Martxoaren 3ko mobilizazioak, justiziaren eta erreparazioaren aldarrikapena egiteaz gain, tartea emango die «azken urteotan borroka historikoak izan dituzten sektore guztiei —pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari—». ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioaren harira. Iragarri dutenez, 18:30ean omenaldia egingo diete 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak erail zituen bost langileei, eta, gero, manifestazioa hasiko da, 19:00etan.
Prentsaurrekoan ere «patronalak langileen aurka egindako erasoak» asko izan direla salatu dute sindikatuek. «EEE edo ERE basatiak, prekaritatea ohiko praktika bihurtua, lan istripuak, jazarpen sindikala» eta abar aipatu dituzte. Halere, gaineratu dute langile mugimenduak erantzun egin diola horri: «Tubacexeko langileenaren moduko borroka eredugarriak ikusi ditugu, baina baita egoitzetako langileen, etxez etxeko laguntzakoen, garbiketakoen, hezkuntzakoen eta funtzio publikoetakoen borrokak ere».
Era berean, esan dute batzuek uste dutela borroka bakoitza independentea dela. Sindikatuek, ordea, uste dute «langileen erantzun bakoitzarekin kapitalaren urdailari emandako kolpe bat» dela borroka.
Horregatik, azaldu dute helburu batekin bilduko direla Martxoaren 3an: «1976ko martxo hartan hasi zutenari amaiera emateko».