Martxoaren 3a «errepresiorik gabe» oroitzeko eskubidea aldarrikatu dute Gasteizen

Martxoaren 3an Ertzaintzak izaniko jarrera kritikatu dute, eta jakinarazi bi lagun zauritu zituztela: batek hankan ditu zauriak, Poliziaren furgoneta batek harrapatua; besteak masailezurra du hautsia, «itxura guztien arabera» foam jaurtigailu batek jota.

Martxoak 3
Martxoak 3 elkarteak, eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuen agerraldia, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
aitor biain
2024ko martxoaren 6a
19:15
Entzun

Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, 1976ko sarraskia oroitzeko manifestazioan Ertzaintzak izandako jarrera salatzeko eta zaurituei nahiz atxilotuei elkartasuna adierazteko. Martxoaren 3ko gertakariak «errepresiorik jasan gabe» oroitzeko eskubidea aldarrikatu dute eragileek. Zaramaga auzoko oroitarriaren aurrean egin dute agerraldia, dozenaka lagunen babesean.

Elkarteak eta sindikatuek berretsi dute igandeko manifestazioko Ertzaintzaren oldarraldia neurrigabea izan zela, eta ehunka pertsona «arriskuan» jarri zituela: «Ertzaintzaren oldarraldi horiek oso larriak dira, erabat onartezinak, eta ezin dira errepikatu». Hori dela eta, erantzukizunak argitzea galdegin dute, eta neurriak hartzea exijitu, etorkizunean berriro halakorik errepikatu ez dadin.

«Ez da onargarria Martxoaren 3ko memoriari urtero poliziak zauritutako pertsonak gehitzen jarraitzea», gaitzetsi dute. Izan ere, adierazi dute halako gertakariek Poliziaren indarkeria jasan dituztenak «birbiktimizatu» egiten dituztela, bai 1976an hildakoak eta bai orduz gero oldarraldiren batean ondorioak jasan dituztenak.

Eragileek gogorarazi dute Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldien helburua 1976an Poliziak hildako bost langileentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzea dela, eta hala egin dutela azken 48 urteetan, unean uneko aldarriei lotuta betiere. «Aurten pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatu dugu, eta aitortza berezia egin diegu orduko borroka eta bizitza posible egin zuten emakumeei eta gaur egun zaintzaren sektorean beren eskubideak borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dituztenei».

Horiek hala, eragileek nabarmendu dute mobilizazioak «herrikoiak» izan direla beti, eta hala  izango direla aurrerantzean ere. «Mobilizazio hauek urtez urte haziz joan dira, eta langile gasteiztarrek hasitako borrokaren garra bizirik mantentzen dute», azpimarratu dute. Eta zera erantsi: «Martxoaren 3a gogoratzen jarraituko dugu, kalean aldarrikapen sozial eta laboralak modu masiboan erreklamatzen jarraituko dugu, adin guztietako pertsonekin eta kolektibo sozialekin». Nerea Martinezek (Martxoak 3 elkartea), Igor Chillonek (LAB) eta Begoña Velazquezek (ELA) hartu dute hitza eragile guztien izenean.

Zauritu ugari

Agerraldian, eragileek elkartasuna eta babesa adierazi diote Ertzaintzak igandeko oldarraldian zauritu zituenei. Baita istilu harien harira atxilotu zituzten lau lagunei ere. Izan ere, izenik aipatu gabe, adierazi dute Eusko Jaurlaritzak azken horiek erabili dituela Ertzaintzaren oldarraldia eta indarkeria «justifikatzeko». Halaber, eskertu egin dute antolakuntzaren izenean boluntario lanetan aritu zirenen egitekoa, «kalteak handiagoak ez izatea lortu baitzuten». Manifestazio hura, hain zuzen ere, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek antolatu zuten.

Ez dute zauritutakoen kopururik eman, dena den, oraindik kasu guztien bilketa egiten ari direlako. Izan ere, Ertzaintzaren borra baten edo foam jaurtigailuen kolpez zauritutakoei dei egin zieten sindikatuekin harremanetan jartzeko, haien egoera zein den jakin eta zerrenda osatu ahal izateko. Igandean jada iragarri zuten «dozenaka» izan zirela Poliziaren oldarraldiaren ondorioz min hartu zutenak. 

Hain zuzen, horietako biren egoeraren berri eman dute gaur. Jakinarazi dute zaurituetako batek masailezurra bi lekutan duela hautsia, «itxura guztien arabera» foam jaurtigailu baten kolpearen ondorioz. Eta peronea hautsia ote duen baieztatzeko zain dago beste bat; Ertzaintzaren furgoneta batek harrapatu zuen hura.

Oraingoz, bi salaketa jarri dituzte, eta beste bat jartzeko aukera ere aztertzen ari dira. Ertzaintzaren komisarian jarri da horietako bat, eta epaitegian bestea. Ez dute jakinarazi salaketa horiek aurrez aipatutako bi zauritu horiekin lotura duten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.