Martxoan mobilizazioa egin zuten gazte eragileek «kezkaz» bizi dute Hezkuntza Legeak hartu duen norabidea

Hizkuntza ereduei eustea gazte belaunaldia euskalduntzeko aukerari «bizkarra ematea» dela adierazi dute, eta «euskara erdigunean» kokatuko duen sistema bat aldarrikatu dute.

HEZKUNTZA EUSKARAZ-MOBILIZAZIOA
Gazte Euskaltzaleen Sarearen mobilizazioa, martxoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko azaroaren 16a
13:00
Entzun

Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta hainbat unibertsitatetako euskara taldeek agiri bateratua egin dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legea hartzen ari den norabidea deitoratzeko. Martxoaren 23an mobilizatzera deitu zuten eragileek «kezka handiz» hartu dute hizkuntza ereduak mantentzearen alde EAJk eta PSEk erdietsi duten akordioa. «Hezkuntza Lege proposamen honek kontrakoa jaso du orain arte», adierazi dute. «Hauek alboratzeko proposamena jasotzen du, euskara ardatz izango duen sistema eleaniztun bat planteatuz». Hala, azken orduan adostutako zuzenketa hori «onartezina» zaie: «Egun ikasle guztiok ditugun arazo eta oztopoak betikotu besterik ez ditu egiten, gure hizkuntzaren biziraupena bera kolokan jarriz».

Martxoaren 23an Hego Euskal Herriko milaka ikaslek mobilizazioak egin zituzten hezkuntza sistema euskalduna aldarrikatzeko. «Hau eskuratzea denon erronka bada ere, agintari politikoen borondatea ezinbestekoa da», orduko deitzaileen hitzetan. «Ezin dugu onartu alderdien interes indibidualak herri interesen aurrean gailentzea: jokoan duguna garrantzitsuegia da norbere zilborrari begira egoteko».

Hala ere, adierazi dute dena ez dagoela galduta, eta bakoitzak bere eremutik zuzenketa hau atzera botatzen saiatu behar duela. «Euskalgintzako eragileak, hezkuntza komunitateko eragileak, sindikatuak, eragile politiko eta sozialak... denon esku dago bultza egin eta gure hizkuntzaren garapenari, jakintzari eta erabilerari azken urteetan hainbeste arazo ekarri dizkion neurri hau baliogabetzea».

Euskara erdigunean kokatuko duen hezkuntza sistema bat aldarrikatu dute euskaltzale gazteek. «Euskarak bigarren mailako hizkuntza izateari utzi eta lehen lerroan egon behar du, denok eskubide berdinak bermatuak izan ditzagun. Herri gisa ezin dugu bestelakorik onartu». Horregatik, baieztatu dute gazte eta ikasleak «parte aktibo» izango direla hemendik aitzina ere bataila horrekin segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.