Donostia eta Irun (Gipuzkoa) arteko bidea trenean egin daiteke berriz ere. Abuztuan AHT abiadura handiko trenaren obrak azkartzeko asmoarekin, Renfek 24 egunez eduki du etenda bi hiri horien arteko zerbitzua.
Bitartean, bidaiariek autobusez egin behar izan dute geltoki batetik besterako ibilbidea. Denera 2.500 bidaia baino gehiago egin dituzte autobus horiek, trenek izan ohi dituzten ordutegietan. Beste zerbitzu batzuk ere baliatu ahal izan dituzte erabiltzaileek azken hiru asteetan: Renferen zerbitzua etenda egon den egunetan, Euskotrenen erabili ahal izan dituzte Renfeko bonuak eta txartelak.
Azken asteburuan, gainera, bidea itxita egon da Hernaniraino (Gipuzkoa), lehen asteburuan bezala —abuztuaren 3an eta 4an—. Adifek, Espainiako trenbide azpiegituren enpresak, hilabete hau baliatu nahi izan du obrak egiteko, bidaiari gutxien ibiltzen den garaia delako eta lan edo ikasketa kontuengatik trena erabiltzen dutenak gutxiago direlako.
Laster, berriz etenda
Azken asteetakoa ez da Donostia eta Irun arteko ibilbidea etengo duten azken aldia. Aurreikuspenen arabera, iraileko asteburu batean ere ez da erabilgarri izango zerbitzua, eta datorren urteko abuztuan hiru asteko etena egingo dute berriz. Dagokionean jakinaraziko du Adifek zehazki zer egunetan izango den hori.
Baina, zehazki, zertarako dira obrak? Nagusiki, Loiolako (Donostia) eta Kaputxinoak auzoko (Errenteria) tunelak handitzeko, haietan hirugarren haria deitzen diotena sartu ahal izateko. Hartatik egingo dute Astigarraga (Gipuzkoa) eta Irun arteko tartea abiadura handiko trenek, aldirikoekin paraleloan. Aurrez, Gaintxurizketan (Lezo) eginak dituzte antzeko lanak. Gipuzkoan, berez, datorren urtearen erdialderako egon beharko lukete amaituta AHTaren trenbideak hartuko dituzten plataformak.