Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa gauzatu gabe dago oraindik ere. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan eraikiko dute, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile hil eta dozenaka zauritu zituen lekuan. Greba egunak ziren, eta milaka langile batzar bat egiten ari ziren eliza hartan; poliziek negar gasa bota zuten eliza husteko, eta, gero, tiro egin eta kolpeak eman zizkieten elizatik atera ziren langileei. Martxoak 3 elkarteak urtearen balantzea egin du, eta uste du datorren urteak «benetako aurrerapenen urtea» izan behar duela, oroimenezko zentroa sortzeko.
Dagoeneko hainbat ikertzailerekin jarri dira harremanetan, talde tekniko bat osatzeko. Talde horren lana izango da memoria ondarea berreskuratzea eta babestea, eta artxiboak dokumentuz hustea. Talde teknikoa lanean hasiko da, Gogora institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatu eta gero. «Aurreikuspenak betetzen badira», zehaztu du Martxoak 3 elkarteak, «2024ko lehen asteetan jarriko da martxan, bi urteko atzerapenarekin». Zentroa «denbora luzeegian» geratuta egon dela salatu dute.
Martxoak 3 elkarteak eta erakundeek desadostasun handiak izan dituzte oroimenezko zentroaren inguruan. Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak aurtengo otsailean onartu zuten erakundeek —Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak— urtarrilean bidalitako proposamena, eta, hala, zentroaren korapilo nagusia askatu zen. Martxoak 3 elkarteak hasieratik esan du halako proiektu bat «bideraezina» dela biktimen parte hartzerik gabe.
martxoaren 3an hildako langileak
Francisco Aznar.
Romualdo Barroso.
Jose Castillo.
Pedro Mari Martinez Ocio.
Bienvenido Pereda
Martxoak 3 elkarteak 25 urte beteko ditu 2024an; 2026an 50 beteko dira 1976ko gertakarietatik. «Mende erdiko mugarria gero eta hurbilago dago, eta hausnarketa partekatua merezi du», elkartearen arabera. Partekatua, «proiektua bultzatzeko konpromisoa hartu zuten erakundeen eta hainbat hamarkadatan memoriari bizirik eutsi dioten gizarte eragileen artean».
Memoriari bizirik eusteko lanean, Martxoak 3k bisita gidatuak antolatzen ditu Zaramaga auzoan. Aurten 67 egin ditu, eta 2.905 lagunek parte hartu dute, inoiz baino gehiagok. Bisitari gehienak Gasteizko ikastetxeetako ikasleak izan dira, baina baita Euskal Herriko beste leku batzuetako taldeak eta herritarrak ere. Nazioarteko bisitariak ere izan dituzte: Alemaniako, Irlandako, Italiako eta Portugalgo taldeetakoak.
Aurten hil dira Faustina Chaparro eta Diego Aznar. 1976ko martxoaren 3an poliziek hildako Romualdo Barroso Chaparroren eta Francisco Aznar Clementeren ama eta aita, hurrenez hurren. «Zoritxarrez», Martxoak 3 elkartearen iritziz, «ez dira azken urteotan joan zaizkigun Martxoaren 3ko protagonista zuzen bakarrak; denbora gure kontra ari da». Horregatik, uste du premiazkoa dela lehentasunak eta metodologiak ezartzea, Martxoaren 3ko memoria ondare osoa dokumentatzeko.