, Espainiako Estatuaren «zigorgabetasuna» agerian utzi eta egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean oztopo berria jarri du. Hori uste dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak eta Martxoak 3 elkarteak. Joan den otsailaren 1ean erabaki zuen epaitegiak Arabako Batzar Nagusiek aurkeztutako kereila kriminala atzera botatzea, gertakariek preskribatu dutela argudiatuta, eta elkarteek gogor kritikatu dute auto hori. Era berean, iragarri dute kalera eramango dutela erabakiaren aurkako protesta: elkarretaratzea antolatu dute martxoaren 2rako —Gasteizko sarraskiaren 41. urtemugaren bezpera—, Gasteizko epaitegien aurrean, 12:00etan.

Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak dei egin die norbanako, elkarte eta alderdi orori, baina, bereziki, sindikatu guztiei, elkarretaratzean parte hartzeko, «salbuespenik gabe». Espainiako «zigorgabetasuna» salatu nahi dute horrela, eta, halaber, agerian utzi justiziak Espainiako Gobernuaren «morroi» gisa jokatzen duela.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek kereila kriminalak aurkeztu zituzten Gasteizko Justizia Auzitegian, joan den urteko urrian. 1976ko martxoaren 3an hirian jazotako hilketak argitu eta epaitu daitezela eskatzeko aurkeztu zituzten kereilak. Kereila bat batzar nagusiek eta aldundiak aurkeztu zuten, batera; bestea, Gasteizko Udalak. Auzitegiak foru aldundiko eta batzar nagusietako kereila tramiterako onartu zuen, baina, aldi berean, hura artxibatzeko ebatzi zuen, duela 41 urte izan ziren hilketak preskribatuta daudelakoan.

«Ez du preskribatzen»

Epaileak emandako argudioak «onartezinak» direla salatu du Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kideak. Oroitarazi du Gasteizkoa «gizadiaren aurkako krimen bat» izan zela, eta nazioarteko giza eskubideen legediak hala babesten duela. Gogora ekarri du Martxoak 3 elkartea Argentinako kereilan parte hartzen ari dela, eta, gertakari horietan oinarrituta, Francoren hainbat ministro eta polizia itauntzeko eskatu duela Maria Servini epaileak, Rodolfo Martin Villa eta Alfonso Osorio barne. «Zoritxarrez, Espainian epaileek gobernuaren menpe lan egiten dute, eta beldur diote nazioarteko legediari», salatu du.

Bide beretik, Jacinto Lara abokatuak dei egin dio Gasteizko epaileari aintzat har ditzala nazioarteko legediaren irizpideak. Horien arabera, 1976ko sarraskia gizateriaren aurkako delitua da, eta, hortaz, ez du preskribatzen. Larak uste du Gasteizko instrukzio epaileak «modu murriztailean» interpretatu dituela nazioarteko printzipioak. Gogoratu du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak berak sarritan ohartarazi duela nazioarteko araudia aintzat hartzekoa dela, eta Gasteizko epailea «nazioarteko araudiaren kontra» ari dela ondorioztatu du abokatuak.

Kereila artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztuko dute Batzar Nagusiek. Larak espero du epaileak jarrera aldatu eta errekurtsoa aintzat hartzea. Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak eta Martxoak 3 elkarteak, berriz, esan dute ez dutela «etsiko» euren asmoetan, eta Euskal Herriko eta Espainiako erakundeek administrazio kereilak aurkezten jarrai dezaten lan egingo dutela. Gainera, ez dute baztertzen Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea, Espainian bide judizial guztiak agortzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.