Martxan da Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapena, bost geltokirekin

25 milioi euro kostatu da, eta 30.000 lagunek erabiltzea espero dute. ELAk eta LABek salatu dute lan hitzarmena blokeatuta dagoela

Salburuaren eta Gasteizko erdialdearen arteko ibilbidea egiten duen tranbia. GASTEIZKO UDALA.
edurne begiristain
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gasteizko tranbiaren adar berria martxan da jadanik. 06:15ean ekin zion Salburutik Gasteizko erdialdera arteko bidea egiteari, atzo, lehenengoz. 2,5 kilometro ditu, eta bost geltoki berri Salburua auzoan: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Linearen luzapenari esker, Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoen eta hiriaren erdialdearen, hegoaldearen eta iparraldearen arteko konexioa hobetu nahi dute.

Tranbia Salburura iristeko obra egiteko, 70.000 metro karratu lur publiko berritu behar izan dituzte, eta 25 milioi euro inguru inbertitu. Inbertsioaren %65 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, eta beste %35 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. Tranbiaren bideekin batera, bizikletentzako bideak ere egin dituzte.

Euskotrenen kalkuluen arabera, 30.000 lagunek erabiliko dute adar berria. Salburuan 20.000 lagun inguru bizi dira gaur egun.

ETSko langileen protesta

Tranbiaren adar berria inauguratu duten egun berean, Euskal Trenbide Sareko (ETS) langileek elkarretaratzea egin dute Salburuko geltokian, ELAk eta LABek deituta. Bi sindikatuek gehiengoa dute enpresa batzordean, eta salatu dute ETSko langileek hitzarmenik gabe jarraitzen dutela. Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpe dagoen erakunde publikoaren zuzendaritza egin dute negoziazioen «blokeoaren» erantzule.

Euren aldarrikapen nagusien artean daude erosahalmena berreskuratzea, sailek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko adina lanpostu sortzea, eta lanpostuen barne sustapenean aukera berdintasuna bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.