Garraioa

Martxan da Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapena

Lehen eguna du gaur tranbiaren adar berriak. ELAk eta LABek protesta egin dute ETSko langileek hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatzeko.

Gasteizko tranbia, gaur, Salburua auzotik igarotzen. GASTEIZKO UDALA
edurne begiristain
2023ko apirilaren 11
11:25
Entzun

Gasteizko tranbiaren adar berria martxan da jadanik. Gaur du lehen eguna: 06:15ean ekin dio Salburutik Gasteizko erdialdera arteko bidea egiteari. 2,5 kilometro ditu, eta bost geltoki berri Salburua auzoan: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Linearen luzapenari esker, Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoen eta hiriaren erdialdearen, hegoaldearen eta iparraldearen arteko konexioa hobetu nahi dute.

Tranbia Salburura iristeko obra egiteko, 70.000 metro karratu lur publiko berritu behar izan dituzte, eta 25 milioi euro inguru inbertitu. Inbertsioaren %65 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, eta beste %35 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. Tranbiaren bideekin batera, bizikletentzako bideak ere egin dituzte.

Euskotrenen kalkuluen arabera, 30.000 lagunek erabiliko dute adar berria. Salburua auzoan 20.000 lagun inguru bizi dira gaur egun.

ETSko langileen protesta
Tranbiaren adar berria inauguratu duten egun berean, Euskal Trenbide Sareko (ETS) langileek elkarretaratzea egin dute Salburuko geltokian, ELAk eta LABek deituta. Bi sindikatuek gehiengoa dute enpresa batzordean, eta salatu dute ETSko langileek hitzarmenik gabe jarraitzen dutela. Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpe dagoen erakunde publikoaren zuzendaritza egon dute negoziazioen «blokeoaren» erantzule.

Bi sindikatuek gogorarazi dutenez, euren aldarrikapen nagusien artean daude erosahalmena berreskuratzea, sailek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko adina lanpostu sortzea, eta hitzarmeneko lanpostuen barne sustapenean aukera berdintasuna bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.