Martxoaren 29an eta 30ean berrituko du EAJk zuzendaritza

Donostian egingo du alderdiaren IX. Batzar Nagusia. EBBk bost puntu aurkeztu ditu eztabaidarako.

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, Alderdi Egunean, Forondan. L. RICO / EFE
Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, Alderdi Egunean, Forondan. L. RICO / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko irailaren 29a
10:45
Entzun

«Alderdia gara», egin du oihu Andoni Ortuzarrek gaur Forondan EAJren Alderdi Egunean. Eusko Alderdi Jeltzaleak martxoaren 29an eta 30ean berrituko du zuzendaritza. Donostian egingo dute jeltzaleek IX. Batzar Nagusia, eta alderdiko presidentea eta zortzi burukide aukeratuko dituzte. Ortuzarrek, baina, ez du argitu jarraituko duen edo ez. «Ez zaitzatela kazetariek kutsa. Ez galdetu niri zer egin behar dudan. Galdetu zeuen buruei, zer egingo duzuen alderdiaren mesedetan».

Ortuzarrek zuzendaritza berritzeko prozesuan parte hartzera deitu ditu jeltzaleak. Alderdiaren etorkizuna zehaztuko duen prozesua izango dela esan die, eta Forondatik «txisparekin» ateratzeko eskatu die. EAJk gaur bere oinarriei jakinarazi dienez, zuzendaritza berritzeko prozesua urtarrilaren 20an hasiko da. Otsailaren 2ra bitartean alderdikideek batzokietan EBBrako presidentegai bat eta sei burukide proposatu beharko dituzte. Hiru herri erakundeen babesa lortzen duten hautagaiek bigarren bozketara pasatuko dira; hori otsailaren 10etik 26ra egingo dute, eta hor presidentegai bat eta zortzi burukide aukeratuko dituzte.

Herrialde Batzarrak otsailaren 27tik martxoaren 26ra izango dira, eta batzokietako ordezkariek herri bakoitzean aukeratutako hautagaien berri emango dute. Herrialde Batzarretan hautatutako ordezkariak Aberri Batzarrean bilduko dira, Donostian egingo den Batzar Nagusian, eta hor Herrialde Batzarretako emaitzen berri emango dute.

Ehun lagunek izango dute Donostian Batzar Nagusian botoa emateko eskubidea: Bizkaiko Herrialde Batzarreko 38 ordezkarik, Gipuzkoako hemeretzik, Arabako hemezortzik, Nafarroako hamabostek, Ipar Euskal Herriko bostek, Madrilgo batek, Argentinako batek, Txileko batek, Mexikoko batek eta Venezuelako beste batek.

EBBK bost agiri aurkeztu ditu prozesu horretan eztabaidatzeko, eta, horrela, EAJren ideia nagusiak eguneratu nahi ditu:

1.- Euskadi, Nazio Europan: Burujabetasuna, Nortasuna eta Helburu politikoak.

2.- Askeago izateko nazio oparoa eraikitzea: Justizia Soziala eta Hiritarren Eskubideen bermea.

3.- Mundu hobe baterako Nazioa, jasangarritasuna zainduko duena, bakean biziko dena.

4.- EAJ-PNV, bere Herriaren zerbitzura dagoen alderdia: euskal herritarrekiko loturak.

5.- Antolaketa demokratikoa, alderdikideek egina eta arina, Euskadik dituen erronka politiko eta sozialei erantzuteko.

Bost puntu horien zirriborroak datozen bi hilabeteetan osatuko dituzte lantalde batzuetan, eta, EBBk onetsi ostean, abenduaren 9an Uri Erakundeetara bidaliko dira alderdikideek azter ditzaten. Proposamenak jaso ondoren, Donostiako Batzar Nagusian onetsiko dituzte.

Pradalesen lehen aldia

Imanol Pradalesek lehen aldiz hitz egin du Alderdi Egunean Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisara. Bere hitzaldian, «akordio politiko» baten aldeko apustua berretsi du, eta akordio horrek «Euskadi» nazio bat dela jaso behar duela. Pedro Sanchezi gogoratu dio, gainera, EAJrekin egin zuen akordioan dagoela hori jasota, eta horrek hitza betetzera behartzen duela.

Pradalesek Iñigo Urkullu izango du gogoan Forondan. Esan du kate baten azken katebegia dela. Ortuzar ere antzera mintzatu da amaieran. Alderdikideei esan die Alderdi Eguna eurak direla, eta kate bat direla. Ekitaldia bukatzeko, 101 urteko militante bat eta beste militante gazte bat igo dira oholtzara, eta, kate batean katebegi bat jarriz, Ortuzarrek eta Pradalesek esandakoa irudikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.