Martxan da Miarritze eta Baiona arteko Tram'busa

Autoen erabilera murriztea du xede garraiobide berriak; bizikletan doazenenen segurtasun falta salatu du Bizik

Jendea Tram'busean sartzen, atzo. GUIILAUME FAUVEAU.
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BAIONA. Tram'bus garraiobide hibridoaren lehen linea funtzionatzen hasi da. BAM Baiona eta Miarritze lotuz, hamar minutuko maiztasunaz arituko da. Orotara, orduko 1.600 pertsona garraia ditzake, eta bi puntetan doako aparkalekua egokitu dute. Lehen lineak Baiona-Angelu-Miarritze eremua indartuko du, eta asmoa da datorren urtean aurkeztea garraiobide beraren bigarren linea: Baiona eta Tarnose (Landak, Okzitania) artekoa.

Euskal Elkargoak jakinarazi duenez, garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoz sortutako garraio sarearen parte da garraiobide hibridoa. Izan ere, Ipar Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %83 kotxez doa lanera, garraio publikoaren erabilera oso murritza izanik.

Bestalde, Bizi mugimenduko kideek Tram'busaren zenbait gabezia salatu dituzte. Batetik, hibridoa igaro dadin, BAM eremu osoan berritu behar zituzten errepideak, baina salatu dute zenbait lekutan ez direla baldintzak errespetatu. Kasurako, Miarritzeko Victoria Erreginaren errepidean ez dute autoen pasabidea murriztu bizikleten ibilbideei lehentasuna emateko. Horrez gain, ohartarazi dute hasieran Tram'busak ibilbidearen %80 izango zuela ibilbide propioa, eta, azkenerako, proportzio hori murriztu egin da. Ondorioz, Bizikoek uste dute posible dela garraiobide berriak herritarren ohituretan eraginik ez izatea; besteak beste, erabiltze posibleek ikusiko dutelako kotxez azkarrago mugitzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.