Martxan da Ernai, ezker abertzalearen gazte taldea

«Gatazkaren konponbidean» eta Euskal Herri «independente, sozialista eta feminista» lortzeko bidean lan egingo duBozeramaileek konpromisoa hartu dute «egungo sistema bertan behera uzteko»

Ernai gazte antolakundeak Lizarrako (Nafarroa) frontoian egindako kongresuaren une bat, atzo. JUANAN RUIZ / ARP.
edurne elizondo
Lizarra
2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Ernai da gazteria». Mezu hori zabaldu du ezker abertzaleak Lizarran, jaio berri den bere gazte taldearen eskutik. Ernai gazte antolakundeak Nafarroako herri horretan egin zuen atzo kongresu eratzailea, «gatazkaren konponbidean» eta Euskal Herri «independente, sozialista eta feminista» lortzeko bidean urratsak egin nahian. Hamaika gazteren, Sorturen, LABen eta EPPK-ko mintzaideen bitartekaritzaren ordezkarien aurrean aurkeztu zen Ernai. Amaiur eta Bilduko hautetsiak ere bertan ziren.

Izar Mendigurenek aurkeztu zuen ekitaldia, eta, harekin batera, antzezlan motz baten bidez azaldu zuten gazte taldea sortu arteko Zukgua prozesua Ernaiko hainbat kidek. Oholtza gainera igo ziren, gainera, LABeko Ainhoa Etxaide, Sortuko Joseba Alvarez eta EPPK-ren mintzaideen bitartekari Oier Gonzalez. Hirurek gazte talde berriko kideak zoriondu zituzten, lehenik eta behin. Gonzalezek «tortura eta espetxea ezagutu duten gazteak» izan zituen, bereziki, gogoan, eta gazte mugimenduak duen garrantzia nabarmendu zuen.

Ildo berean mintzatu zen Etxaide. «Egungo egoeraren aurrean, Euskal Herriak aldaketak behar ditu. Eta egun jokoan dago aldaketa horiek nork erabakiko dituen. Gazte mugimenduak egiten baditu aldaketa horiek, Euskal Herriak behar dituenak izango dira», erran zuen.

«Euskal errepublika nahi dugu; sozialista, euskalduna eta feminista», erran zuen, azkenik, Alvarezek. Helburu hori lortzeko gazteek egin dezaketen lana nabarmendu zuen. «Estatutik etorriko den errepresioari» aurre egin beharko diotela erran zien, eta ohartarazi zuen, gainera, «barruko» arriskuez: «Ez dezatela taldea hartu burokraziak, komunikaziorik ezak eta parte hartzea sustatzeko zailtasunek».

Irudia eta bozeramaileak

Gonzalezen, Etxaideren eta Alvarezen solasaldien ondotik, musikak hartu zuen Lizarrako pilotalekuan prestatutako oholtza. Musikak eman zion segida ekitaldiko momentu nagusiari: ordura arte tapatuta egondako erakunde berriaren izena eta logotipoa erakutsi zituzten.

Bozeramaile izanen diren bost gazteak ere irten ziren jendaurrera: Maialen Etxeberria (Iruñea), Aitor Anda (Gasteiz), Gotzon Elizburu (Soraluze, Gipuzkoa), Irati Sienra (Bilbo), eta Mikel Button (Hondarribia, Gipuzkoa). «Euskal Herria eraikitzeko eta egungo sistema bertan behera uzteko» konpromisoa hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.