Nerea Kortajarena (Donostia, 1974) Eusko Legebiltzarreko eledun izateko aukeratu zuten aurreko astean EH Bilduko militanteek, koalizioaren Mahai Politikoaren proposamena babestuta. Aurrez, hura Gipuzkoako zerrendaburu izatea ere onetsi zuten. Kortajarena jakitun dago koalizioa «momentu gozoan» dagoela, eta kanpaina «luze» bezain «ilusionagarria» ardaztu dezaketen zenbait aferaren inguruan aritu da.
Maddalen Iriartek Eusko Legebiltzarra uztean, zuk hartu zenuen bozeramaile postua. Oraingoan, Mahai Politikoak proposatu zaitu hasieratik.
Ardura handi bat da, oso polita eta motibagarria, oso ziklo politiko berezia baita hau. Konbentzitua nago oso proiektu potentea daukagula, eta horrelako komunitate baten bozeramaile aritzea pribilegio gisa bizi dut.
Hain justu, legebiltzarrean hitz egin zenuen azken aldian galdera bat egin zenion Urkulluri, eta ziklo politikoa zenuen hizpide. Lehendakariaren erantzuna, baina, gogorra izan zen.
Uste dut oso gauza egokia galdetu niola, ea herritarrek egindako mandatuak izan behar ote duen gobernabidean oihartzunik; zehazki, estatus politikoaren bueltan, konbentzituak baikaude mandatu abertzalea izango dela. Abertzalea eta ezkerrekoa. Eta horri erantzuteko ezintasunak eraman zuen horrelako zakarra izatera.
Eta nolakoa izan da, oro har, Jaurlaritzarekiko harremana?
Ezin esan daiteke kooperazioan oinarritutako erlazio bat egon denik. Bozeramaile bezala, Urkullurekin ez dut alde horretatik hartu-emanik eduki. Gobernantza ereduari dagokionez, ez da izan legealdi bat non ulertu den kolaboraziorako garaiak direla.
Orain, inkestek lehia estua aurreikusten dute EH Bilduren eta EAJren artean. Honek badu garrantzia kanpainari erreparatzerakoan?
Uste dut inkestek erakusten dutela badela EH Bilduren goranzko joera kontsolidatu bat, ez dena koiunturala. Inportantea da ondo interpretatzea zer garrantzi historiko duen momentuak. Hortik aurrera, nork irabazten duen baino garrantzitsuagoa da jakitea nola artikulatuko den legebiltzar berria herritarrek ematen diguten mandatu horri erantzuteko. Inportanteena da gai izatea herri agenda eraldatzaile bat aktibatzeko, eta horren bueltan beharrezko solaskidetzak eraikitzeko.
«Konbentzituak gaude mandatua abertzalea izango dela. Abertzalea eta ezkerrekoa».
Nolanahi ere, badirudi EAJ-PSE gobernu batek jarraitzea ahalbidetu dezaketela zenbakiek. Bada alternatibarik?
Esku artean ditugun erronkak epe ertain eta luzera begirakoak dira, eta kolaborazioa eskatzen dute. EAJren eta PSEren arteko aliantza horrek, baina, ez du helburu argirik. Agerikoa izan da legebiltzarrean eztabaida estrategikoak sortu direnean; ez dute proiektu amankomunik. Alderdi interesak batzen ditu, eta statu quo bat mantentzeko saiakerak. Baina, momentua da herri mandatua jasotzeko, eta mandatu hori agenda eraldatzaile bilakatzeko.
Anduezak EH Bildu gobernu ekuaziotik ezabatu nahi izan du zuzenean, iraganaren inguruko «ibilbide etiko bat» eskatuta.
Deigarria da horrelako eztabaidak nola agertzen diren kanpainetan. Uste dugu ibilbide hori kontrastatua dagoela. Edonola ere, Anduezak argitu behar du ea herritarren mandatua beteko duen. Eta argitu beharko du ea beraiek itxita ote daukaten EAJrekin akordioren bat, eta ea horri erantzuten dioten halako esanek.
Kanpainaurreko ardatzetako bat da etxebizitzarena. EH Bildukoek alokairu publikoa ezarri duzue auzi horri erantzuteko elementu zentralen artean.
Hala da, uste dugulako badagoela nahi bat herritarren artean ere. Bizitza proiekzioak aldatu egin dira, eta aldaketa kultural bat gertatzen ari da. Eta, daukagun arazoaren tamaina ikusita, oso argi dugu alokairuaren aldeko hautuak sendoa izan behar duela etxebizitza eskubide subjektibo izatea bermatzeko. Bi norabidetan kokatzen dira gure neurriak: eskaintza handitzera bideratutako proposamenak, eta prezioak mugatzera bideratutakoak.
Zuek egindako proposamenen artean, Pradalesek ohiko etxebizitzen gaineko kenkaria ezabatzea jarri du jomugan. Hor bada ereduen arteko talka bat?
Eztabaida ideologikoa da. Guk oso argi dugu, etxebizitza eskubide subjektibo bat den heinean, hura bermatu behar dugula. Eta argi dago EAJk etxebizitza jabetza terminoetan planteatzen duela. Segur aski, horregatik bozkatu zuten 2015ean [EAEko] Etxebizitza Legearen kontra, eta horregatik izan dute izandako jarrera estatuan onartutako etxebizitza legearekin. Hor ere, bi gobernukideen arteko desadostasunak agerikoak dira.
Hain zuzen, auzi honen ardatzetako bat da Espainiako Etxebizitza Legearekin gertatzen ari dena. Kezkatzen zaituzte horren eraginak? Martxan dira tentsio handiko gune izendatzeko eskaerak.
Kontuan hartzen badugu herritarren erdiak baino gehiago bizi direla tentsio handiko guneetan, uste dut arazo handia dugula. Proposamenen aurrean, aitzakia beti izan da Madrildik legea etortzen zenean jarriko zela martxan. Orain, legea iritsita, aitzakia eskumenen inbasioa da. EAJk argitu behar du ea zergatik ez dituen alokairuen prezioak mugatu nahi.
«Osakidetzaren gainbehera bada politika publikoetan anbizio nazionala galdu izanaren paradigma».
Beste kezka nabarmen bat osasungintzarena da. Baina non jarri behar da begirada?
Osakidetzak baditu bi arazo nagusi. Batetik, osasun sistema guztiak tenkatu dituzten arazoak ditu: gizartearen zahartzea, pandemia bera... Bestetik, kudeaketari lotutako arazoak daude: planifikazio falta baten, kontratazio politika okerren eta pribatizazioaren ondorioak pairatzen ari gara. Osakidetzaren gainbehera bada gure zerbitzu publikoen gainbeheraren eta politika publikoetan anbizio nazionala galdu izanaren paradigma.
Eta zer proposatzen du EH Bilduk?
Proposamen sorta zabala aurkeztuko dugu, Osakidetza berriz ere zutik jartzeko. Batez ere, epe ertain eta luzerako planifikaziorako neurriak aurkeztuko ditugu, kontratazioari begira hartu beharrekoak, lehen arreta indartzekoak, profesionalak Osakidetzara eta lehen arretara erakartzeko neurriak, pribatizatuta dauden zerbitzuak publikora ekartzeko proposamenak.
«Anbizio nazionala» aipatu duzu. Arlo sozialak indar hartu duen honetan, ez ote da bigarren mailan geratu nazio auziari dagokion eztabaida?
Eusko Legebiltzarreko eztabaidan, kaxoi batean geratu da, izoztuta. Eta gure ustez, legealdia hastearekin batera aktibatu egin beharko litzateke, mandatu abertzale bat jasoko dugulako. Martxan jarri behar dugun herri agenda eraldatzaileak ezinbestean burujabetza behar du. Uste dut lau urte hauek horretan oso pedagogikoak izan direla; gure bizitzan ezinbestekoak diren erabakiak hartu ahal izateko burujabetza falta dugu.
Abertzaleen arteko akordio batek izan behar du estatus berri baterako oinarria?
Desiragarria da adostasun zabala izatea, baina mandatua abertzalea izango da.
Madrilera begira, nola heldu afera honi behin hauteskunde tartea igarota?
Nazio aitortzari eta plurinazionaltasunaren auziari heltzeko aukera ireki da. Adostasunak lortu behar ditugu hemen, gero Madrilera joateko. Nik ez dut ulertzen Madrilgo eztabaida egin daitekeenik alderdi baten logoarekin. Hemen adostasun zabalak lortu behar ditugu, eta legebiltzarreko lau paretak gaindituta lortu behar ditugu; herritarrak protagonista izanik.
Ertzaintzaren zenbait ekintzaren ondorioz, polizia eredua eztabaidagai bat da, baina ez da gaiaz askorik hitz egin legebiltzarrean. EH Bilduk zer norabidetan zuzendu nahi du eztabaida?
Saiakerak egin ditugu, baina ez da aukerarik izan. Baina, uste dugu egin egin behar dela. Inor gutxik ukatu dezake arazo bat dugula, eta soseguz, lasaitasunez hitz egin behar da behar eta nahi dugun polizia ereduaren inguruan. Guk gertuko polizia demokratiko bat nahi dugu.