Martxoaren 3ko sarraskia

Martxoaren 3a oroitzeko zentroa 2026rako zabaltzea espero dute

Arabako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Gasteizko Udaleko eta Gasteizko Elizbarrutiko ordezkariek iragarri dutenez, «berehala» eratuko dute Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa kudeatuko duen fundazioa.

Arabako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Gasteizko Udaleko eta Gasteizko Elizbarrutiko ordezkariek Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren inguruko prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
unai etxenausia
2022ko otsailaren 24a
16:15
Entzun

«Gasteizek 2026rako Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa izatea espero dugu». Hala adierazi du Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak. Arabako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Gasteizko Udaleko eta Gasteizko Elizbarrutiko ordezkariek Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko «konpromisoa berretsi» dute gaur eguerdian eginiko agerraldi batean. Jakinarazi zutenez, «berehala» eratuko dute zentroa kudeatuko duen fundazioa. Baina, Rodriguez Ranzen hitzetan, ezer ez da ziurra, eta «beharrezko barne izapideengatik prozesu konplexu eta luze» bat izan daitekeela ohartarazi du.

Duela urtebete erabaki zuten zentro hori Asisko San Frantzisko elizan -sarraskia gertatu zen plazan dagoen eraikinean- kokatuko dutela, Gasteizko Zaramaga auzoan. 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak hil zituen bost langileak «omentzeko gune bat» izango dela ziurtatu du Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak: «Martxoaren 3ko memoriak guztion memoria izan behar du, guztiontzako».
Lau erakundeek «hilabeteak» daramatzate proiektua aurreratzen, Rodriguez Ranzen esanetan, eta zentroa kudeatuko duen etorkizuneko fundazioaren estatutuak prestatzeko lanetan «aurrera» egin dute. Horrez gain, fundazioa sortu eta gero eman nahi dituzten pausoak azaldu dituzte: «Fundazioa sortu eta gero, zentrorako ideiak eta proposamenak jasotzeko tarte bat egongo da, proiektuari ekarpenak egiteko».

Gasteizko Gotzaindegiak zentroa elizan egiteko asmoa berretsi du. Carlos Garcia Gasteizko Elizbarrutiko bikario nagusiak nabarmendu duenez, Asisko San Frantzisko elizako eta haren inguruko gertakarien «zama emozionala handia» da, eta, beraz, memoriala kokatzeko «leku aproposa» da. Are, eraikinaren «benetako egoera» ezagutzeko lehen urratsak egin direla jakinarazi du bikarioak.

Azkenik, gizarte eta memoria erakundeekin zein biktimen familiekin «lankidetzan aritzeko lana sendotu» dutela adierazi du Rodriguez Ranzek. Kontrakoa adierazi dute, ordea, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideek sare sozialetan: «Egunkarian irakurrita jakin dugu nolakoa izango den gure ordezkaritza patronatuan. Ez dugu dokumentu ofizialik jaso organo horretan parte izatea aztertzeko eta onartzeko (edo ez onartzeko)». Gaurko agerraldia «euren kabuz» egin izana salatu dute, eta memoria «guztien artean» eraiki behar dela aldarrikatu.

Bost hildako

1976ko martxoaren 3ko data markatuta dago Gasteizko eta herritarren memorian. Ia 46 urte pasatu dira Espainiako Poliziak Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro Maria Martinez Ocio erail zituenetik. 17 eta 32 urte bitarteko gazteak ziren. Gainera, ehunka pertsona zauritu zituzten Martxoaren 3ko sarraskian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.