Martxoak 3 elkarteak eta Gogora institutuak lankidetza hitzarmena sinatuko dute bihar

Elkarteak 35.000 euro jasoko ditu; hitzarmenak urte bat iraunen du, eta urtero berritzeko aukera izanen dute. Etzi eratuko dute Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko zentroa kudeatzeko fundazioa.

Martxoak 3ko biktimen aldeko ekitaldi bat. JUANAN RUIZ / FOKU
Martxoak 3ko biktimen aldeko ekitaldi bat. JUANAN RUIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 13a
13:10
Entzun

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta Gogora institutuak hitzarmena sinatuko dute bihar. Hala jakinarazi zuen elkarteak joan den astean, eta gaur baieztatu du Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako sailburuak. Elkartearen erranetan, lankidetza hori funtsezkoa da Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko zentroa eratzeko proiektuan parte hartzeko. Melgosaren hitzetan, berriz, hitzarmenak «oinarriak ezartzen ditu elkarlanerako, argi eta garbi beharrezkoa den elkarlan baterako».

Bi erakunde horien hitzarmenaren helburua lankidetza sustatzea da, eta baliabide material historiko eta dokumentalak jartzea biktimak oroitzeko zentroa eratzeko. Horretarako, elkarteak 35.000 euro jasoko ditu, eta urte bat iraunen du hitzarmenak; urtero berritzeko aukera jaso dute. «Hitzarmenarekin, elkarlan, babes, informazio eta aholkularitza oinarriak finkatuko dira», zehaztu du Melgosak.

Oroimen zentroa gauzatu gabe dago oraindik, baina etzi aurrerapauso bat emanen dute, hura kudeatzeko fundazioa eratuko baitute. Melgosak adierazi du ez dagoela loturarik hitzarmena sinatzearen eta fundazioaren eraketa egun bat geroago egitearen artean: «Ez du inolako zerikusirik». Fundazioa eratuko zelako albistea zabaldu zenean, baina, Martxoak 3 elkarteak adierazi zuen ez zuela horren berri, eta oraindik hitzarmena sinatzeko zain zeudela. Aste batzuk geroago iritsi da hitzarmena.

Fundazioaren eraketan, lau erakundek parte hartu dute: Gasteizko Gotzaintzak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Lehenak eraikina erabiltzeko baimena emanen du, eta gainerakoek hiru milioi euroko inbertsioa eginen dute, eraikina zaharberritzeko. Melgosaren erranetan, lau erakunde horietako kideak egonen dira fundazioaren patronatuan, baita Memoria Gara-ko eta Martxoak 3 elkarteko kideak ere. Zehazki, Juan Ibarrondo eta Txema Flores izanen dira Memoria Gara-ko bozeramaileak, eta Nerea Martinez eta Arturo Val del Olmo Martxoak 3 elkartekoak.

San Frantzisko eliza

Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan eraikiko dute gunea, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile hil zituen lekuan: Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Mari Martinez Ocio eta Bienvenido Pereda. Greba egunak ziren, eta milaka langile batzar bat egiten ari ziren eliza hartan; poliziek negar gasa bota zuten eliza husteko, eta, gero, tiroak eta kolpeak jo zizkieten elizatik atera ziren langileei.

Martxoak 3 elkarteak 25 urte beteko ditu aurten; eta 2026an 50 beteko dira 1976ko gertakarietatik. Memoriari bizirik eusteko lanean, elkarteak bisita gidatuak antolatzen ditu Zaramaga auzoan. Iaz 67 egin zituen, eta 2.905 lagunek parte hartu zuten, inoiz baino gehiagok.

«Herri honek merezi du benetan bere sentitzen duen oroimenezko bat, eta ez inposatutako bat»

Iritsi da. Denbora luzez itxaroten egon eta gero, bihar sinatuko dute Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta Gogora institutuak lankidetza hitzarmena. Nerea Martinez (Gasteiz, 1983) da elkarteko kideetako bat, eta fase berriari heltzeko «gogotsu» daudela adierazi du.


Nola joan dira orain arteko negoziazioak?
Egia esan, prozesu osoan zehar nahiko baztertuta sentitu gara. Hedabideen bidez izan dugu eman dituzten pauso guztien berri. Haiekin bilerak izan ditugunean, adierazi digute euren asmoa zela komunikatzea, lankidetza koordinatzea eta elkartea kontuan izatea, baina hurrengo pausoetan konturatu gara ez zirela beren hitza betetzen ari: ez gintuzten kontuan hartzen pausoak emateko orduan.

Jokabide horien adibide da memoria zentroa kudeatuko duen fundazioaren eraketaren berri hedabideen bidez izan zenutela?
Bai, baina ez hori bakarrik: haiek ezetz esan zuten, posta elektronikoz abisatu zigutela. Baina hori ez da egia. Salaketa horren ondorioz jarri dute behingoz martxan hitzarmena.


Noiztik zegoen geldirik hitzarmena sinatzeko proposamena?
Azaroan bilera bat izan genuen Gogora institutuko zuzendariarekin, Aintzane Ezenarrorekin. Berak proposatu zigun aurreko urtearen bukaeran sinatzea hitzarmena, baina guk ezetz esan genion: ez zeukan zentzurik hilabete baterako hitzarmena sinatzeak, eta urtarrilean berriro ere berritu behar izateak. Horregatik, esan genion urtarrilean egitea iruditzen zitzaigula egokiena, baina orduan sinatzeko jakinarazpenik ez genuen jaso, ezta otsailean egiteko ere. Salaketa egin genuenean bai, orduan jarri ziren gurekin harremanetan, eta esan ziguten aurrera jarraitzen zuela hitzarmenak.

Haiek eskaini zizueten martxoan sinatzea?
Guk eskatu genuen. Izan ere, guk Martxoaren 3ko asanbladan esan genuen hitzarmena sinatzea baldintza bat zela memoria zentroa eratzeko prozesuan parte hartzeko. Horregatik, Gogora-koei esan genien ezen, martxorako hitzarmena sinatuta ez bazegoen, sentitzen genuela, baina asanbladan planteatu beharko genuela zer egin. Horri erantzutean eman ziguten data.


Zergatik da hain garrantzitsua hitzarmena sinatzea?
Hasieratik esan dugu hitzarmen hau sinatzea ezinbestekoa dela memoria gunea sortzeko prozesuan koordinazio, aholkularitza eta partaidetza esparru egonkor bat bermatzeko. Adostu dugun hitzarmena ezinbestekoa da oroimenezkoa eraikitzeko lan metodologia partekatua ezartzeko: partaidetza prozesua gertatzeko bermea da.

Azkenean iritsi da. Zer espero duzue fase berri honetan?
Orain arte, gauzak ez dira egin behar ziren moduan egin: ez da komunikazio egokirik egon, eta biktimak ez dira aintzat hartu behar zuten moduan, baina espero dugu hemendik aurrera hori aldatzea. Herri honek, Gasteizek, merezi du benetan bere sentitzen duen oroimenezko bat, eta ez inposatutako bat. Horretarako, ganorazko parte-hartze prozesu bat egin behar da, elkarteek parte hartu behar dute, eta herri eragileek ere bai. Badakigu ez dela erraza, eta ez dugu espero dena guk nahi dugun bezalakoa izatea, baina behintzat gure iritzia entzun dezatela: elkarrizketa sanoa izatea eta ados jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.