Gure Esku-k mendi martxa bat antolatu du Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeko eta erabakitzeko eskubidearen alde egiteko, Herri Libre Bat dinamikaren barruan. Maiatzaren 25ean egingo dute. Bi zutabe irtengo dira: bata Azkainetik, Lapurditik, 09:00etan; bestea Beratik, Nafarroatik, 10:00etan. Asmoa da eguerdian Larhun mendian bat egitea, eta bertan masta luze baten muturrean «urrunetik ere» ikusiko den ikurrin erraldoi bat jartzea. Auzolanean egin nahi dute ekimena, eta horretarako abiatu dute dirua biltzeko kanpaina. Argibideak webean topa litezke.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren arabera, Larhun mendi erreferentziala da: Nafarroa Garaiaren eta Lapurdiren artean, Piriniotako mendebaldeko muga markatzen baitu. «Euskal Herria zatitzen duen mugan dago Larhun, mugaz gaindi bizi den eta muga elkargune bihurtu duen herri zahar honen bihotzean. Bertan jarriko den ikurrinak garrantzi sinboliko berezia izango du, erakutsiko baitu mugaren alde batean zein bestean nazio bera dagoela, Euskal Herria: hizkuntza, kultura eta historia propioak dituen herri bat, zazpi lurraldez osatutakoa, beti bere burua gobernatzeko borondatea agertu duena eta etorkizuna libre erabaki nahi duena».
Izan ere, Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailearen esanetan, «Larhunen alde batera eta bestera bi estatu daude, Espainia eta Frantzia, baina bada nazio bat haien gainetik salto egiten, berezko taupada duena. Herri anitza dugu, zazpi lurraldez osatutakoa, errealitate ezberdinak dituena, eta guri dagokigu, euskal herritarroi, gure eta gure lurraldeen arteko harremanak artikulatzeko modua erabakitzea. Hori defendatuko dugu Larhunen maiatzaren 25ean».
Ekainaren 7rako berotzeko
Hori guztia festa giroan egin asmo dute; eguerdiko ekitaldiaren ostean, Azkainen elkartuko dira denak jai eta ospakizun giroan. Maiatzaren 25eko ekimenaren bidez ekainaren 7koa berotu asmo dute. Jadanik dozenaka herri batzorde lanean ari dira ekainaren 7an Bilboko kaleetan Euskal Herria irudika dadin. Ziklo politikoan «jauzi» bat egiteko garaia dela uste dute, eta herritarrak jauzi horretan laguntzeko eragile aktibo bihurtzea dute xede.