«Gure ustez, Auzitegi Gorenaren epai honek garrantzi politiko handia du. Horregatik, argi eta garbi adierazi nahi dugu ez gaudela ados». Nafarroako 11 udalerritako alkateek autogobernua errespetarazteko agiri bat sinatu dute, eta harekin bat egitera deitu dituzte gainerako alkateak eta herritarrak. Halaber, eskatu dute joateko martxoaren 2an 17:30ean Iruñeko Sarasate pasealekuan egingo den elkarretaratzera .
Nafarroa defendatu agiria sinatu duten 11 alkateek Nafarroaren luze-zabaleko udalerriak ordezkatzen dituzte: Altsasu, Antsoain, Azkoien, Burlata, Donamaria, Erriberri, Erronkari, Puiu, Torres del Rio, Zirauki eta Zizur Nagusia. Gaur, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko egoitzan egindako agerraldian, manifestuaren berri eman dute alkateok. Haren edukia laburbildu dute Berta Arizkun Burlatako alkateak, euskaraz, eta Alfredo Agos Torres del Rioko alkateak, gazteleraz.
Aste honetan, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du trafiko eskumena itzultzeko prozesua. Epaiak planteatutakoari irtenbide bat emateko, ostegunean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak aurreratu zuen Foru Hobekuntzan «erreforma azkar bat» egitea bultzatuko duela.
Alkateen iritziz, egoerari irtenbidea emateko lege formulek balioa dute, baina «horrek ez du salbuesten epai horrek dakarrenaren kritika egitea». Berta Arizkunek euskaraz adierazi duenez, «Nafarroaren gehiengo politikoaren aurkako erasoa da, autogobernuaren eta eskubide historikoen aurkako erasoa da». Argi dute, halaber, epaiaren atzean «estatuaren bultzada politiko birzentralizatzailea» dagoela.
«Ez da lehen aldia»
Gaineratu dute ez dela lehen aldia autogobernuari eraso egin eta atzera eginarazi zaiona. «Horregatik uste dugu erantzun jarrera irmoa hartu behar dugula, berriro gerta ez dadin». Printzipio bati heldu nahi diote tinko: «Nafarroaren eskumen historikoak ezin dira egon nafarren borondate politiko eta demokratikotik kanpoko tresnen mende, ezta borondate hori menderatzen duten dinamika birzentralizatzaileen mende ere».
Aldarrikatu dute funtsezkoa dela nafarrek gaitasuna izatea beren bizitzari zuzenean eragiten dioten politika publikoak garatzeko. «Hori dago hemen jokoan», ohartarazi dute Arizkurenek eta Agosek. Ezinbestekotzat jo dute Nafarroa errespetatzea eta norbere burua gobernatzeko ahalmena defenditzea. «Guztion artean egin behar dugu hori, honek guztioi eragiten baitigu».
Lehenik eta behin, lurraldeko gainerako alkateei helaraziko diete Nafarroa defendatu agiria, haren edukiarekin bat egin dezaten. «Hemendik, denak gonbidatu nahi ditugu atxikitzera».
Herritarrei ere dei egin diete datorren larunbatean 17:30ean egingo den elkarretaratzera. Epaiaren aurka egiteko aukeratu den tokiak esanahi sinboliko berezia du: Sarasate pasealekua. Foruen Monumentua altxaturik da bertan, Gamazadaren aurrean —XIX. mendearen amaieran— foruen eta orduko erabaki ahalmenaren defentsan egin zen herri protesta zabalaren omenez. Hain zuzen ere, halabeharrez-edo, Gorenaren epaia oso garai berezian etorri da: herri erantzun zabal hark 130 urte bete ditu asteon.
EAJ eta Txibite
Nafarroako EAJk batzarra egin zuen ostiral iluntzean. Haren ondotik, Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidenteak ohartarazi du Gorenaren epaia «arriskutsua» dela: «Trafiko eskumenaz harago, bide arriskutsu bat adierazten du, eta aurrekari bat da etorkizunerako». Larri deritzo Gorenak Nafarroaren eskubide historikoak aintzat ez hartzeari. «Aditzera ematen du ez dakiela zer den foraltasuna».
«Ez dut utziko Foruzaingoaren izena erabiltzen Nafarroari eraso egiteko. Trafikoaren eskumena hartzea ez da ez ezeren eta ez inoren aurkako eraso bat».
MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria
Goizean, bestalde, Foruzaingoaren ekitaldi ofizial batean izan da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Han, Txibitek dei egin die gainerako alderdiei «zaratatik» aldentzera, eta ikuspegi bateratu bat lortzera: «Ez dut utziko Foruzaingoaren izena erabiltzen Nafarroari eraso egiteko. Trafikoaren eskumena hartzea ez da ez ezeren eta ez inoren aurkako eraso bat. Erantzukizun hori bere gain hartu nahi du Foruzaingoak, lortutako ezagutza guztia baliatuz ahalik eta zerbitzu hoberena lortzeko».
Ivan Ortueta Foruzaingoaren buruzagiak onartu du albisteak eragina izan duela foruzainen artean. «Haatik, ez gaitu aldenduko helburua lortzeko bidetik». Espero du aurrerantzean ere konpromiso eta borondate politiko bera izatea hala Nafarroako Gobernuak nola Espainiakoak.