Musika

Martxan da BERRIA Aretoa: Jon Basagurenen kontzertua, ikusgai

Kultura agenda ia osoa bertan behera utzi du koronabirusaren zabalpenak Euskal Herrian, eta horri zirrikitu bat eman nahi dio BERRIAren areto digitalak. Sortzaileen emanaldiak izango dira ikusgai egunero.

BERRIA
2020ko martxoaren 16a
18:21
Entzun

Kultur sortzaileentzat leiho bat zabaldu du BERRIAk, koronabirusaren ondorioz kultur agenda bertan behera geratu ostean: martxan da BERRIA Aretoa. Egunero izango dira ikusgai kultur sortzaileen emanaldiak: besteak beste, musikarienak, aktoreenak eta ipuin kontalarienak. Ikusgai da lehen saioa, Jon Basaguren musikariarena. Bi emanaldi izango dira egunean: bat 10:00etan eta bestea 18:00etan.

Mahomak mendira joaterik ez duenean, mendia eraman behar Mahomarenganaino. Hori dio esaera zaharrak, eta, hain zuzen, hori da BERRIA egunkariak martxan jarritako proiektuaren helburua. Kultur ekitaldiak bertan behera geratu dira koronabirusaren eraginez, eta BERRIA sortzaileen etxeraino sartuko da, haien sorkuntza hedatzen jarraitzeko: sofatik mundura.

Diziplina ugaritako sortzaileen plaza izango da BERRIA. Besteak beste, kontzertu digitalak emango dituzte Anarik, Morauk, Birkitek, Eneritz Furyakek, Amorantek, Aguxtin Alkhatek, Iker Laurobak eta Leire Letuk; haurrentzako tailer bat emango du Mursegok; Mikel Martinezek eta Dorleta Kortazarrek ere egingo dituzte emanaldiak, Jon Maia dantzariak ere bai, eta Txakur Gorria taldeak parte hartzeko proposamen bat ekarriko du.

Zerrenda haziz joango da egunez egun, eta egunez egun emango du BERRIAk programazioaren berri. Proposamenak bidaltzeko atea irekita dago: [email protected] helbidea dago horretarako eskura. Artisten proposamenak jaso, eta BERRIA jarriko da haiekin harremanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.