Bilbo hegoaldeko saihesbidea AP-68 autobidearekin lotzeko lanak Bolintxuko haranari eragin diezazkiokeen kalteak saihesteko, Supersur Handitzeari Ez plataformak manifestazio batera deitu du otsailaren 29rako. Proiektua geldi dezakegu oraindik lelopean abiatuko da martxa, Bilboko Arriaga plazatik (18:30), eta udaletxerainoko bidea egingo du. Bidean, eskatuko dute «kautelazko neurri gisa obrak geldiarazteko». Besteak beste, Ahal Dugu-k eta CCOOk eman diote babesa.
Plataformako ordezkariek agerraldi bat egin zuten atzo manifestazioaren berri emateko, eta kezkaz mintzatu ziren proiektuaz; izan ere, uste dute lanek «eragin larria» izango dutela Bolintxu errekako uretan eta haraneko drainatze sarean, «baita babestuta eta mehatxupean dauden landaredian eta faunan ere». Batez ere, autobide berriak Bolintxu harana zeharkatzeak eragin du herritarren eta talde ekologisten kezka: Bilbo inguruko eremu natural garrantzitsua da Bolintxu, eta kontra azaldu direnek uste dute lanek kalte handiak sortuko dituztela inguru hartan.
Plataformak gogorarazi zuen egitasmoaren ingurumen eraginaren adierazpena 2017an iraungi zela. Horren aurkako helegitea aurkeztua du epaitegietan, eta hura ebatzi arte lanak etetea nahi du. Langileek beharrean jarraitzen dute, ordea, eta plataformak ohartarazi du «tarte labur batean prozesu atzeraezin bat» izan litekeela: epaileak helegitea onartzea baina obrak gauzatuta egotea. Bizkaiko Foru Aldundiak espero du konexioa abian egotea 2023ko hasierarako.
Martxa bat egingo dute otsailaren 29an, Bolintxu «kalteetatik» babesteko
Supersur Handitzeari Ez plataformak deitu du protestara. Ahal Dugu-k eta CCOOk, besteak beste, atxikimendua adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu