Gladys saria

Martxan da II. Gladys saria, ingurune digitaleko emakume gazteei zuzenduta

Sariketak ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte euskaldunak bilatzen ditu.

Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesarekin, bigarren urtez jarraian antolatu dute. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 4a
15:26
Entzun

Martxan da II. Gladys saria. Lehenak izandako arrakasta ikusita, Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesarekin, bigarren urtez jarraian antolatu dute. Sariketak euskal ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte euskaldunak bilatzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan aurkeztu dute sariketa, eta, antolatzaileez gain, Danobatgroup industria taldearen eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzako arduradunak izan dira bertan. Azaldu dutenez, «haien ibilbidea aitortu, proiekzioa sustatu, eta mundu teknologikoan erreferente berriak sortzeko eta gazteenen artean STEAM bokazioak sustatzeko asmoz» antolatu dute aurtengoa.

Gladys saria 40 urtetik beherako emakumeei zuzenduta dago. Egitasmoan parte hartzeko, bi modu daude: batetik, interesa duen edonork bere hautagaitza aurkez dezake, eta, bestetik, hirugarren pertsona batek beste pertsona baten hautagaitza aurkez dezake. Izena emateko epea ekainaren 20ra arte egongo da zabalik proiektuaren webgune ofizialean.

Irakurri gehiago: Gladys sariak sortu dituzte, ingurune digitaleko emakumeak saritzeko

Egitasmoaren bidez, emakume teknologikoen lana saritzeaz gain, neska gazteak eremu digitaletan sar daitezen sustatu nahi dute, Puntueus fundazioko Lorea Arakistainek azaldu duenez: «Euskal erreferente berriak sortu nahi ditugu». Olatz Arbelaitz Informatika Teknikoko Fakultateko ordezkariak nabarmendu duenez, azken urteetan, informazioarekin eta teknologiekin lotutako ikasketetara hain emakume gutxi hurbiltzeak –%15etik behera egon dira Gipuzkoan eta mundu osoan– «eragin zuzena du» etorkizunean arlo digitalera bideratuko diren emakumeen kopuruan.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak Gladys sariaren garrantzia azpimarratu du, eta proiektuaren bultzatzaileak zoriondu ditu; izan ere, haren ustez, horrelako ekinaldiak «ezinbestekoak» dira emakumeek zientziarekin eta teknologiarekin lotutako lan eta ezagutza eremuetan duten presentzia urriari buelta emateko.

Lehenengo sariketan, 23 hautagaitza aurkeztu ziren, eta «oso maila handia izan zuten» erakunde antolatzaileentzat, azaldu dutenez. Beraz, guztiek bat egin dute «luzerako etorri den sariketa» bat dela.

Ane Iturzaeta Agirrek lortu zuen lehen postua iaz; haren «ibilbide eta proiekzioa» saritu zuten. Iturzaetak Informatikako Ingeniaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Microsoften egiten du lan. Besteak beste, #MakeWhatsNext egitasmoan parte hartu du, eta Zientziari So proiektuko enbaxadorea izan da. Epaimahaikideek «motibazioa, etorkizunera begirako proiekzioa, eginiko ibilbide profesionalaren aniztasuna eta gazteekin egindako dibulgazioa» azpimarratu zuten.

Irakurri gehiago: Ane Iturzaetak irabazi du lehenengo Gladys saria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.