Martxoaren 3an 49 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta ehunka zauritu zituenetik, eta urtemuga hori oroitzeko manifestazioa antolatu dute ELA, LAB, ESK, eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak. 18:00etan hasiko da, Zaramaga auzoko Martxoaren Hiruaren plazatik, eta Maria Sortzez Garbiaren katedralaren aurrean —katedral berria ere esaten zaio— amaituko da, 1976ko hileta jendetsuak gogoratuz. Sindikatuek Martxoaren 3 «herrikoia» aldarrikatu dute, «sozialki plurala eta masiboa» izango dena. Memoria kolektiboko ariketa «askatasunez» egin ahal izatea eskatu dute.
Sindikatuek adierazi dute aurten «arreta berezia» jarriko dutela horretan. Izan ere, iaz istiluak izan ziren manifestazioan. Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei; lau lagun atxilotu zituzten, eta hainbat zauritu. Haietako bati masailezurra hautsi zioten foam jaurtigai batekin, elkarteak salatu zuenez. Halakorik berriro gerta ez dadin, neurriak eskatu dizkiote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari: «Segurtasun Sailari eskatzen diogu bermatu dezala askatasunez manifestatzeko eskubidea, iazkoak bezalako gertakari errepresiboak errepika ez daitezen».
Aldi berean, mobilizaziorako deia egin duten erakundeek «erantzukizun kolektiboa» eskatu diete ekitaldietan parte hartuko dutenei, «hasieratik amaierara mobilizazio masiboa egitea ahalbidetuko duen eremu libre eta segurua eraikitzeko». Eta iragarri dute neurriak hartuko dituztela, «zaintza eta elkarrekiko babesa lehenesteko». «Martxoaren 3ko memoriak borrokarako eta aldarrikapenerako gune bat merezi du, non mobilizazio masiboa funtsezkoa izango den».
Bizitza duinen alde
Sindikatuek azaldu dute duela 49 urte bezala gaur ere hamaika arrazoi daudela langile borrokari eusteko. Izan ere, gogoratu dute 1976an langileak esplotazio eta sistema frankistaren aurka egiteko atera zirela kalera, eta soldata eta lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko. Bada, haien ustez, «borroka horrek» indarrean jarraitzen du gaur egun ere, aurre egin behar baitzaie oraindik «esplotazio kapitalistari, faxismoari, autoritarismoari, planetaren suntsipenari, arrazakeriari, heteropatriarkatuari, eta lan eta gizarte eskubideen murrizketari».
Horiek horrela, aurtengo leloa honako hau izango da: Faxismoaren aurrean antolatu. Eskubide sozialen alde borrokatu. «Justizia sozialaren alde bizitza eman zutenen oroimena ohoratzeko modurik onena guk antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da, klase kontzientziaz eta elkartasunez, eta alternatibak planteatuz», adierazi dute.
Halaber, Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatearen aldeko aldarria egingo dute aurtengo mobilizazioan, iritzi baitiote prekarizatutako sektoreetan diharduten beharginei ez ezik gizarte osoari ere mesede egingo diola. Pentsiodunen mugimendua, eta zainketen edo osasunaren, hezkuntzaren eta, oro har, zerbitzu publikoen aldeko dinamikak ere goratuko dituzte. «Duela 49 urteko memoria hori ohoratzeko, pertsona guztientzako bizi baldintza duinen aldeko borroken lekukoa hartzen dugu».