Martxa jendetsu batek «sozialismora batzeko» beharra aldarrikatu du Altsasun, GKSk deituta

Gazte Topagune Sozialistan milaka gazte elkartu dira ostegunetik gaur arte, «faxismoaren aurrean, iraultza sozialista» erreibindikatzeko. Ohartarazi dute «Euskal Herrian alternatiba sozialista indartzen» jarraituko dutela.

GKSk eta IAk deitutako manifestazioa, gaur, Altsasun. JON URBE / FOKU
GKSk eta IAk deitutako manifestazioa, gaur, Altsasun. JON URBE / FOKU
xabier martin
Altsasu
2024ko azaroaren 2a
20:00
Entzun

Ostegunetik gaur arte egindako Gazte Topagune Sozialistak egunotako ekitaldirik jendetsuena ukan du, arratsaldean: Gerraren eta faxismoaren aurrean gazteok sozialismora batu lelopeko manifestazioa. Foruen Plazatik abiatuta, gazte ugarik osatutako martxa Altsasuko (Nafarroa) kaleetan barna ibili da, gazteak «sozialismora batzeko» dei eginez. GKSk eta IAk deitutako manifestazioa Iortia plazan amaitu eta gero eman dute mezu politikoa antolatzaileek. «Olatu erreakzionarioaz eta testuinguru belikoaz» aritu dira, eta, horri aurre egiteko, gazteek zer egin beharko luketen: «Sozialismoaren aldeko ideia eta borroka grina hedatu».

«Ez da kasualitatea joera eta proiektu atzerakoiak hedatzen joatea Europa osoan zehar, baita Euskal Herrian ere», esan dute GKSko eta IAko ordezkariek. Ohartarazi dute «hainbat indargune» topatzen dituztela joera erreakzionario horiek: «Kapitalismoaren krisialditik eta ezkerreko alderdien ezintasunetik elikatzen dira», batetik, eta «proletarizazioak dakarren atsekabeaz probesten dira», bestetik.

Halaber, hizlariek kezkaz azaldu dute «eskuin muturreko alderdi eta kolektibo guztiek» badituztela zutabe ideologiko komun batzuk: «arrazakeria zein matxismoa» eta «kapitalismo autoritario baten aldeko apustua». Eta abisu eman dute mugimendu sozialista ez dela begira geratuko: «Ez diogu utziko joera horri indarra hartzen herrian».

Gazteak eta miseria

Ostegunaz geroztik Topaguneko kanpalekuan zeudenei beste hainbat eta hainbat gazte batu zaizkie martxa hasi baino ordubete lehenago. Altsasuko erdiguneko tabernetan lan franko egin dute kafeak ateratzen, lauretatik aurrera. Tabernetan eta kalean, euskara izan da nagusi, gipuzkerarekin batera bizkaiera, nafarrera eta lapurtera. Autoz eta autobusez iritsitakoak gazteak izan dira, oso gazteak asko eta asko.

Manifestazioa hasterako, «gora iraultza sozialista», «antolakuntza komunista» eta «borroka da bide bakarra» oihukatzen hasi dira. Banderak ere izan dira manifestarien eskuetan, bandera gorriak gehien-gehienak, eta Palestinako batzuk ere bai.

Martxa bukaeran egindako hitzaldian azaldu dute «faxistek emakumearen defentsaren bandera» hartu nahi dutela, «emakumea berriro ere objektu pasibo bihurtzeko», eta ez dutela hori onartuko: «Emakumeok sozialismoaren aldeko borrokan lehen mailako agente bilakatuko gara». 

Arrazakeriari dagokionez, berriz, «immigrazioaren aurkako ideia baztertzaileei eta praktika faxistei» aurre egiteko beharra azpimarratu dute. «Politikari profesionalek immigrazioaren auzia ikuspegi baztertzailetik enfokatzen» dutela gaineratu dute, eta horrek ondorioak dituela, «Trintxerpen edo Donostian ikusi den bezala». GKSren eta IAren arabera, gazte langileen «etsaiak» ez dira miseria hutsean bizi direnak: «Miseriara kondenatzen gaituzten horiek baizik: enpresariak, politikariak, poliziak...».

GKSren arabera, gazte langileen «etsaiak» ez dira miseria hutsean bizi direnak: «Miseriara kondenatzen gaituzten horiek baizik»

Horiek horrela, Gazte Topagune Sozialistaren antolatzaileak geroaz aritu dira, «Euskal Estatu Sozialista» helmuga dela. «Adin, genero, erlijio eta jatorri ezberdineko langileak sozialismoaren borrokara batu daitezen konpromisoa dugu. Euskal Herrian alternatiba sozialista indartzen jarraituko dugu, eta Euskal Estatu Sozialistaren norabidean egingo dugu».

(ID_14397370) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-11-02, Altsasu. GKS Topaketak, manifestazioa
Altsasuko manifestazioa. JON URBE / FOKU

Bestalde, salatu dute Mendebaldeko estatuek «gerraren aldeko hautua» egin dutela. Hautu hori «zuzenean loturik» dago «kapitalismoaren krisiarekin», haien ustez. «Oligarkiek, pribilegioei eta dominazio posizioari eusteko, gerrak abiarazten dituzte», esplikatu diete entzuleei; bai eta «politika kriminal horren ondorioak langile klaseak» pairatzen dituela ere.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.